MOZKORRALDIAK
Zer izanen lirateke sanferminak harrapatzen ditugun mozkorraldiak
harrapatuko ez bagenitu? Goizeko eta eguerdiko bermutak,
bazkalorduko eta bazkalosteko poteak, edota zezenketan hartzen
ditugun tragotxo horiek hartuko ez bagenitu? Batek, daki,
baina seguruenik egun festa hauek duten saltsa eta mundu
gerri osoan sortzen duten erakarpena, neurri batean edo
bestean ezberdina izango litzatekeela; festa ez litzateke
berdina izanen, bistan dena.
Sanferminak hasi eta berehala, uztailaren 6ko goiz partean,
lagun koadrilarekin egiten dugun hamaiketakoa probestuz
edateari ekiten diogu txupinazora joan aurretik. Gero hamabietan
txanpain botila zabaldu eta besteen gainera kantitate handi
bat botatzen badugu ere, tragosko batzuk egiteko parada
ere izaten dugu. Eta momentu horretatik aitzina, batzuek
erraten duten moduan mozkorraldia bakarra izaten da, 6ean
hasi eta 14ra bitartekoa.
Baina errealitate horrek, badu bestelako alde bat ere, gehiegi
edateak sortarazten dituen ondorioena, alegia. Sanferminetan
edatea, maiz lehertu arte edatea, batzuek esan dezaketenaren
kontra, arrunt gauza normala da (jatearekin gertatzen den
moduan). Beste kontu bat da, asko edateagatik lurrean bukatzea,
eta sanferminek eskaintzen dituzten aukera aunitzez gozatzeko
aukerarik ez izatea; hori guztia huts egitea.
Sanferminak bete betean bizi nahi izanez gero, komenigarria
izan daiteke, zaila izanen den arren, norberaren gorputzak
onartzen duen alkohol kopurua nondik nora dabilen jakitea.
Bestenaz, horrelako festa handi batzuetan ohikoa den moduan,
batek baino gehiagok kale bazterretan botata edota hospitalean
ematen ditu hainbat ordu. Hori ekiditeko, sanferminetan
zaila eginen ez zaizuen aukera bat, ongi jatearena alegia,
antidotorik ezin hobea izanen duzuela.
Edaten hasita, bestalde, parranda orduak luzeak direnez
tragoak dosifikatzea ongi egon liteke eta, denok dakigun
moduan, ahalik eta nahasketa gutxien egitea mesedegarria
izanen da urdaila gehiegi ez matxakatzeko eta biharamuneko
bestondoa arintzeko. Ez ahaztu gero, sanfermin festek bederatzi
egun irauten dutela eta guztiak disfrutatu egin behar direla. |