Paella hau sukaldatu zuenak lau hamarkada daramatza Vancouverren, Kanadan. Izan ere, Francoren hatzaparrak sahiesteko gogoz sukaldariak alde egin baitzuen Iruñetik, Kanadaraino. Eta pinuen zerratzaile bilakatu zen ogibidez, pinuak zerratuz dirua mukuratu baitu honen antzeko paella ia kasik igandero sukaldatzen duen honek.
Kontua da Nanaimo geltokitik hurbil duen bere etxeko sotoan igandero-igandero paella sukaldatu ohi duen honek herriminak jota dagoela orduz geroztik. Eta hain dago gaixo, ezen paella prestatzea du bere sendabelarra.
Hurren, garesti ordaintzen duen ardo botilari ahoa zabaldu ohi dio. Eta, noski, egongelako irrati-kasettaren sabelean Sanferminetako doinuen uluak sartu ohi ditu, herriminak jota, negarrari ekinez, bere aste hondarreroko usadioari jarraiki. Izan ere, paella honek ez du gatzaren premiarik, malkoak dituelako gazi.