Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Datorren urtera arte!

15/07/2010. Milaka lagun bildu ziren bart gauerdian "Gaixoa ni!" ekitaldian, aurtengo sanferminei agur esateko

Eskuetan kandela eta Gaixoa ni! edo Pobre de mí! kantatuz Iruñeko Alde Zaharreko karriketan milaka lagun elkartu ziren gauerdian sanferminei agur esateko. Gauerdirako une batzuk falta zirela Yolanda Barcina alkatesa udaletxeko balkoira irten zen bestei bukaera emateko eta kanta herritarra interpretatzeko. Ondoren, kandelak itzali eta amaitu zen jaia.

Horrela, bai bertakoek, bai bisitariek musikaz, ekitaldiez, zezenez eta jai-giroz dotoretutako bederatzi eguneko emozio eta parrandei agur esan die Iruñeak. Aurtengoan eguraldiak behin ere baino hobeki lagundu die sanferminei baina, hori bai, bisitarien kopurua urritu egin dela hauteman da.

Protagonista nagusien artean erraldoi eta kilikiak ditugu, 150. urteurrena ospatu dutelako 2010. honetan. Jaiei beraiek eman zien hasiera uztailaren seian, mundu osoan ezaguna den txupinazoa jaurtiz, eta atzo Iruñeari agur esan zioten, sanferminetan lagungarri izan dituzten haur guztien artean gozokiak partituz.

Karrikako ekitaldiek, musikak eta jarduera kulturalek, bere aldetik, jaiaren muina zezenak bakarrik ez direla erakutsi dute, beste jarduera aunitzekin pertsonak zoriontsu, gustura edo pozik egon daitezkeela frogaturik, are eta gehiago entzierroak azkar eta garbi egin diren honetan, erabateko biktimarik eragin gabe, iazkoaz beste aldera, orduan Daniel Jimeno lasterkari gaztea hil egin baitzen entzierro batean.

Halaz ere eta jaiak ofizialki bukatu diren arren, aunitz dira parrandarekin segitu eta uztailaren 15ko entzierroa, Villavesaren entzierro ezaguna bere kabuz ospatu dutenak. Ekimen horretan, aurreko egunetako zezen-saldoaren ordez, lasterkariak autobus horren aurretik dabiltza urteroko uztailaren 15ean korrika Santo Domingo aldapaz gora.

Iruñeak atseden hartuko du orain baina, hori bai, 2011ko sanferminei indarberriturik abegi egiteko prestakizunetan. Gibelerako zenbaketa hasi da: 356 egun baizik ez dira falta Iruñea bestetan lehertzeko.