Sanferminak bete betean bizi nahi izanez gero, komenigarria izan daiteke, zaila izanen den arren, norberaren gorputzak onartzen duen alkohol kopurua nondik nora dabilen jakitea. Bestenaz, horrelako festa handi batzuetan ohikoa den moduan, batek baino gehiagok kale bazterretan botata edota hospitalean ematen ditu hainbat ordu. Hori ekiditeko, sanferminetan zaila eginen ez zaizuen aukera bat, ongi jatearena alegia, antidotorik ezin hobea izanen duzuela.
Edaten hasita, bestalde, parranda orduak luzeak direnez tragoak dosifikatzea ongi egon liteke eta, denok dakigun moduan, ahalik eta nahasketa gutxien egitea mesedegarria izanen da urdaila gehiegi ez matxakatzeko eta biharamuneko bestondoa arintzeko. Ez ahaztu gero, sanfermin festek bederatzi egun irauten dutela eta guztiak disfrutatu egin behar direla.