Fermin ETXEBERRIA IRAÑETA
(63 urtekoa, Iruñea). 2003ko
irailaren 24an hilda.
Tartea: Mercaderes
Ganadutegia: Cebada Gago
Zezena: "Castillero"
KRONIKA:
Eskarmentu handiko lasterkariak, 14
urte zituenetik entzierroan laster egin
zuena, Cebada Gago ganadutegiko zezen
baten kolpea jaso zuen Mercaderesko
zatian. Horrek traumatismo larria eragin
zion garezur-entzefaloan. Ospitale batera
urgenteki lekututa, hiru egun geroago
arteria-hipertentsioa jasateagatik ebaketa
egin behar izan zioten. Orduz geroztik
Nafarroako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako
Unitatean egon zen, koman eta aireztapen
mekanikoarekin irailaren bukaerararte.
Hil honen 24an hil egin zen ospitalean
bi hilabete t'erdi pasa ondoren. .
1995eko
uztailaren 13a
Matthew Peter TASIO
(22 urtekoa, Illinois, Estatubatuarra)
Tartea: Udal plaza
Ganadutegia: Torrestrella
Zezena:"Castellano"
KRONIKA:
"Matthew Peter Tasio gazteak Iruñera
lehen aldiz etorri zen urte hartan entzierroan
korrika egin zuen. Lagun batekin Sanferminak
ezagutzera etorria zen Ipar Amerikako
Illinois estatuko 22 urteko mutila eta,
gaua ezagutu berriko iparramerikar batzuekin
eman ondoren, hemendik abiatu baino
lehen, entzierroan korrika egiteko prest
zegoen.
Uztailaren 13 hartan korrikalariz
beteta zegoen entzierroaren bidea. Goizeko
zortzietan zezen taldea ohi bezala atera
zen Santo Domingoko ukuiluetatik, eta
ibilbideari ziztu bizian ekin zionez,
tentsio une batzuk sortu eta mutil mordoak
trabatzen hastea eragin zuen lehenengo
metroetan. Animalia adardunetariko bat,
“Castellano” izenekoa, aurretik
zihoan eta bitartean, metro batzuk gorago,
Udal plazan sartzean, Peter Tasio gaztea,
Udaletxeko espaloiarekin behaztopa eginda,
zutitu nahian zebilen. Orekara une batez
itzulita, lurrera erori zen berriro
Peter Tasio, hesira iristen ahalegintzen
ari zen bertze lasterkari batekin topatzean.
Orduantxe, berriro zutitzen saiatzean,
harrapatu zuen gaztea 575 kiloko lehen
zezen hark. Sabelean adarkatu zuen eta
aorta zaina etenarazi zion; ondorioz
hilko zen gero mutila. Adarkada jasota,
zezen taldetik metro gutxira geratu
zen Peter eseririk, eta ibilbidetik
baztertzen saiatu zen, zapaldua ez izatearren.
Ahal zuena eta ez zuena ahaleginda,
zutik jarri eta hesira hurbildu zen;
han zegoen Gurutze Gorriko postu batekoak
arduratu ziren, eta ahalik eta lasterren
eraman zuten ospitalera.
Zauriak anemia larria sortu eta odolaren
% 90 galarazi zion, Nafarroako Ospitalera
iritsi aurretik ere. Nahiz eta Gurutze
Gorriko taldeak agudo-agudo eraman,
8 minutuan, ordurako konortea galdua
zegoen Matthew Peter Tasio eta oso egoera
larrian. Hartu zuten sendagileak suspertzen
saiatu baziren ere, minutu gutxira hil
zen".
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
"Estafeta karrikan gora sakabanaturik
zihoan zezen taldea, eta zezen plazara
sartzean, kailejoiaren barnean, zezen
batek lasterkari bati jertsea kendu
zion, eta berau adarretik zintzilik
sartu zen plazara, bere inguruan korrika
zituen gazteei ezusteko bat baino gehiago
emanez. Jose Antonio Sanchez adarkatu
ondoren, “Antioquio” zezena
ibilbidea bakarrik egina zegoen, eta,
plazara sartzean eskuinetara jota, Vicente
Risco harrapatu eta eskuineko adarrean
segundu batzuetan zintzilik eduki zuen.
