Documento sin título
Documento sin título
Santua
Entzierroa
Zezenen bidea
Nola parte hartu
Nola ikusi
Entzierro txikia
Kapotiko
Giza pilak
Betizuak
Historia tragikoa
Historia
Kasu!
Lo egin, jan eta edan
Txupinazoa
Riau-riau
Peñak
Zezenak
Gaua
Musika
Tradizio berriak
Erraldoiak
Prozesioa
Pobre de mí
Ikuskizunak
Iruñea
Nola etorri
Galeria
Ohiko galderak
Mapa
Jakingai praktikoak
Aurkibidea
Denda
www.sanfermin.com
 
NOLA IKUSI


ENTZIERROA KALETIK

Entzierroa ibilbideko hesietatik ikus daiteke. Hesi puskarik luzeenak Udalaren plazan, Mercaderes kaleko bukaeran eta -hauxe luzeena- Estafeta bukaeratik plazarainoko tartean daude.

Bigarren hesia (kanpoaldekoa) bakarrik okupa daiteke; aurreneko hesia lasterkari larrituentzat erreserbaturik dago, eta bien arteko tartea larrialdietako mediku zerbitzuetarako, poliziarako, prentsa argazkilarientzako e.a.

Leku ona hartu nahi baduzu, 6.30etarako edo azaldu beharko duzu eta hantxe egon, aspertuta eta hoztuta zortziak arte. Gainera, kontuan izan ezin dela tokirik gorde; handik ikusi nahi baduzu, bertan egon eta norbere tokia defenditu beharra dago. Gainera, egia esan behar badugu, ez da oso ongi ikusten: aurrean beste hesi bat daukazu, traba handixea. Horregatik Iruñeko jende gutxi ikusiko duzu hesietan. Hala ere, kanpotarra bazara, balkoi batean tokia lortzeko kontakturik ez baduzu eta sanferminetan bizian behin besterik egonen ez bazara, agian merezi izanen dizu ordu batzuk hortxe zai egotea hortzekin kriskitinak joaz. Hoberena duzu sei t´erdik-zazpik aldera tokia hartzea, arropaz ongi hornituta (gauak nahiko freskoak dira). Beranduago ja ez duzu lekurik harrapatuko.

Santo Domingo kalean toki hobexegoa dago, franko luzea: Nafarroako Museotik Santo Domingo kaleraino heldu den baranda. Hemen ez dago hesirik aurrean, entzierroaren hasiera ikusten da, aurren puntako lasterkariak ikusiko dituzu horma-zuloko santuari kantuz, eta, gainera, kale puska handia ikusten da nola gora nola behera. Toki izugarri ona da ikusteko. Lastima horrexegatik jendea galanki izaten duela. Goizeko bost t´erdik-seiak aldera etorri ezean ez duzu hemen tokirik harrapatuko.

ENTZIERROA BALKOI BATETIK

Hobekiena etxe partikular bateko balkoitik ikusten da entzierroa. Saia zaitez ia balkoi batera ateratzen denen batek gonbitea egiten dizun. Batzutan ongi ateratzen da. Bisitari inportante horietako bat baldin bazara, kontaktu ofizialak dituen horietako bat, eraikin publiko batetik ikustea daukazu (orduan alferrik dituzu gure aholku guztiak).

Urte batzuk badira entzierroa ikusteko balkoiak alokatzen direla, batzutan gosaria ere barne. Balkoiaren alokera aldatu eginen da balkoia dagoen tokiaren eta pisuaren arabera (pisua garaiagoa den heinean, merkeagoa). Erreka izeneko turismo zerbitzu bat badago Iruñean (Kuria karrikan. Tf. 948 22 15 06) hirian barna bisita gidatuak antolatzeaz gain, entzierroa balkoi batetik ikusteko aukera eskaintzen duena, gosaria eta guzti. Gosaria hartuz gero, garestiago aterako zaizu. Turistentzako informazio bulegoan (San Frantzisko plazan (mapa), 848-420 420 eta oit.pamplona@cfnavarra.es), alokatzaileek beren telefonoak jartzen dituzte. Bulegoak berak ez dizu tramitea egiten: zerorrek egin beharko duzu.

ENTZIERROA ZEZEN PLAZATIK

Beste aukera bat da entzierroaren bukaera ikustea zezen plazan. 2005an, uztailaren 7an, 8an eta 9an, tendidu, harmaila eta andanadetako txartelek 5,50 euro balio dute. Gainontzeko egunetan (10, 11, 12, 13 eta 14an) 4,50 euro ordaintzen dute eta 12 urte beherako haurrak musutruk sartzen dute. Zai-denboran giro gustagarria egoten da: musika banda lagun. Oro har kalean baino emozio gutxiago egoten da hemen, baina batzutan alderantziz izan daiteke (sarreran jende metak egiten direnean). Erosoa da, hori beti. Sarrerak eskubidea ematen dizu bigantxak ikusteko entzierroaren ondoren. Interes handi-handirik ez dute baina tira, barre pixka egiteko modua igoal.

ENTZIERROA TELEBISTAN

Entzierroa ikuskizun gisa, egia erran, telebistatik ikusten da hobekien. Besteak beste, osorik ikusten delako, zera, eta ez metro eskas batzuk balkoi batetik bezala. Gainera telebistatik errepikatu egiten dituzte une interesgarriak, kamaralentan. Entzierroak zuzenean ematen dira goiz guztian zehar eta behin eta berriz errepikatzen dira goizean eta hemengo albistegi guztietan. Bertatik bertara, berriz, ezer gutxi ikusten da, oso entzierro mantsoa ez bada behintzat. Baina zer arraio! merezi du halere.

Lasterrean parte hartu baduzu eta suertean ibiltzen bazara, agian zeure burua ikusiko duzu telebistan, bideoan grabatu eta etxera etorrita lagunekin harrokerian ibiltzeko modua izanen duzu.

NON EZ DA IKUSI BEHAR

Entzierroaren bidetik, behintzat, ez saiatu entzierroa ikusten. Hor besteentzako arrisku bat besterik ez zara izanen.

Kontuan hartu entzierroa izugarri ikuskizun laburra dela, osotara pare bat minutu baizik ez, normalean. Badaezpada erraten dizugu: ez hartzeko dezepziorik, egia erran, ez baita ezer askorik ikusten. Giroa da dastatu beharrekoa: deiadarrak, eta zezenak pasatzen direnean somatzen den beldur usain orokorra

ENTZIERROA INTERNETEN BIDEZ

Azkeneko urteetan hainbat webgune saiatu dira entzierroa interneten bidez ematen, baina ikusteko arazo mordoa izan da. Kukuxumusuk jarraipen berezi bat egiten du urtero lasterketako informazio eta argazkirik onenak eskainiz.

 

Eguneko entzierroan lasterka egiteak zuretako duen arrisku indizea ezagutzera ematen dizugu

 

 

Documento sin título