Gutxiago geriatzen da ...

camisetas

© Jon Dimis

Bilatu non


Izarpean

DIRU ASKORIK EZ BADUZU, edo barrenak hala agintzen badizu, sanferminetan libre da izarpean lo egitea: nahi baduzu, nekeak non harrapatu eta hantxe etzatea daukazu, zure zerritasun maila zenbatekoa den. Oro har jendeak parke bat bilatzen du bere hezurrak belarretan botatzeko.

Lapurreta beldur handirik ez dago: makina bat jende egoten da lurrean lo. Dena den, hobe da taldean jartzea bakarrik baino, batez ere toki bakartu samarra aukeratzen baduzu. Lo egiteko, Gaztelugibeleko parkea da hoberena: handiena da eta festatik hurbil dago, baina ondo-ondoan ere ez (burrunba gutxiago, beraz). Redín aldean ere (Zaldi Zuri edo Caballo Blanco ostatua, alde horretan) badira belardi batzuk, harresi gainean, txukun askoak. Libre da hor lo egitea, baina kasu: harresiek hamar metro baino gehiagoko jauzia dute hor eta bat baino gehiago erori egin da hortik. Ez dago argirik, eta arriskutsua da, batez ere moxkorrik heldu bazara, gauza nolabait erran gerta-erraza. Debaldeko belar gehiago ere baduzu Redínen azpiko aldean, Frantziako Ataritik atera eta eskuin.

Alde zaharretik hurbil Media Lunako parkea dago, oso toki trankila, baina belar gutxikoa. Badira beste belardi egoki batzuk, alde zaharretik urrutiago eta trankilago. Alde zaharretik at dagoena eta lasai samarra, Donibane eta Ermitañaga auzoen artean: Baguada.

Nolanahi ere, lo zakuak mesede handia eginen dizu: gauak fresko samarrak izaten dira. Tapiz (“esterilla”) batek nabarmen handitzen du erosotasuna. Bueno, ez dizugu kanpin ikastarorik eman nahi.

Gauza jakin bat behintzat beharko duzu izarpean lo egin baduzu: dutxa eta bainugela publikoak . Bi dutxa daude: bat Eslava kalean (Eslava z.g., 948 22 17 38), alde zaharrean; dutxatzeko aukera dago. Antoniutti parkeko bainugeletan bada molde bereko bertze zerbitzu bat.

Izarpean lo egin behar baduzu, izugarri probetxuzkoa izango duzu, zure gauzak bertan altxatzeko, sanferminetarako San Frantzisko karrikan jartzen duten kontsigna (948 21 24 80), turismo bulegoaren ondoan.

Arratsalde batean bainu bat edo dutxa bat hartu nahi baduzu patxada ederrean, bada igerileku bat baino gehiago alde zaharretik hurbil. Merkeenak eta gomendagarrienak Arantzadiko udal igerilekuak dira, Arantzadiko gibelean. Oinez jauzi batean joaten da, Frantziako Ataritik atereaz. Tel. 948 22 30 02. Sarrera nahiko merkea izaten da eta instalazio guztiak erabiltzeko eskubidea eskaintzen dizu: igerilekuak, sauna, kiroldegia, dutxak etab. Eskuoihalak alokatzen dituzte.

Alde zaharretik oso hurbil dagoen beste klub bat: Club Natación, Argaren bazterrean. Jaitsi zaitez Labriteko aldapatik eta bertan duzu. Klub pribatua da, garestigoa beraz. Hemen ere instalazio guztiak erabiltzen ahal dituzu eta eskuoihalak alokatzen dituzte.