Aske utzi zuenean, gaztea belauniko
geratu zen adarkada jaso zuen sabelaren
ezkerraldea ukituz. Jendea erdi eroturik
zegoen hondarrean eta korrikalari batzuk
Vicente altxatzen saiatu ziren, baina
zezenak berriro eraso zion eta ederki
inarrosi zuen. Berriro aske utzi eta
berriro jo, hilzorian uzteko zauritzeraino.
Plazako erizaindegiko sendagileek ezin
izan zuten salbatzeko deus egin.
Taldeko azken zezenak, segundu
batzuk geroago sarturik, izua sortu
zion jendeari zenbait unetan, zeren
7’30’’ luzetan plazari
bira emanez geratu baitzen, behizainei
eta ukuiluratu nahi zuten mutil batzuei
kasurik bat ere egin gabe. Saiakera
batzuk egin ondoren animalia bakara
joan zen, eta orduan bukatutzat jo zen
Sanferminen historiako entzierrorik
tragikoenetariko bat".
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
1980ko
uztailaren 13a
José Antonio SÁNCHEZ
NAVASCUÉS
(26 urtekoa, Zentronikokoa, Nafarroa)
Tartea: Udal plaza
Ganadutegia: Guardiola Fantoni
Zezena:"Antioquio"
KRONIKA:
"Sanferminen historiako entzierrorik
luzeenetariko batean, 10 minutu eta
55 segundutan, bi gaztek galdu zuten
bizia, zezen berberak adarkatuta, bata
Udal plazan eta bertzea zezen plazan
harrapatu baitzituen “Antioquio”
izenekoak. 33 urte antzinago, “Semillero”
deituriko zezenak hiltzeko moduan adarkatu
zuen bertze bi korrikalari (1947ko uztailaren
10a).
1980ko uztailaren 13ko goizean korrikalariz
beterik zegoen entzierroaren tarte
osoa eta zezenak nekez pasatzen ziren
mutilen artetik. Santo Domingoko ukuiluetan
suziriaren mukiari su eman eta segundu
batzuetara, adardunak aldapan gora
joan ziren eta bukaeran, orduko bainuetxe
publikoen parean, zezen bat irristatu
eta, taldeko gainerakoetatik bereizita,
berauen atzetik joan zen entzierroa
bukatu arte. Udal plazako sarreran,
Casa Seminario ondoan, atzean gelditu
zen zezen horrek mutil bat jo zuen
eta Jose Antonio Sanchez adarkatu
eta metro batzuetan arrastaka eraman
zuen, Mercaderes karrikaraino. Korrikalariaren
lagun batek orduan erran zuenez, zezena
lurrera erortzen eta eskuinetara jotzen
ari zela ikustean, oihuka ohartarazi
zuen Jose Antonio, baina segundu batzuk
geroago bere lagunari nola oldartzen
ari zitzaion zezena eta nola arrastatzen
ari zen ikusi zuen. Nafarroako Ospitaleko
Larrialdi zerbitzuan 15 litroko odol
transfusioa egin behar izan zioten;
goizeko 10:30ean, baina, Jose Antonioren
bihotza gelditu egin zen."
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
“...Espoz y Mina karrikaren parean
zezen hondarretik datozen larritasun
oihuak entzuten dira nonbait, eta garbi
eginen zaizkie azken tarte zuzenean
adarretatik hurbil doazenei, zezen plazara
sartzerakoan, Telefonicatik harantz.
Garrasiak, izua nabari, zezen plazako
ikusleengandik datoz. Kailejoian zer
sortu den ohartu dira, mordoa baino
gehiago traba dena, benetako giza hesia,
hondarraren ertzean berean. Jende zoro
horiek sortu dute, zezenen ondotik korrika
egiteko -animaliak ikusiz eta sentituz-
bihotzik ez bide duten horiek, zenbaitetan,
entzierroa hasi aurretik ere, harea
hori biribila zapalduz, oldarka sartzen
diren talde horiek. Zezenek mutil harresi
handia topatu eta, zauritzeari izuturik
itzuri nahian edo, buru indartsuak altxatu,
eta, bidean aurrera segitzeko asmotan,
giza piloa gainditzeko asmotan, eroriak
zapaldu dituzte. Zalaparta deskribaezina
da, garrasiak burrunbatsuak eta zirrara
txundigarria.
