Hortaz,
zer nolako hiria dugu Iruñea, jai-denboraz
kanpo? Gainerako hilabeteetan ere hain gauza apartekoa
al da?
Bada egia erran, ez hainbesterako: Iruñea hiri
aski arrunta da, ez oso handia (190.000 bizilagun)
ez oso ttikia, Piriniotatik 50 bat kilometrora, sartaldeko
muturrean.Sanferminik ez balu, oharkabean pasako
litzateke: ez da berezikiederra, ez bereziki itsusia,
baina bai franko atsegina: berdegune mordoa ditu (sanferminetan
ostatu debaldekoa izaten dira), distantziak oso laburrak
dira (edonora oinez joateko modua), hornikuntza onak
ditu (nahiz beharbada kultur kontuan erren antza dabilen),
bi unibertsitate ditu (beno hiru UNEDekoa kontuan
hartuta): bat pribatua eta bestea publikoa, eta gainera,
jakina, sanferminak ditu, zera, ez da txori kaka.
Labur: franko toki ona bizitzeko.
INGURUA
Sanferminez gain, Iruñearen dohairik hoberena
bere kokalekua dukezu seguraski: hiria bera nahiko
normala bada ere, Iruñea ingurua, aldiz, (hots:
Nafarroa) toki deigarria da benetan, batez ere bertako
naturagatik: natura txit aberatsa du eta aski ongi
kontserbatua. Artezaleek ere (adibidez erromanikozaleek)
izango dute hemen beren grina non asea.
Eta gainera jatekoa
ona da.
TABERNAK ETA MARTXA
Taberna eta martxa kontuan,
sanferminak daude, jakina, zerorrek ikusteko aukera
izango duzu; gainerako urtean ere aitortu behar da
ongi hornituak gaudela taberna, pub, kobazulo, elkarte,
soziedade eta edari-saltokien kontuan: hiriaren zenbait
partetan haien dentsitatea izugarria da, batez ere
kanpotarren begitan, zuek ohituta baitzaudete Km2ko
taberna bat izatera. Moxkorzalea baldin bazara, beraz,
Iruñea gustatuko zaizu: besterik egiten ez
dakigu. Dena dela, erne: taberna asko eta martxa asko, egia,
baina sanferminez kanpora ez pentsa hona etorrita
Sodoma eta Gomorra aurkituko dituzunik. Hori, urtean
hamar bat egunez baizik ez da izaten. Eta, gainera,
orduan ere Sodoma eta Gomorra kontu hori ez da erabat
egia izaten: besterik badirudi ere, sanferminetan
badira zenbait portaera
arau, begiratu beharrekoak.
EGURALDIA
Udan bero antza eta lehor antza egiten du, baina uztail
hasieran oraindik aski freskoa izatea badaiteke (nahiko
freskoa: adibidez hamabost graduz behera e uri-egun
batean) eta batzutan euria aritzen du. Bero sapa egitea
ere badaiteke. Urtea nola den.
Dena dela, gauez ez du sekulan bero handirik egiten,
batez ere egunsentiko ordu gaizto horietan, seiak
aldera edo hola. Orduan jendea, alkohol gehiegiak
soraiotuta, hotzari antzik eman ez eta hortxe ibiliko
zaizu bularreko bixarrak bistan daukazkila, ustez-eta
Benidormen dagoen, antza. Gero gerokoak: bigarren
edo hirugarren egunerako hasten dira hutsak, gripe,
mafrundi, marranta eta afoniak direla medio. Ekartzue
jertsei bat; mesede handia eginen dizue eta. Eta euritarako
zerbait ere bai, badaezpada.
HIZKUNTZAK
A!, xehetasun bat: Iruñean espainiera eta euskara
ditugu erabiltzen, baina besteerdaretarako nahiko
moldagaitz gara: inor gutxik daki hemen ongi edo erdi
ongi espainiera ez den beste erdararen bat. Euskaraz
edo espainieraz ez badakizu, ongi pasako duzu, jakina,
baina festaren parte eta gauza asko oharkabean pasako
zaizkizu.

Ikus jakingai
praktikoak denda, banku, ordutegi, diru, sarbide,
aparkaleku, non lo egin, non jan, mediku zerbitzuak,
putetxe, polizia, konfesore, dutxa eta gainerako kontuetarako.
|