NOLA
PARTE HARTU
Honaino ailegatu bazara, klaro dago gogoa duzula entzierroan
larrua jokatzeko. Argi ibili. Kaos honek baditu, kaos
guztiek bezala, arau batzuk; betarik baldin baduzu,
ikus itzazu entzierro batzuk parte hartu baino lehen.
Hemen dituzu aholku batzuk entzierrotik osorik ateratzeko.
Ibilbidean sartzeko,
hartarakoxe sarreretara joan behar da. Ibilbidea hustu eta garbitu egiten da entzierroa baino lehen eta lasterkariak ezin dira bertan sartu goizeko 7:00ak jo ondoren. Ordu horretatik aitzina eta 7:30ak bitarte bi ate baizik ez da egoten hesian sartzeko: bat Udalean eta beste bat Merkatu Plazan. Ez saiatu nonnahitik sartzen, aitzindariekin problemarik nahi ez baduzu (informazio interesgarria: ordu hauetan, agintariak nahiko erraz dantzatzen ditu eskuak eta porra).
Mozkortuta laster egitea erokeri
izugarria da. Bai zuretzat eta bai beste guztientzat
oso arriskutsua.
Begia eman zure inguruan zer gertatzen
den: laster egin bitartean, begira zezenak zer distantzira
dauden; bestela konturatzerako gainean izanen dituzu.
Aldi berean, begia eman aurrean zer duzun, ez estrapozo
egiteko parera ateratzen zaizkizun gauzekin, lasterkari
eroriekin eta abarrekin... hasi pentsatzen ja non
erretiratu behar duzun. Ez da erreza.
Zezenari dei egitea oso arriskutsua
da. Zezenak, berez, ez dute inolako gogorik inori
erasotzeko. Inork arreta galduarazten ez badie, itsu-itsuan
joanen dira beren ukuiluetaraino. Baina norbaitek
dei egin eta batenbat taldetik aldaratzen bada, arrisku
handia dago gauzak fin txarren bat egiteko. Txarra
zuretzat eta berriz ere beste guztientzat. Zezenari
dei egiteak, gainera, beste arrisku bat izaten du:
jendajea haserrarazi egiten du, eta deskuidatzen bazara,
boxeadore musu ederrarekin etorriko zara etxera. Argi
ibili ez dugu indarkeriarik zuritu nahi, baina batere
zuritzekotan, hauxe zurituko genuke, tontakeri horiekin
jende askoren bizia jartzen baituzu jokoan.
Erortzen bazara ez jeiki. Entzierroetan
erortzea oso normala da, gauza asko direla medio.
Erran bezala, zezenak momentu hoietan aski itsututa
egoten dira: lurrean mokor bat ikusten badute,
gelditu gabe gainetik pasako zaizkio, aurrena
bat eta gero beste bostak eta kitto. Horrek
min handia bai, baina larritzeko moduko zauririk
ez du egiten normalean. Baina ixtant hortan
jeiki edo mugitu egiten bazara, berriz, zezenak
pasatzen diren denboran, haien arreta ekarraraziko
duzu, edo suerterik txarrenean, justu zezenbaten norabidean jeiki eta oliba txotxean bezala
eramanen zaitu berekin. Ez da broma. Horrelaxe
hil zen entzierroko azken hildakoa.
Beraz, estrapozo egin eta lurrera joaten bazara, kieto
hantxe behatzik mugitu gabe, burua eskuekin babestuz.
Dena pasa denean, norbaitek tapa emanen dizu bizkarrean
jeikitzen ahal zarela abisatzeko.
Ez zezenen atzetik joan. Askok segi nahi
izaten diete zezenei pasa direnean. Astakeria da:
onenean zezenen bat atzean zerbait sentituta distraitu,
eta buelta egin araztea, beste atarramenturik ez duzu
eginen.
Ez zezena ukitu. Jendeak afizio arraio
hori ere izaten du, zezena ukitzea. Etzazula zezena
ukitu: arreta galduaraziko diozu.
Ez geldirik egon entzierroaren bidean. Denak
lasterka hasten direnean zerori ere bai; bestela erorarazi
eginen duzu jendea bata bestearen atzetik. Entzierrora
ez da ikusle joan behar, parte hartzera baizik.