Zezenak, asaldatu eta amorraturik,
iraulkatu dira, eta Silletero izenekoa,
saihetsetan 12 zenbakia daramana -txekorra
zelarik, suz markatu baitzioten-,
agian Telefonica aldeko argi handiagoak
gidaturik, bide beretik atzerantz
jo du. Larritasunez beteriko deiadar
batzuek plazara sartzeko atea ixteko
eskatzen dute eta ziurgabetasuna nagusitzen
da: batzuen ustez, ez du zezen gehiagok
atzera jo behar, eta erreserbako joaldunekin
atzean geratu diren korrikalariek
ez dute giza taldea handitu behar,
eta, bertze batzuen ustez, ordea,
gizonek eta animaliek ez dute, irteerarik
gabe eta nahasiak, kailejoi estuan
egon behar. Hiru aldiz ere ireki eta
itxi da ate sendoa, eta hesietara
abiatu dira, hondarretik kanpo, Miuraren
bertze bi zezen eta, gero, joaldun
batzuk”.
“Sei minutu eskas igaro zen,
sei mende izan bailitzan, zezen taldeak
giza traba topatu zuenetik bi suziri
ozenak, adardunak ukuiluan sartuak
daudela jakinarazten dutenak, entzun
ziren arte. Ohizko ikuskizunaren historiako
gertaerarik tragikoen eta odoltsuenetariko
bat izan zen egun hartakoa; hala ere,
pixkanaka, zaurituak guztiz sendatu
ziren, 17 urteko Jose Joaquin Esparza
izan ezik, hau babesik gabe geratu
zen kailejoian”.
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
1975eko
uztailaren 9a
Gregorio GORRIZ SARASA
(41 urtekoa, Arazurikoa, Nafarroa)
Tartea: kailejoia
Ganadutegia: Francisco Javier
Osborne (Jeréz de la
Frontera -Cádiz) Zezena:"Navarrico"
KRONIKA:
“Etengabe ari ziren burukadaka
zezenak eta Udal Plazan, urrunduriko
gorrixka alde batera utzita, behizainen
ahaleginek ez zuten joaldunek zezenak
inguratzerik lortu, eta Mercaderesen,
hura tontakeria!, mutilek elkar behaztopatu
eta pila bat egin zuten. Ez zuen ondoriorik
izan, baina bobidoei taldea desegiten
lagundu zien horrek zalantzarik gabe.
Estafetara iristean bazuen entzierroak
itxura txarra. Karrikaren erdialdean,
atzetik zetozen bi zezenek gainerakoei
jarraitzeko presarik ez, nonbait, eta
espaloietan etzanda zeuden mutilak handik
kentzen ibiltzen ziren. Ez zen adarkadarik
falta. Kailejoian, zezen plazarako sarreran,
mutil mordo bat trabaturik geratu eta,
askatu ezean -garaiz zenean-, handitu
egin zen. Aurretik zetozen joaldunak,
antzeko egoeretara ohituak, gainetik
pasatzen hasi ziren, giza multzoa saltatuz,
oinkatuz eta zapalduz, zezentokira iristeraino.
Atzetik zetozen zezenek, oztopo haren
aurrean, itzultzea erabaki zuten eta
Telefonicaren tartean errukirik gabe
eman zuten egurra. Zezenak, azkenik,
plazarantz abiatu ziren. Eskuinaldetik
sartu nahi zuten, mutil mordoaren gehiena
zegoen tokitik. Zezen bat aske zegoen,
paretaren ondo-ondoan. Bira egin eta
ezkerraldeko paretarantz joan zen. Han
zen Gregorio Gorriz adarkatu zuen”.
