PORTAERA
ARAUAK
Iruñea sanferminetan legerik gabeko hiria omen
da, hala uste du askok. Begiratu hutsean, egia, hala
ematen du, baina sakonduz gero, ez da hala, eta komeni
zaizu jakinean egotea: nahiz eta askori bestela iruditu,
sanferminetan ere mugatik pasatzen bazara beste edonon
bezalako fina eginen duzu: kristorenak hartuta edo
komisarian. Bordela hainbestekoa ez dela frogatzeko,
ikusi besterik ez dago gurasoek beren haurrak lasai
asko ateratzen dituztela jendarte parrandero horretara.
Eramaten dituzte, esate baterako, peñen
karrikadantza ikustera "nola dibertitzen
diren", edo dianetara,
ikustera gau-pasa egindakoak. Haurrek ikusten dutena,
egia esateko, ez da oso eredugarria, baina bertako
mozkorra, berez, aski lasaia izaten da: ez dago ia
ia borrokarik, ezta bortxa edo bortxaketarik, orohar.
Zer den zilegi eta zer den debeku bereizten duen marra
ez da beti nahi bezain klaro egoten, eta diferentziak
izaten dira non eta noiz den: sen amini bat erabili
behar da eta zuhur jokatu: dudan, hobe duzu moderatzea
bertako kodeak apur bat ikasi arte.
ZER DEN ZILEGI
Gauza bat badago zilegi dena eta agian debeku
behar luketena: temoso jartzea. Jendea, egia, grazioso
ere jartzen da sanferminetan, baina maiz asko oso
pelma. Sanferminak bezalako egokierarik ez dago edonor
ustekabean harrapatu eta nahi adinako talaka sartzeko,
etxean jasaten ez dizutena. Graziaren eta umorearen
aitzakian, besteak irentsi.
Beste zerbait ere zilegi da: zerrikerian aritzea ezin
gehiagoraino. Erabat zerrituta ere inork ez dizu muzinik
eginen eta lasai sartuko zara toki guztietara: sanferminetako
graziaren parte da hori.
Horrexegatik, aldamenekoa zikintzea ere zilegi da
neurri batean: orohar ez da haserrerik izaten batek
bestea zikindu duelako. Baina kontuz: horretaz eremu
laban xamarrean sartu gara: non eta noiz den. Jende-bilgune
handietan (txupinazoa, riau-riau, etab.) balkoietatik
ura bota, xanpanetan eta bestelakoetan ito, eta denetarik
eginen dizute, eta zezenetan are okerrago. Tabernetan
ere oso ohikoa da gau guztian zehar denetariko hondakinak
erortzea zure gainera. Baina, adibidez, norbaitengana
hurreratu eta pinta bat garagardoa botatzen badiozu
gainetik besterik gabe edo barregure handia ematen
dizulako, hori, berriz, oso eztabaidagarria da: baliteke
boxeadore musuarekin bueltatzea etxera.
Aldamenekoa bultzatzea era libre da, abreki bada ere:
jaiaren parte handi batek hori du mamia. Baina hor
ere marra bat bada ezin pasatuzkoa: tokiz toki mandoa
baino zakarrago joaten bazara mundu guztiaren gainean
eroriaz eta oina non jartzen duzun begiratu gabe,
oso planttakoa iruditzen zaizulako eta oso sanfermineroa,
arriskua duzu bi ostia hartuta etxeratzeko, ongi mereziak.
Gainerakoan, sanferminak oso jai aproposak dira ahobero
eta ahohandientzat: zintzurra urratu, deiadarka ibili,
kristoren kalapita antolatu, kalean lo egin, kakatan
irauli eta antzeko guztiak libre dira erabat, ongi
ikusiak ere bai, ez baduzu aldamenekoa izorratzen
gogo gaiztoz eta graziarik gabe. Batez ere graziarik
gabe.
Grazia baldin badu, egia esan, ia edozein gauza libre
da.
ZER DEN DEBEKU
Hona gauza bat debeku dena: lanean ari direnak
gaitzitzea. Sanferminetan makina bat jende aritzen
da lanean: zerbitzariak, adibidez, inon diren guztiak
agoantatzen dituztenak, udaltzainak, zabor biltzaileak,
zezentzainak eta beste asko, denak lanean guk gure
parranda gustora egin dezagun. Errespetua zor zaie.
Makarra-kontuak, oro har, oso gaizki ikusita daude:
mutur joka ibiltzea, konparazio. Oso gatazka gutxi
izaten dira, zenbateko jaia den kontuan hartuta. Zahar
jendea nahiz umeak erasotzea ere are okerrago.
Jendearen askatasun sexualerako eskubideak ere indarrean
irauten du jaietan, zer ere mozkorra harrapatu duzun:
besteren gorputza ferekatzeko baimena eskatu behar
da. Laster konturatuko zara, ostiak hartzen hasten
zarenean.
Animaliei oldartzea ere gaizki ikusia dago: adibidez
plazako betizuak jotzea. Batzutan kolpe mordo ederrak
ikusten dira horregatik.
Jabetza pribatu nahiz publikoa hondatzeak ere ondorio
txarrak izanen ditu zuretzat: tabernak, edo hiriko
altzariak edo dena delakoa apurtzea.
Zure inguruan kraka eta kaka barreiatzea muga batzuen
barrenean toleratua dago: eguterako zezenketan, adibidez,
berezkoa da, ikuskizunaren partea. Baina ez pentsatu
zilegi denik kaleetan zabor botaka ibiltzea, ez eta
taberna batera zarama botatzea (geuk ikusitakoa) ez
eta gogoa non etorri hantxe pixa nahiz kaka egitea.
Gainera horren beharrik ere ez dago batere: nonahi
egoten dira pixategi publikoak.
Labur: Ez baduzu inor izorratzen, gutxi gora behera
nahi duzun guztia egin daiteke, zein ere izugarria
den.
|