2002 urteaz geroztik uztailaren 5ean urtero-urtero, PETA (People for the Ethical Treatment of Animals, animalienganako tratu etikoaren aldeko pertsonak, ingeleseko sigletan) erakundeak lasterraldi ezin orijinalagoa antolatzen du betiko entzierroaren ibilbidean barrena, uztailaren 7tik 14a bitarte goizeko zortzietan egiten den horren ibilbide berean. Entzierroaren aurkako entzierroa da, zeina giza gozamen hutserako animalien erabilpenaren kontrako errebindikazio bilakatzen baita.
Entzierro honetan parte-hartzaileak biluzik joaten direla da deigarriena, edo ia biluzik. Larru gorritan edo kasik. Gauza dibertigarria, jai girokoa eta baketsua denez gero, ospakizunak Gobernuaren Ordezkaritzaren baimen eta guzti izaten du.
Telebista eta egunkarietako azaletan agertzea lortu dute maiz, Iruñean ez baita askotan ikusten gizon eta emakume biluziz osaturiko saldoa karriketan gora eta behera korrika. Gutxika-gutxika zaleak batu dituzte, 2002an 20 lagun ziren eta egun ehunka dira parte-hartzaileak, izan ere.
Ekintza honek Iruñean tradizio bitxi bihurtzeko bidea darama eta batek daki ez ote den agertuko, egunen batean, hiriko festen egitarau ofizialean.
http://www.petaenespanol.com/