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
1974ko
uztailaren 12a
Juan Ignacio ERASO MARTIARTU
(18 urtekoa, Txantreakoa, Iruñea)
Tartea: Telefónica eta kailejoiaren
artean
Ganadutegia: Herederos de Don Manuel
Arranz (Salamanca)
Zezena:"Palmello"
KRONIKA:
"Juan Ignacio Eraso gaztea Estafeta
karrikaren bukaeratik egina zen korrika,
Fitero tabernatik gutxi gorabehera,
bi zezen atzeratuen aurretik, bi horiez
gain, atzetik geratu zen bertze bat
zetorrela ohartu gabe, beharbada. Plazara
heltzeko bederatzi edo hamar metrora,
egindakoa aski zela pentsatuz edo, gelditu
zen eta, lortu gabe, hesira igotzen
saiatu zen. Arriskua bukatua zelakoan,
bi zezenak pasatzen ikustean, lasaiki
itzuli zen, baina, ustekabean, Palmello
topatu zuen. Zerrenda beltzeko pintoak
Juan Ignaciori erreparatu zion eta harengana
abiatu zen, bere arreta bertzeratu nahi
zutenen ahaikak aintzat hartu gabe;
mutila zezenaren adarkadaz ohartu zen
eta geldirik geratu, uzkurtua, aurpegia
besoak estalia, gorputza luzatu, lurrean
itsatsi edo oholen azpitik irristatu
beharrean. Adar hiltzaileek eskuinaldeko
hesian harrapatu, zorutik altxatu, adarkatu
eta ezkerraldeko hesiaren kontra bota
zuten”.
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
“Entzierro arriskutsua, aurreratu
zen zezenarena. Mutil askok, horregatik,
behartu zuen hanken abiadura, bertze
batzuek, berriz, Ospital Militarreko
paretari itsatsita geratzea aukeratu
zuten, edo, oreka galduta, espaloian
indargabeturik gelditu ziren. Korrikalari
talde handi batek eskuinaldera jo zuen,
babes bila, Nafarroako Museoko aldaparen
hasierako txoko ezagunean. “Reprochado”
izenekoak, alde horretarako joera nonbait
izanik, adarkada itzela egin zion sabelean
Gregorio Z.J. gazteari -hau sendatuko
zen gero- eta entzierro tamalgarri honetako
protagonista harrapatu zuen... Hilario
Pardo lurrean erorita, edo nahita botata,
zegoelarik, harengana abiatu zen “Reprochado”,
eta, harrizko pareta ondoan burua sarturik,
eskuineko adarraz hari heltzen saiatu
zen... baliteke bi adarkada izatea,
sigi-saga, eta ezkerrekoa hilgarria
suertatzea... Une batzuetan bukatu zen
dena, odoljario handia zoruan zabaldu
zen eta mutilaren jantziak blaitu zituen.
Buruz behera geratu zen etzanda eta,
grafikoki froga daiteke, bi biktimak
zezen berberak adarkaturik, hildakoa
harrapaturiko bigarrena izan zela, erran
eta hedatu zena ez bada ere”.
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
1961eko
uztailaren 9a
Vicente URRIZOLA ISTURIZ
(32 urteko, Iruñearra)
Tartea: Santo Domingoko aldapa,
Udal plazaren hasiera
Ganadutegia: Alvaro de Domecq
KRONIKA:
"Vicente Urrizola goiz hartan,
bertze askotan bezala, entzierroaren
ibilbidearen lehen tartean zen, Azoka
plazaren parean, Santo Domingo izeneko
aldapan, Ospital Militarraren ondoan
(egungo Nafarroako Museoa). Berehala
entzun ziren Santo Domingoko suziriak
eta Domecq-en zezen batek airean erabili
zuen mutil bat. Hori oharkabean gertatu
zen, ez zuen oihartzunik izan, eta Iruñeko
herritarren artean ez zuen erantzunik
eragin. Zauritua ospitalera eraman zuten
eta hogeita hamar ordu igarota hil zen”.