Deltan bazter zaitez plazan sartu
ta ixtantera. Eta hesiaren gainetik salto egin edo
ondo ondoan gelditu. Horrela bide ematen diezu dobladoreei
beren lana egiteko eta zezena bere ukuilura eramateko.
Plaza erdira ateratzen bazara, berriz, erabat zezenaren
mende egonen zara, babeslekurik gabe. Ez ahaztu zezena
zuk baino lasterrago egiten duela.
Ez trabarik
egin dobladore eta zezentzainei. Haien
lana zezena ahal den zuzenena ukuilura eramatea
da. Istripu asko galarazten dituzte. Kasu, gainera:
zezentzainek haga luze batzuk dantzatzen dituzte
ordena ezartzeko: hagakada horietako batek kriston
mina egiten du, zezen oinkada batek adina edo
gehiago.
Utzi etxean
gauza guztiak laster egiteko. Eta ez baduzu
lekurik bilatzen gauzak uzteko, orduan hobe duzu
ez parte hartzea eta fuera
DEBEKATURIK
DAGO
Aholku guzti hauetaz gain, Iruñeko Udalak debekatzen
du:
1.- Ibilbidean 18 urte baino gazteagoak egotea, korrika
egiteko edo bertan parte hartzeko eskubidea argi eta
garbi kenduta.
2.- Arduradunen sen
onak agindurik udaltzainek osatuko dituzten giza-hesiak
gainditzea.
3.- Udaltzaingoaren
aginduz debekaturiko ibilbideko toki eta aldeetan
kokatzea.
4.- Abereen irteera
baino lehenago ibilbide osoko zoko, angelu izkutu,
etxeetako atari eta dendetan babestea.
5.- Etxeetako atariak
irekita izatea ibilbide osoan, erantzuleak etxearen
jabe edo etxetiarrak izango direlarik.
6.- lbilbidean mozkorturik,
edozein drogapean edo gizalegezko ez den beste edozein
moduz egotea.
7.- Entzierroaren burutze
egokirako ezegokiak diren gauzak garraiatzea.
8.- Janzkera edo oinetako
ezegokiak eramatea.
9.- lbilbide edo Zezen
Plazan abereei deitzea edo zirikatzea.
10- Abelburuengana laster
egitea edo haien atzean laster egitea.
11.- Abelburuak heldu,
xaxatu edo tratu txarra ematea eta, edozein modutan
dela ere, beren irteera edo itxialdia zailtzea.
12.- Ibilbidean gelditu
edo hesi, langa edo atarietan geratzea, korrikalariari
karrera edo babeslekua eragotziz.
13.- Beharrezkoa den
baimenik gabe kaleetatik, hesietatik nahiz barreretatik
argazkiak ateratzea.
14.- Entzierroa arazorik
gabe eta segurtasunez egiteko desegokiak diren objektuak
aldean eramatea.
15.- Ibilbidearen espazio
horizontal, bertikal edo airekoa betetzen duten osagaiak
jartzea, salbu alkatearen baimen argia badago.
16.- Entzierroa
normaltasunez egitea oztopatzen ahal duen beste edozein
jarduera.
Gainera, abereek
edozein istripu jasanez gero, edota auskalo zergatik
baten bat taldetik "aske" edo "libre"
geratuz gero, korrikalariek entzierroa burutzeko parte
hartzen duten teknikoek erranikoa bete beharko dute.
Korrikalariek egon behar dute Udaletxe
Plaza eta Ospitale Militarra bitartean, Santo Domingo
Aldapan. Bertara joateko Merkatuko Plazan eta Udaletxe
Plazan (Seminario etxe ondoan) dauden ateak erabiliko
dituzte, hauek 7,30etan itxiko direlarik.
Zezen Plazara heltzekotan, korrikalariak sartuko dira
hesi barruan lehen baino lehen, tokia besteentzat
libre uzteko. Hesien arteko gunea, berriz, baimena
dutenentzat gordeta dago.
Bueno ba orain ja prest zaude lasterrerako. Zaila
iruditzen al zaizu? Bai, baina finean informazio guzti
honek bi gauzatara jotzen du: ez traba egin beste
lasterkariei eta ez galduarazi arreta zezenari.
Azkenik, arestian esan bezala, gogoan izan entzierroan
bizia jokatzen ari dela jendea. Tontakeriaren bat
eginda norbaiten bizia arriskuan jartzen baduzu, problemak
etorriko zaizkizu.
