© sanfermin.com
Hilaren 15eko entzierroak bukaera eman die aurtengo sanferminetako jai-ekitaldiei, partaidetza arrakastatsu batez. Lasterketa bost minutu eta 10 segundoz luzatu da, zauriturik ez da gertatu ibilbidean eta Santo Domingo aldapako hesiak jarrita egin da (azken urteotan dagoeneko kenduta zegoen alderdi horretako egurteria). Montoi batzuk pilatu dira bidean baina ondorio txarrik gabekoak, Mercaderes bihurgunean lasterkari aunitz erori dira eta Estafetan, berriz, zaletuek korrika-saio ikusgarriak egin dituzte. Gorabeherei dagokienez, Migel Indurain Jotas-i katea Santo Domingon atera zaio baina, dena bere tokian jarrita, aitzina egin du geroxeago.
Sanfermin jaietako amaiera den eta Movimiento 15 de Julio erakundeak antolatzen duen berariazko entzierro honetan bostehun lagun baino gehiagok hartu du parte. Kontuak Estafetan hasten dira goizeko ordu txikietan, egiazko dirudien itxurako saindua daraman prozesio laikoarekin. Ondoren, Txarli tximinoa eta beste hainbat adiskide elkartzen zaizkio eta hori dena amaitzen da entzierroa hasten den tokian, goizeko zazpi eta erdiak aldera. Bidezko kantuak eginez eta puntualtasun ezin zorrotzago baten arabera, "Jaia ez da amaitu Yolik hala nahi baitu" errebindikatzen duen txango xelebreari hasiera emango dion suziria pizten da orduan.
Gaurko egunean ekitaldi gogoangarri aunitz izan dira: 1985eko Urte Berri egunez lasterkari talde bat "jazarri" zuen eta, nahi izan gabe ere, "Villavesaren entzierro" ospetsuaren lehen urratsak egin zituen lehen gidaria Induraini animoak ematera joan da, adibidez. Jesus Perezek Indurain animatu eta Txarli tximinoarekin erretratua egin zuen. Animalia hori izan zen, hain zuzen, entzierroen hasierako suziria botatzen den ohiko lekuraino igo zena, lasterketari hastapena ematera.