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
1947ko
uztailaren 10a
Julián ZABALZA
(Atarrabikoa)
Tartea: Zezen plaza
Ganadutegia: Don Antonio Urquijo
(Murubes)
Zezena:"Semillero"
KRONIKA:
"Animalia basatiak, lasterkariek
inguraturik, zezen plazarantz segitu
du, Estafeta karrikan gora. Erreserbako
joaldunak, Labriten zain, bertan elkartu
zaizkio; ez dute, ordea, harekin bat
egin, eta behizainen ahaleginak alferrikakoak
suertatu dira... Bitartean, zezen sutsua,
amorratua, hurrengo korrikalariarengana
abiatu da, hau eskuinalderantz jotzen
ari zenean, ezkutaleku eta hesiaren
artean babes bila. Behizaina makila
daramana da eta piztiaren bigarren biktima
Atarrabiako mutil bat. Hau, goizeko
seietan jaikita, emaztegaia eta arreba
entzierrora lagundu ditu. Haiek tendiduan
utzi eta, jakinminez edo korrika egitearen
zirrarak bultzaturik, hondarrera jaistea
erabaki du; han, aurkako jarrera duten
goardien agindutik ihes eginez, bertze
askok bezala, atzean geratu den zezenaren
bila joan da korrika. Animalia atzetik,
berriro hondarrean sartu eta eskuinalderantz
joan da, zezenek Iruñeko plazan
sartzean alde horretarako joera dutela
gogoratu gabe beharbada, izan ere, zilegi
bekit zera baieztatzea -zergatik ongi
jakin gabe-, abanikoaren irudia egin
ezean, entzierroan izaten den ederrena,
zezenek beti eskuinalderantz jotzen
dutela. Korrikalariak egin duen bihurguneak
une batzuetan nahasi egin du zezena,
eta honek zuzen segitu; berehala, baina,
aldatu du, mutila harrapatu eta hesiaren
aurka erabili du airean. “Chico
de Olite” eta “Niño
del matadero” peoien kapote ezin
egokiagoek engainuari otzan erantzun
dion zezena eraman dute, eta gorputz
bat hondarrean geratu da. Airean altxatuta,
besoak eta besoak hurbildu zaizkio arinki,
eta milaka ikusleek aho zabalik begiratu
dute nola zeramaten zauritua irunxeme
ausartiek, zezenari kasurik egin gabe;
hori, ia-ia batera, handik metro gutxira,
entzierroko toreatzaile bikoiztaileen
oihalaren atzetik joan da, batzuetan
urratsez urrats eta bertze batzuetan
airean adarkadak botatzen, plazako ukuiluetaraino,
eta orduan suziri batek “entzierroa
bukatu da” aldarrikatu du. Erizaindegian
sartu eta hiruzpalau minutura hil da
Julian Zabalza gaztea”.
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
1947ko
uztailaren 10a
Casimiro HEREDIA
(Iruñekoa)
Tartea: Estafeta
Ganadutegia: Don Antonio Urquijo
(Murubes)
Zezena:"Semillero"
KRONIKA:
“...zezen bat gorabehera anitzetako
batengatik atzeraturik geratzen denean,
entzierroaren arriskugarritasuna sekulakoa
izan daiteke. Bakarrik dagoen zezenak
bere izaerak eta senak eramana erantzuten
du, ez masen psikologiaren lege orokorrak
eramana. Beldurra ezagutzen ez duen
piztia da, estimulurik txikienaren aurrean
harrotzen dena, boterez beterik, borrokatzeko
irrikitan, herentziazko oldarkortasun
senak gurutzatzeetan finduak, tragedia
aise prestatzen ahal duten puntadun
adar sendoak -sastagai zorrotzen antzekoak-
dituena”.
