Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Sanfermin hitzaren sinonimoa bila nezan zaunka egin zidan zakur atezainak.

Zure iruzkina



Zoo-festa

01/06/2008.

Argazkia dakusazuen zakurra bart aurkitu nuen, kalean. Probetxuzko zakur orori derrigorrezkoa zaion jardunbidean: atezain.

Jakinik, gainera, gaurko nuela Nabarreriako leihoa zabaltzeko hitzordua, zakur atezain zintzoak Sanfermin hitzaren sinonimoaren bila abia nedin zaunka egin zidan. Egin beharrekoak garaiz egiteko beti ere. Etxera iritsitakoan idazteko gaia izatearren hain zuzen. Sanfermin hitzak hiztegiaren orrialdeetako batean hozka eginez gero, bere aldamenean toki hartuko lukeen elearen bila jardun nezan manatu zidan preziski. Halatan agertu zitzaizkidan hurrenak: anarkia-tradiziozkoa, zalaparta-gurina, askatasun-zirrika, festa-zopa, zezen-kiratsa, ardo-maluta, hirin-sudurra, jota-kirtena eta herio-tentazioa.

Gehiagorik ere bazegoen balizko hiztegiaren lerroetan aurrera, baina hondarreko hauek urrutiegi jotzen zuten Sanfermin hitzaren sinonimonizazio ahalean. Hain urrutira, ezen ezinezkoa zen ia kasik Sanferminen arrastorik bertan antzematea. Ikusi, adibiderako, honakoa: uzta-hila.

Arren, hiztegiaren proposamen guztietan batek jo zidan begia gehien. Zoo-festa zioen harek alegia.

Izan ere, huraxe hautatu nuen Sanferminen sinonimorik sinonimoenerako.

Zakurrak atea zaintzen jarraitzen zuen bidenabar. Mutu. Egurrezkoa eta gezurrezkoa izaki-eta. Alderantzizkoa gertatzen baita gurean Sanferminen arrimora. Hots, zer eta animaliarik aldrebesenen berpizkunde sasoia delako uztailaren 6tik aurrerakoa, eta hortaz zoo-festarena. Nahiz eta baden ere aldi berean anarkia-tradiziozkoa, zalaparta-gurina, askatasun-zirrika, festa-zopa, zezen-kiratsa, ardo-maluta, hirin-sudurra, jota-kirtena eta herio-tentazioa.

Hau guztia, eta gehiago.