Haren sorreraren inguruko lehenbiziko agiriak 1913koak dira, nahiz eta 10 urte lehenago, 1903an, kokatzen dutenak ere badiren. Hasiera batean gipuzkoar talde batek (Pedro Ariz, Vicente Arbizu, Irisarri, Galiano, Miguel Etxeberria, José María Salcedo, Agustin Bienes eta beste lagunen batek) osatzen zuen peña, eta, bandurriak, gitarrak eta soinuak jotzen zituztela “betikoak” jartzen zuen pankarta batekin desfilatzen zuten.
Badirudi garai hartan kalean hari instrumentuak jotzen zituen banda bakarra zela, eta handik datorkio izena. Zaletasun horregatik agintariekin liskar bat edo beste izan zuten, zeren jendea haiek entzun eta berehala hasten baitzen dantzan, eta orduan kalean dantzatzea ez baitzegoen bat ere ongi ikusia. Musika bera ere liskarbide izan zen antzinako bi peñarekin -La Marea eta La Veleta-, dagoeneko desagertuak, bi peña horiek alde egitera “gonbidatu” zituzten peñen irteeran agertu ziren estreinako aldian, hari musikak eragotzi egiten zuelako beste bi peña horien musika entzutea.
Hala ere, kide kopurua gehituz joan zen eta gerra zibilean, kideetako asko errepublikarrak zirenez, haietariko batzuk fusilatu egin zituzten. Gerra ondoren, bizitzak dituen paradoxak gero, antzinako kideetako batzuk peña berriz martxan jarri zuten eta peñako harmarriaren inguruan ereinotz-koroa frankista jarri zuten. Gizarte bizitzan moral zorrotza nagusi zen urte haietan La Única peñakoak La Jarana peñakoekin batera beren dantzaldi ospetsua egiten hasi ziren, orduantxe ere liskarrak izan ziren peñakideen artean eta bai agintariekin ere.
70eko hamarkadan peña giro berriz birsortu zen eta lehenbiziko emakumeak parte hartzen hasi ziren, eta berau izan zen peñako presidente emakume bat, Txaro Pardo, izan zuen lehenbiziko peña, emakume bera Peñen Batzordeko presidente ere izan zen.
Gaur egun 157 bazkide helduk eta 70 txikik osatzen dute eta, Sanferminetan areto batez eta txaranga batez denari emanda ibiltzeaz gain, urte osoan zehar elkarte gastronomikoa da, rugby taldea eta eskola ditu eta Boscosen talde pare bat dituzte. Txikienentzako atal bat dute, -haren bidez mendira irtenaldiak eta kanpaldiak antolatzen dituzte- eta bazkide multzoari dagokionez, bazkideen eguna ospatzeko urtean anaitasun-bazkari bat egiten dute eta han txarangak parte hartzen du eta pankartarekin ateratzen dira.
Sanferminak prestatzea lan handia izaten da, batez ere zuzendaritza batzordearentzat, martxotik aurrera hasten baitira abonoak, barrak, prezioak jartzen, zapiak, atorrak, e.a. prestatzen. Sanferminetan zehar aretoa gau eta egun irekita izaten da eta bazkideek bertan bazkaltzeko aukera izaten dute, eta barran lan eginez parte hartzekoa ere bai. Pankarta eta musikariak garaiz irits daitezen eta txarangakoei jaten emateko, e.a. arduradun bat izaten da. Jarduera hauek guztiak bazkideen beraien kuotez finantzatzen dira eta batez ere Sanferminetako barraren bidez, Udalarekiko harremanak gaur egun ez baitira oso errazak. Oraindik ez dute beren web orri propiorik baina www.websanfermin.com , Peñen Federazioko orriaren barruan atala badute.
Fundazio urtea: 1903 - Jantziak: zapia, gerrikoa eta espartinen zintak, berdeak -Iruñeko banderaren jatorrizko kolorea-, eta atorra zuri eta urdin koloreko lauki txikiduna. - Bazkideak: 157 -zerrenda itxia- + 70 txiki -mugarik gabe- - Aretoa: Jarauta 74 - Telefonoa: 948 22 57 28