“Uztailaren 10ean Casimiro
Heredia senar-emazte lagun batzuekin
solasean ari zelarik iritsi ziren zezenak;
bere azken hitzak, andrearentzat, hauek
izan ziren: “Anita, sar zaitez
barnerago, laster arte”. Zezenen
parean egin zuen korrika metro batzuetan,
hurbiletik “Semillero” atzeraturik
zetorrela ohartu gabe. Inork ez du inoiz
jakinen ikusi zuen ala zezenak oharkabean
atzeman zuen. Murube ganadu etxekoa,
lasterkari baten atzetik joateagatik
Mercaderes eta Estafetako hesien artean
eroria, kalearen jaun eta jabe zen,
eta, abiadura ederrean, taldekoei heldu
nahian edo, burukadaka zebilen, entzierroko
partehartzaile batzuei erasotzeko imintzioak
eginez. Casimiro izan zen haietako bat,
baina berea zoritxarra izan zen, adarra
haragiraino sartu baitzitzaion; karrika
erdian erori zen eta, beharbada, bere
burua lurrera botatzeko saiakerak adarkadari
lagundu zion, edo berealdiko esfortzurik
egin ezin izateak. Zezenak, adarra behin
eta berriz sartuz, karrika erditik espaloiraino
eraman zuen, eta ikusleek larriki zauriturik
zegoen susmoa hartu zuten. Zaurituaren
gorputza bildurik zegoen, zezenetik
metro pare batera eta, kontrako norabidean
baina, Murubekoak ederki erreparatu
zion, mugimendu bat ikustean, minarengatik
erreflexua edo, batek daki, ihes egiteko
nahiak bultzatua. Jarrera horrek Casimirorengana
itzularazita, zezenak gizona hartu eta
adarren artean eraman zuen, lurretik
arrastaka, espaloitik karrikako paretaraino.
Ordurako jasoa zuen lasterkariak heriotzaren
eragile zen adarkada, eta, harrapaketaren
bigarren fasea erran dezakegunean, zezenak
zartada bat bertzerik ez zion egin,
bizkarrean nabaria zena".
"Gero, bertze gazte bat, Julian
Zabalza, adarkatu zuen zezenak akabatzeko
moduan, zezen plazako sarreraren ondoan".
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
1935eko
uztailaren 10a
Gonzalo BUSTINDUY y GUTIERREZ
de la SOLANA
(29 urteko, Mexikarra (S. Luis
de Potosí)
Tartea: Zezen plaza
Ganadutegia: Doña Carmen
de Federico (Murubes)
KRONIKA:
" Carmen de Federico andrearen
sei zezenak ukuiluko atetik sartzerakoan,
arduragabe batzuek zezen bat bereizi
zuten taldetik, handiena, eta hau erronka
egin ziotenen bila itzuli zen laster.
Mutil bat agertu zen bat-batean, jaka
eskuan, zezenari joan zitzaion eta animalia
bi metrotik deitu zuen, zertan ari zen
edo non zen ohartu gabe, zeren, bere
axolagabetasun nabariak agerian utzi
izan ez balu ere, ditugun erreferentzia
zehatzek entzierro aurreko hiruzpalau
orduetan mutilak zer egin zuen ez zekiela
frogatzen baitute. Zezenak erasota,
saihesten saiatu zen “espontaneoa”
(Gonzalo Bustinduy) eta lurrera erori
zen, zezenak berriro sartu zion burua
eta eskuineko besapean adarkada sakona
egin zion, larria benetan, zeraman kamiseta
horia berehala odoleztatu baitzitzaion
mutilari. Eta zezen tematuak ez zuen
han bertan akabatu, Alaizako behizainek,
zartadaz, eta “Chico de Olite”
peoiak, buztanetik tiraka, zezena eta
biktima bereiztea lortu zutelako".
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
1927ko
uztailaren 8a
Santiago MARTINEZ ZUFIA
(34 urteko, Iruñearra)
Tartea: Zezen plaza
Ganadutegia: Don Celso Cruz del
Castillo (Toledo)
KRONIKA:
“...Cruz del Castillo-ren zezenen
aurretik sartu ziren joaldunak, erabat
aise eta eroso, baina, atea zeharkatutakoan,
zezen urdin muturzuri bat zezen taldetik
bereiztu eta, eskuinaldetik zihoan maletilla
edo zapata-garbitzaileak hagatxo batez
xaxatuta, 8. tendiduko lehen ezkutalekura
iritsi zen, gero bere aurretik zihoana
utzi eta, ezkutaleku horri adarrez erasotuz,
Santiago Martinez harrapatu zuen, haren
atzean sartu nahi zuen gizagaixoa. Adarkada
izugarria zela ikusi zen orduantxe,
zeren zezenari ezinezko izan baitzitzaion
hartua zuen gizona burua beheratu gabe
askatzea. Gizona bera jarri zen zutik,
baina berehala erori zen konorterik
gabe, ziztu batean jaso eta erizaindegira
eraman zuten mutilen besoetan”.
