Iruñeak
berez duen kokapen pribilegiatuari esker, Arga ibaiaren
muino baten gainean eta inguruko
arroa menperatuz, antzinatik bihurtu zen gizakien
bizileku. Historialariek uste dute hasierako gunea
agian zeltek erabili zutela gelditzeko gune gisa,
eta ez dago zalantzarik Kristo aurreko 75 eta 74.
urteetako neguan Pompeyo jeneral erromatarraren kanpamendu
izan zela. Horregatik, jatorrizko herrixka baskoia
oinarri izan bide zuen “Pompaelo”ren
fundatzailetzat hartzen da berau.
Galia, Kantauri eta Ebrorako bideen arteko elkargune
garrantzitsua izanik, Pompaelo hazi egiten da benetako
udal erromatar bihurtzeraino, foro, terma eta guzti,
izan ere XI. mendean lortu zuen maila goienekoa. Gero
Katedrala eraikiko zen ingurua hartzen zuen hiriak,
eta zeukan garrantzia inguru horretan egindako indusketa
arkeologikoei esker ikusi ahal izan da. 275. urtera
aldera izan zituen lehen erasoaldi germaniarrak, eta
409. urtean suebo, bandalo eta alanoenak. Hurrengo
mendeetan bisigodoek menperatzen zuten Iruñea,
-apezpiku-egoitza gisa azaltzen da VI. mendearen amaieratik
aurrera- eta VIII. mendetik aurrera botere musulmanak
menperatuko du, eta azken honek, zergak ordaintzearen
truke, hiriko nobleziari erlijio kristaua mantentzea
eta nolabaiteko askatasuna ahalbidetu zizkion.
778. urtean Zaragozarako ibilaldia egin ondoren, Carlomagnok
Pamplonako harresiak hautsi zituen, Chanson de Roland
inspiratu zuen Orreagako porrot latza jasan baino
lehen. Hiru urte geroago Abd al-Rahman I.ak hiria
hartu zuen berriro.
Musulmanen aurka penintsulako iparraldean burutu erasoekin
batera, X. mendearen hasieran benetako erresuma pirenaiko-mendebaldekoa
sendotuz joan zen. Erresuma horren nagusitza hiriko
klan esanguratsuenek zuten, hasieran Pamplona deitzen
zen eta Nafarroa izena hartu zuen XII. mendearen erdialdean.
ERDI AROKO BURGUAK
Abd al-Rahman III.ak 924. urtean Pamplona
suntsitu zuen, orduan herrixka nekazaria zena, Iruñea
eta, geroago, Navarreria izenak hartu zituena. Apezpikuaren
menpean zegoen 1319. urtean koroari transferitu zioten
arte. Sancho Ramirezek (1076) hasi zuen Iruñeko
erregeen politika birpopulatzaileak, Santiagoko Bidearen
garrantziak indarturik, jatorrizko hiriaren ondoan
hirigune berriak sorrarazi zituen. Lehena San Zernin
burgua izan zen, gehienbat frankoak ziren hango biztanle
merkatari eta artisauei. Alfontso I. Borrokalariak
Jakako forua luzatu zien 1129an. Hesiz inguraturik
indarra hartzen ari zen “burguari” XII.
mendearen erdialdean San Nikolas populazioa erantsi
zitzaion, pribilegio berbera jasota, 1189an Nabarreriak
ere hartuko zuena. Hiriaren sarea beste gune txikiago
batzuekin osatzen zen: San Migel burgu txikia eta
aljama judua, Nabarreriaren ondoan, eta nekazarien
"Pobla Nova del Mercat', San Zernin burguko merkatuaren
lurraldean zegoena.
Burguen artean ziren jatorri, interes eta eginkizun
desberdinek liskar ugari sorrarazi zuten hiru burgu
nagusien artean, batzuetan pasarte odoltsuak ere,
Nabarreriaren suntsipena (1276), esaterako. Karlos
III. Prestuak eman zien amaiera gatazka horiei Batasunaren
Pribilegioaren bidez (1423ko irailaren 8an), “hiria”,
“burgua” eta “populazioa”
udal bakar batean betiko elkartzea aldarrikatuz eta
guztiendako alkate, justizia eta epaile komunak emanez.
Une horretatik aurrera “oso prestu” izaera
hartu zuen hiriak, eta ikur finkoa bereganatu zuen:
zelai urdinean lehoia atzaparka duen armarria, erregeek
Katedralean zin egindako sinboloa den koroa gainean.
HIRIAREN HEDAPENA
Nafarroa Gaztelako koroan sartu zen bere
erakunde eta foruak (Burgosko Gorteak, 1515) zituen
erresuma gisa. Ziudadelaren eraikuntzak, 1571n
hasita,
eta kanpoko harresiak XVII eta XVIII. mendeetan
sendotzeak Iruñeak betidanik zuen Pirinioetako
mugako gotorleku izaera baieztatzen dute.
XVIII. mendean eraiki ziren Nafarroako hiriburuko
karrikak edertzen zituzten hainbat jauregi, udaletxea
(1752), alegia, eta Katedralaren fatxada neoklasikoa
(1783). Mende horretan berean modernizatu zuten
hiria estolda sareak (1772), uren hodi sistemak
(1790), kaleetako argiteriak (1799) eta honelako
zerbitzuek.
Hiriak ezin izan zituen saihestu XIX. mendean gertatu
ziren gatazka armatuak. Horrela, bada, 1808an (elurrarekin
jolasten ari ziren artean) tropa frantsesek ustekabean
Ziudadela bereganatu zuten eta Iruñean 1813.
urtera arte iraun zuten. Gero tropa errealisten
setioa gertatu zen Iruñeko goarnizio liberalaren
aurka (1823), eta geroago gudu karlistak (1833,
1872), eta hiria monarkia isabeldarrarekin batuko
zen Nafarroa nekazariaren aurka, hots, Karlos erregegaiaren
aurka, alegia.
HARRESIEN ERAISPENA
Elizaren ondasunen
desamortizazioaren (1836) ondorioz, zenbait komentu
erlijioso eraitsi ziren,
esaterako, Karmelitarrena. Haren tokian eraiki
ziren Diputazioaren Jauregia (1843) eta Antzoki
Nagusia
(1841), gaur Carlos III. etorbidean kokatua dagoena;
Santo Domingoko komentua Ospital Militar bihurtu
zen, eta San Frantziskokoa, eskola.
Joan den mendera arte Iruñea gorantz hazi
zen gehienbat, Erdi Aroko bilbea mantenduz. Baina
hazkunde demografikoak harresien zati bat eraustera
behartu zuen. Lehen Zabalgunea (1888), eta Bigarrena
(1915etik aurrera) eraikitzeko xedez. Hiriaren
garapenak
aurrera egingo du, Hirugarren Zabalgunearekin batera,
inguruko auzoek osatzen duten biribila, Landaben
industriagune eredugarria eta inguruko beste industriagune
batzuk sortuko baitira. Iruindarren bizi kalitateak
berdintsu egiten du aurrera. Horren adierazgarri
dira, besteak beste, ospitale-azpiegitura entzutetsua
eta bi unibertsitate izatea, Nafarroako Unibertsitatea
(1960), Opus Deik sortua, eta Nafarroako Unibertsitate
Publikoa, Foru Legez 1987an sortua.
© Larrión y Pimoulier Editores.
|