Zein bide hautatu hautua derrigorrezkoa zein aukerazkoa dugunean. Ezker ala eskuin jo. Zuzen jarraitu ala gibelerat itzuli. Hauxe da koxka hautua derrigorrezkoa dugunean. Edota aukerazkoan. Berdin gertatzen da batean zein bestean, askatasunez zein halabeharrezkoan. Paradoxa. Nolanahi ere, aukera oro da koxka. Ataka. Lepoko batean loturik dauden ostra-perlak.
Izan ere, azken aldi honetan, kezka bat itsatsi zait bizkarraren atzean, nola daramaten leihoek gortina, nola pegatzen den mingain tolesduretan arno merkearen orbela. Kezka baitut zein bidegurutzetan hartu ote nuen okerreko hautua. Zein puntutan egin nuen ezkerrera, eskuinera egin beharrrean. Zein gurutzetan tolestu nuen zuzen, atzera okertu ordean.
Azken buruan, zezenaren patuak inbidiak jo nauela oldoztu dut. Zeren, halaxeko kezka niregain abailtzen denean, gustura jardunen nuke bide soil eta bakar baten errail itsuen isobaren agindupean; Santo Domingotik Udal atarira, Merkatarienera gero, Estafetan gora, Telefonikatik, plazaraino.
Ezer aukeratzeko ez dagoenean, bakarra delakoz aukera. Orduan ez dagoenez huts egiteko hutsaren proportziorik.