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
1924ko
uztailaren 13a
Esteban DOMEÑO LABORRA
(22 urteko Zangotzako bizilaguna)
Non harrapatuta: gaur egungo Telefonikako
tartean (kailejoiaren hasieran)
Ganadutegia: Conde de Santa Coloma
(Andaluzia)
KRONIKA:
"1924ko uztailaren 13a
“Eta jendea, estualdietan
babesik seguruena ezkerraldeko hesia
dela jakin gabe, eskuinaldekoaren ondoan
pilatu zelarik, zezenetariko bat han
zirenen kontra joan zen. Honek burua
sartzearekin batean harrapatu zuen bete-betean
mutil bat, zeinak, bere burua lurrera
bota ordez eta hesira igo ezinean -hantxe
bildu zen jendetza zela eta-, ezin izan
zuen burukada saihestu eta adarkada
bat jaso zuen; larria zela ikusi zen
berehala, mutila zorabiatu eta guztiz
zurbildu baitzen”. Esteban Domeño
Laborra, 22 urteko gaztea, 1924ko uztailaren
14an, astelehenean, arratsaldeko ordu
batean zendu zen, adarkada jaso eta
hogeita hamar bat ordu igarota.
Luis
del CAMPO "IRUÑAKO
entzierroaren historia tragikoa"
1910eko
uztailaren 7a
Francisco GARCÍA GURREA
(21 urteko Faltzesko bizilaguna)
Non harrapatuta: zezen plaza zaharraren
sarreran (Gayarre Antzokitik gertu)
Ganadutegia: Villagodio
KRONIKA:
2002.
urtea arte, Iruñeko entzierroan
zezen batek harrapatua hilik gertatutako
lehen pertsona Esteban Domeño
zangotzar gaztea zela uste zen, baina,
urte horretan, Unai Alduan Colmenaresek
ordu arte ezagutzen zen lehen hildako
korrikalariaren izena aditzera eman
zuen: Francisco Garcia Gurrea Faltzesko
bizilaguna.
Unai Alduan Colmenaresek El Pensamiento
Navarro egunkariak 1911ko urtarrilaren
18an kaleratutako alean jasotzen zuen
berria aurkitu zuen ezustean; kronikak
hala zioen: “Francisco Garcia
Gurrea 21 urte zituela zendu da hiri
honetan, Sanferminetako azken festetan
libratu zen zezen entzierroetako batean
jaso zituen zauriengatik. Goian bego”.
Arazoak bere jakin-mina piztu zuen eta
ordu arte ezagutzen ziren 13 hildakoen
zerrendan izena agertzen ote zen begiratu
zuenean, harriturik geratu zen aipatzen
ez zela ikustean. Ikertzen hasi eta
garai hartako komunikabide ezberdinetan
agertzen ziren datuak ziurtatzeari ekin
zion (aipatutako El Pensamiento Navarro,
hala nola El Eco de Navarra eta La Tradición
Navarra egunkarietakoak), eta egiaztatu
ahal izan zuen, hain zuzen ere, 1910eko
uztailaren 10ean Francisco Garcia Gurrea
gaztea zauriturik gertatu zela juxtu
zezen plaza zaharraren sarreran bertan–
gaur egun Gayarre Antzokia dagoen tokian
zegoena–, sortu zen metaketa izugarrian,
ehun korrikalari baino gehiagok osatua.
Aipatu egunkarietan jasotzen denez,
gaztea metaketan zanpatu zuten eta belarrian
bi puntu josi behar izan zizkioten.
Dirudienez, zauri horiek tuberkulosia
eragin zioten eta horrek heriotza ekarri
zion Francisco Garciari 1911ko urtarrilaren
18an.
Heriotza hilabeteak pasa zirela gertatu
izana eta, ondoren, 1921ko abuztuan,
plaza zaharrean izan zen sutea –zeinean
akaso korrikalari honen gorabehera
jasoko zuen agiriren bat izango baitzen–
izan daitezke aurkikuntza honek horren
denbora luzez ezkutuan egotearen zergatia.