Izugarrizko inportantzia
dute hirurek ere. Kabestroak, edo mantsoak, abere
zikiratuak dira, hau da potro gabekoak. Entzierroaren
bidea ongi dakite eta gidari joaten dira zezenekin
plazaraino. Gidari eta lasaigarri, zezenak inguratu
egiten baitituzte. Hauen eginkizuna da zezen bat bakarrik
gelditzea galaraztea, arrisku handiko egoera baita
hori. Horregatik zortzi kabestroko talde bat askatu
aurrena, eta handik gutxira beste hiru askatzen dira,
"isatsa", zezenik atzeratzen edo bakartzen
bada, hura biltzeko. Kabestroak oro har ez dira arriskutsuak
(ez dira jokalariak), baina ongi pizti handixkoak
dira halere, adardunak, zera, eta abaila ederrean
kalean gora abiatuak. Kasu, beraz: zauritu larri bat
baino gehiago izandu da kabestro batek zanpatu edo
bulkatuta. Errespetoko animaliak dira. Haientzat ere
zezenentzat bezalakoxe debekuak daude: ez ukitu, ez
dei egin, eta are gutxiago min egin idiak direla probetxatuz.
Horrek arreta galduaraziko lieke eta ez lukete beren
lana ongi eginen.
Zezentzainak zezentaldearen ondo-ondotik ateratzen
dira, haga luze eta meheak dituztela. Udal plazan
beste talde batek hartzen die erreleboa. Zezentaldea
trinko mantentzeko kargua dute. Gaur egungo entzierro
masifikatuan ezinbestekoak dira. Hagarekin zezenen
norabidea, zuzenbidea eta abiada egokitzen dituzte
eta despistatzea galarazten. Kasu: kupidarik gabe
erabiltzen dute beren haga zezenak gogaitu, trabatu
edo deitzen dituztenen kontra. Hagakada batek kriston
mina egiten du.
Dobladoreak beste lau espezialista dira, zezenekin
plazan aritzen direnak. Beren kapoteen bidez ukuilu
aldera arrastatzen dituzte zezenak eta batenbat atzeratu
edo errebelatu egin bada, hura bidera ekartzen. Haiek
gabe askoz ere istripu larri gehiago egonen litzake
plazan, plaza toki arriskutsua baita oso: lasterkariak
berehala hesira jo ezean erabat zezenen mende gelditzen
baitira.
|