Massaoud Sbai el Idrissi marokoarrak irabazi du 2008ko Urteko Giria V. Saria, Kukuxumusu enpresak urtero ematen duena, Iruñeko festa ospetsuei lotutako atzerritarren baten Sanferminekiko atxikimendua aitortu nahirik. Heldu den ekainaren 16an, astelehena, Casablancan izanen da sari ematea.
Kukuxumusuko zuzendari sortzailea den Mikel Urmeneta Marokon egonen da saria emateko. Ekitaldia Al Munya jatetxean izanen da. Bertan, Iruñeko enpresaren ordezkaritza eta saritutakoaren senide eta lagun talde handi bat egonen da.
Massaoud Sbai el Idrissi, 40 urtekoa, Settat probintzian dagoen Beni Meskine herrikoa da. 1994az geroztik urtero etortzen da Sanferminetara, Iruñeko karriketan festaren betiko produktuak saltzera. Kukuxumusuk Massaoudi eman dio saria "lan egiteko eta, aldi berean, Sanferminak gozatzeko gauza diren giriak ere nabarmendu nahi baititu".
Saritutakoa -ezkonduta eta bost seme-alabaren aita- duela 14 urte heldu zen Sanferminetara, saltzaile ibiltari aritzeko. Geroztik, urtero etorri da, sekulan huts egin gabe, hori bai, lan egitera. Betiko osagarri guztiak saldu ditu: plastikozko sugea, megafonoa, globoak, peñako txanoak, eta lepokoak. Hala ere, lastozko kapelak ditu salgai nagusi.
Irria ezpainetan beti, ondoko lekuetan aritzen da gehienbat: Gazteluko plazan, Zezen Plaza aldean, eta Erriberri kalean. Nor den jakitea erraza da, oreka galdu gabe berrogeita hamar kapela eta berrehun lepoko baino gehiago jantzita ibiltzen ahal baita. Iruñekoaz gainera, zezena duten feria anitzetan ibiltzen da: Dax, Baiona, Hondarribia, edo Sevilla.
2007an, lepokoak, megafonoak, eta kapela gorriak izan zituen lagun. Hala ere, oraindik ez daki zein izanen den aurtengo modako jostailua. "Urtetik urtera jendeak gauza berriak eskatzen dizkizunez, erne egon eta eman behar dizkiezu, tiralditik probetxua ateratzeko. Kapelak ez dira sekulan modatik joaten. Duela 14 urte Iruñera etorri nintzenetik, kapelak saldu izan ditut beti", esan du Massaoudek.
Urteko Giria Saria Kukuxumusuk sortu zuen 2004an; hala ere, Kukuxumusuk hamabi urte daramatza urtero Sanferminetan atzerriko bisitariei omenaldia egiteko ospakizuna antolatzen -Giri Day izenekoa‑. Aurtengo Giri Day uztailaren 10an ospatuko da. Ekitaldiaren egunean eginen den bazkarian parte hartuko dute aurtengo sarituak, aurrekoetan izandako sarituek, eta Sanferminetan egon ohi diren marokoarren ordezkaritzak.