Alde zaharretik at gauero zenbait ikuskizun antolatu ohi zituen aspaldi Iruñeko Udalak, musikaren ingurukoak eta ordaintzekoak. Ez ziren sobera garesti eta ongi samar egoten ziren. Jada ez ditu antolatzen eta Iruñeko zenbait elkarte pribatuk hartu dute lekukoa. Garesti samarrak izaten dira eta ez horren onak. Beno, ekitaldien arabera.
Antzerki eta kale animazio taldeak ere izaten dira, gau eta egunez, euren ikuskizunak han eta hemen eskaintzen. Jende mordo bat biribil batean ikusten baldin baduzu, hurbildu ziurrenik ikuskizunen bat izanen delako. Merezi du ikusten gelditzeak.
Hamarretan, zezensuzkoa egiten da umeentzat; Santiago plazatik irten eta Estafeta etaMercaderes karriketan barna ibiltzen da. Zezen itxurako tramankulua kalea gora eta behera dabil petardoak, suziriak eta sugarrak boteaz. Ikusgarri da eta erretratu onak ateratzeko parada eskeintzen du. Ez dago arrisku handirik, txinparta batek atorra erretzea ez bada.
23.00 Ziudadela, Bueltalkastillon. Egunero, gaueko hamaiketan, ordu erdiko su artifizialak egoten dira ziudadelatik. Merezi du egun batean ikustea: nahiz egun batetik bestera alde handia egoten den, Iruñeko su artifizialak onak izaten dira eta gustora asko egoten da belarretan etzanda zerura begira.
Ikusteko, parte zaharretik ateratzea onena, barrenean beti egoten baita teilatu puskan bat ikustea trabatzeko. Joan zaitez Ziudadela aldera (mapa) eta non iruditu ongi ikusten dela, hantxe gelditu. Toki ona, konparazio, Bueltakastilloko parkea da, belarretan esertzeko edo etzateko modua dagoelako.
Ez dago denborarekin joan beharrik: ez da toki problemarik izaten eta.
2000tik aitzina Nazioarteko Sanferminetako Su Artifizialen Lehiaketa egiten da eta bertan festetan parte hartzen duten piroteknia etxe guztiek parte hartzen dute. Txapelketa honetako irabazleak hauexek dira:
2000. Pirotecnia Zaragozana (Zaragoza)
2001. Pirotecnia Pablo (Cangas del Narcea-Asturias)
2002. Vicente Caballer (Godella-Valentzia)
2003. Vicente Caballer (Godella-Valentzia)
2004. Ricardo Caballer (Godella-Valentzia)
2005. Vicente Caballer (Godella-Valentzia)
2006. Vicente Caballer (Godella-Valentzia)
Gauero parte zaharrean eta inguruetan hainbat berbena debaldeko izaten dira, aire zabalean: urtero aldatzen dira lekuz. Hoberena urteko egitarau begiratzea da.
Parte zaharretik oso gertu berbena tradizional bat egoten da, tradizionala eta arrakasta handikoa (eta debaldekoa) Antoniutti parkean(24'00ean). Musikaren kalidadeak gora behera asko izaten ditu baina aldizka oso jende ona izaten da. Begiratu programa. Antoniuttin, gainera, feriako txiringito pila bat egoten da jateko eta edateko. Bertze berbena batzuk Gurutze plazan (23'30ean), Sarasate Pasealekuan (20'30etan), Foruen Plazan (rock eta D'j musika 0'30etan) eta Compañía Plazan (jazz musika 0'30ean) izaten dira.
Tabernen edo berbenen alternatibatzat barrakak dituzu; hola esaten diegu Vuelta del Castillon montatzen den feria edo jostaparke bati. Gau osoan egoten da irekita eta munduko barraka guztiek daukatena dauka: abildade jokoak, tonbolak, zaldikoak, txokeko autoak, noria izugarriak, tren txu-txu bat eta batez ere klase guztietako aparatu erraldoiak, jendea matxakatu, xehetu, txirtxilatu, kaskaildu, zentrifugatu edo gora eramanda behera amiltzekoak: oso gauza txarra alkohol gehiegi barrendu duen estamu batentzat. Klaro ageri dira horren mostrak aparatuen inguru guztian.
Barrakak giro ona dute eta ongi daude taberna hutseko kontuaz pixka bat deskantsatzeko.