NOLA
JANTZI
¿Zer esan sanferminetako janzkeraz, mundu guztiak
baitaki nolakoa den? Galtza-atorrak txuri, gerrikoa-paineluak
gorri. Horrela janzteko ohitura berri samarra omen
da (mende honen bigarren erdikoa), baina sustrai egin
du, aitortu egin behar da. Dena dela, jende asko horrela
janzten bada ere, jantzi hau ez da erabat orokorra:
bertako askok ere ez du eramaten, eta ez da, jakina,
nahitaezkoa ere. Gustu kontua da. Kanpotarra bazara
eta duda baduzu uniformez joango ote zaren ez ote
zaren, kontuan izan jazkera honek eragozpenak-abantailak
dituela, edo euskara garbiagoan, on-gaitzak.
Nolanahi ere den, xehetasun batzuk jakin behar dituzu:
- Oinetakoak libre dira, araudiak
ez du ezer markatzen. Oinetako tipikoenak (nahiz hauek
ere oso berriak), zinta gorriiko espartin txuriak
dira. Baina inor gutxi ikusiko duzu horrelakoekin.
Politak dira baina ez oso praktikoak: zorua sanferminetan
lohitsu antza egoten da nonnahi eta espartzua arin
demonio bustitzen da. Gainera, ez dira erosoak: oina
delikatua duenari babak egiten dizkiote, eta bestek
zanpatu edo kristaletatik babesteari begira, oinutsik
joatea bezalakoa da.
Deportiboak dira onena. Kontuan hartu zapatek janzkerako
beste edozerk baino gehiago sufritzen dutela. Eginahalean
ez eraman ezer berri-berririk edo garestirik edo hondatuta
pena hartuko duzunik, hondatu egingo zaizu eta.
- Gerrikoa galbidean da, aski deserosoa
delako. Ez askatzeko, badirudi korapilo sekreturen
bat egin behar zaiola, mirakuluzkoa, eta soilik umetan
Jarautako iniziazio zeremonia ilun batzuetan ikasten
dena. Handik pasa ez garenok beti laxoan eramaten
dugu gerrikoa. Kristoren traba.
-Besobeteko hegala duten txapela
gorri mariatxi kutsuko horiek, EZ DIRA SANFERMINETAKOAK,
nahiz kanpotar askok hala sinetsi. Aski afrusak gara,
ezin uka, baina ez hainbesteraino.
- Bertako jendeak bilduta eramaten
ditu galtza barrenak, bi helbururekin:
Astopito zarpailaren itxura areagotzeko, asko kotizatzen
baita sanferminetan. eta Galtza barrenak salbatzeko
arestian errandako lohi-salda traidoretik, gero ezin
garbitu izaten baitira inondik ere; anilina baino
zeragoko tintea, hi.
- Oinarrizko janzkeraz gain, osagarriak
ere badaude. Konparazio batera brusa: oihalezko zamarra
bat da, izterrarainokoa, oso praktikoa eta baliagarria
inguruan dabilkizun kraka-kakaren kontra, egunsentiko
hotzen kontra, edo halako batean gogoa egin eta zintz
egiteko, edo lokietako izerdi hotza xukatzeko entzierroan
sartzen bazara. Finean, edozertarako. Peñek
kolore banako zamarra izaten dute. Peñez kanpoko
jendeak beltza izaten du brusa, kolore zikinestalia.
- Gero milaka zabor klase eraman
daiteke soinean: atorra loredunak, guatinezko batak,
xirak, mexikar kapelak, vikingo adarrak, walkiria
txirikordak, markes pelukak... E.a. Zezenketako eguteran
ikusten da, guk uste, osagarri gehien eta beranduago
Jarauta kalean goizeko ordu txikietan.
Osagarri hauek etxetik ekartzen dira, jakina, edo
bestela kalean erosten edozein izkinatan. Sanferminak
munduko purtzilketari guztien bilgune eta paradisu
dira. Batzuk hemengoak dira eta beste batzuk oso urrutikoak,
konparazio batera makina bat beltz, plastikozko bisuteria
oso arrakastatsua saltzen ibiltzen direnak. Sosa eztabaidagai,
bortxatu gabe beti ere: jendea premia handian egoten
da eta.
|