Generalean lehen premiako gauzak saltzen ez dituzten dendek itxi egiten dute arratsaldez: altxariak, elektrizitatea, paper dendak, liburu dendak eta abar. Besteak, janari- (eta are gehiago edari-) dendak eta arropa dendak, adibidez, maiz irekita egoten dira.
Kasu: uztailaren 7a jai da (ze jai? San Fermin, zera!) eta dena itxita dago. Kosta ala kosta denda bat behar izaten baduzu, zazpian Atarrabia, Uharte, Barañain eta Burlatako dendak irekita daude (eta bai bankuak ere). Horiek Iruñea inguruko herri handiak dira, ia-ia auzoak. Iruñean gasolindegiak besterik ez dira irekita egoten eta janari dendaren bat, goizez. Gainerakoak, eta bai postetxea, telefonoak, eta erakunde ofizialak, itxita daude.
Iruñean hiru hipermerkatu handi daude, hiriaren inguruan: Eroski eta Leclerc -erdigunetik kanpo- eta Mendebaldea auzoko Carrefourra. Ttikikako komertzioa baino merkexegoak izaten dira zenbait gauzatan, baina kantidade handia erosi behar ez baduzu, ez du benetan merezi haraino joateak. Normalean hobe da auzoko denda ttikietan erostea: erosoagoa da eta tratua ere gozoagoa (tokien arabera).
Aurrezki kutxek goizez irekitzen dute, 9etatik 2etara, larunbatean ere bai. Badira batzuk arratsaldean ere zabaltzen dutenak (sukurtsalen bat), baina hobe da goizez joatea. Uztailaren 7an itxita daude baina, esan bezala, Uharte, Atarrabia eta Burlatakoak irekita. Jai egun batean ezin da dirurik trukatu Iruñean, salbu eta agian hotelen batean, baina segurantziarik gabe.