Gutxiago geriatzen da ...

camisetas

Bilatu non


Jarauta

Hemen etxekoon festa izaten da: Iruñekook beti hementxe elkartzen gara azkenean, ordu batean zein bestean.

Urte guztiko tabernez gain, ia edozein toki edaritegi bihurtzen da: txarangak, klubak, ultramarino dendak... etb. Kalera ematen duen zuloren bat duten guztiak tragoak saltzen aritzen dira. Jarauta gazte giroa izaten da (hogeita hamar urtez behera edo), baina hemen ere, esan bezala, denetatik dago. Sanferminetako peñen egoitza gehientsuenak hementxe daude.

Musika ikaragarri desberdina da: euskal rocka, baltsak, mexikarrak, flamenko arina, saltsa, pop-a, jotak eta batez ere merkatuko zaborreri guztiak. Kale puska handiak erotu beharrean aritzen dira dantzan tabernetako musikarekin.

Merezi du giro hau dastatzea. Gainera peñak ordu txikiak arte kurritzen dituzte kaleok musika joaz. Ez hemen bakarrik, jakina, baina hemen gehiago (peña gehienxkoenek, erran bezala, Jarautan daukate lokala).

Jarauta, bestalde, kale saltzaileen erresuma da: edozer zabor erostea dago hemen, urrea balitz bezalako prezioan: lepokoak, gorratxoak, antiojuk, zintzilikariak, guardasolak, pelukak, zer nahi eta huraxe salduko dizu noredonork. Jatekoa ere salduko dizute, jakina, kalidadez eta osasunez ezin igarrizkoa: noiz ona, noiz pozoin hutsa. Normalean gurpildun gurditxo batzuk -badaezpada munipak baldin badatoz- izaten dira, metalezko xafla batekin, saltxitxak, txorizoa eta bertzelakoak egiteko. Orduen arabera oso desiragarriak izan daitezke, baina jan ostean bat baino gehiago saltzailearen ama eta aitarekin akordatu egiten da.

Sanfermin ezagutu nahi baduzu, ezin joango zara Jarauta aldera agertu bat egin gabe. Jendez gainezka eta borborka egotea, hori du txar bakarra. Baina inguruko kaleak ez hainbeste, eta egunak pasa ahala gero eta gutxiago.