Plaza honetan bertan, beste egun bateko eguerdian, euskal herri kirolaren erakustaldi handi bat egiten da: aizkolariak, harrijasotzaileak, txinga lasterrak, korrikalariak, sokatira, etab. Inoiz gutxitan izaten da hemen bezalako aukera euskal herri-kirolaren hainbeste agerkari toki bakar batean ikusteko.
Media Lunako parkean hainbat egunetan eguerdi aldera euskal ikuskizunak izaten dira: bertsolariak, txistularien alardea. Ordu horretan bertan, baina Sarasate Pasealekuan jota emanaldiak izaten dira zenbait egunetan. Eta egunero arratsaldeko 20'30ean Iruñeko etxe erregionalen dantza eta musika taldeak (andaluziarrak, extremadurakoak, galegoak e.a.) aritzen dira Takonerako Basotxoan. Estatuko folklorearen mostra zabala.
Azienda feria ere izaten da, uztailaren 7an, goizeko 7etatik 15,00etara, Osasunaren futbol estadioaren gibelean dagoen Garitón de Ripalda izeneko tokian. Ez da berez ikuskizun bat, baina igoal balio du: aziendaburu mordoa, espezie guztietakoak, batez ere behor azienda, eta nonahitik etorriak (Iparraldetik, Andaluziatik, Gaztelatik eta abar) hementxe elkartzen dira saldu eta erosteko. Oso polita da. Eta hemen izaten den giza azienda ere oso ikusgarria da batzuetan. Behorrik behar ez baduzu ere, merezi du feriara hurbiltzeak.