Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Iluntasuna

Zure iruzkina



Iluntasuna

01/07/2007.

Odola da bizia eta odola da heriotza. Gorria. Beltza. Lehortzen denean, ikatza. Kaka. Bizia eta heriotza, txanpon bakarraren aurpegi biak, nola gaua den egunaren hurrena, egunak iluntzen diren aldioro goizez berriz ere argituko duten antzera. Diotenez. Diogunez. Zera, bistan da jadanik asmatuta dauden esaldien erreka errazean nabilkizuela igerian; oraingoz bederen. Antza denez, idor dut literaturarako ekarria.

Eta odola da Sanferminen ikurra halaber. Berdin sainduaren lepokoan, berdin zezenen zintzur mortuetan, berdin korrikalarien urrats zorigaiztokoenean. Berdin ardo botilaren ipurdian.

Arren, aurtengo Sanferminek nire amaren odola paratuko didate sudurraren puntan. Sendagileek bere burua zerraz zabalduko baitute, amari bertan trabatu zaion odol ozpindua kanpora ateratzeko gogoz. Izan ere, ospitalean emanen ditut uztailaren 6a, eta 7a, eta 8a, eta gainerakoak, bere odola bera bizigarri maileguan eman zidan amaren oheari lotuta. Odola denez bizia. Eta lehortzen denean, heriotz hatzaparra.

Nolanahi ere, ilundu duen egunak gogotsu argitu dezan ostarterik gabeko nire gaineko zerua. San Ferminek entzun dezala nire erregua.