ZEZENAK
EGUTERAN
Eguterako zezenketa peñen zezenketa da: Peñek jarleku gehienak
betetzen dituzte 6 eta 7. tendidoetan,
eta andanadako 11.etik 13.era bitarte.
Baina ez dago preziso peña bateko
sozio izan beharrik: aski da sarrerak
izatea.
Oso festa zati
ikusgarria da hau. Hasteko, hamasei musika
banda daude hor, inguruko belarri guztik
lehertu beharrean jotzen, hasieran, bukaeran
eta zezen tarteetan. Horrez gain, txistulariak eta gaiteroak, eta gero
etengabeko ikuskizuna: numero klasikoak batetik:
Eurovisión, olatua, trainerua (tendido
osoa goitik beheraino hasten da eroa bezala
arraunean), ipurdi-paperezko bandak, urtebetetzeak,
eguterako alkatea... etab. Eta bestetik numero
inprobisatuak, hoberenak. Eta gainera bakez,
jeneralean, alkohola sobrante izaten bada
ere. Enfin, zerorrek ikustea daukazu. Bereziki ikusgarria gertatzen da
14a, festaren amaiera, eguterako jendea,
bukatzen denarekin penaturik, uko egiten
diotenean plazatik ateratzeari. Dantzan
eta kantuz aritzen dira, sanferminetako
kantutegia agortu arte.
Zezenketa bat eguteran ikusi nahi duen
kanpotarrak gauza batzuk jakin behar ditu, sarrerak
lortzeaz gain:
AHOLKU
BATZUK
Zure jarlekuan jarri nahi baduzu,
ordua baino hogei bat minutu lehenago
etorri behar duzu: beste norbaitek hartu
badizu lekua, kostako zaizu handik bidaltzea.
Gainera batzutan ikaragarrizko jendetza
egoten da eta azken orduan ailegatzen
bazara, fisikoki ezinezkoa izango zaizu
zure tokira iristea eta zezenketa guztia
zutik eta oreka gaiztoan pasa beharko
duzu.
Eguterako zezenketa oso zikina eta beroa
da: eroso egoteko ongi ekipatuta joan
beharra dago:
Sonbrero bat eraman (eguraldi ona egiten badu,
uztaileko eguzkiak buru-barrena prejituko
dizu). Eguzkitako antiojuk ere ez daude sobrante.
Inguruan dabilkizun kaka kantidade handia
dela medio, komeni da kakatik babesteko zerbait
eramatea, konparazio batera peñen blusoiak
edo antzekoren bat, etxeko edo laneko bata
bat, toalla bat, bañuko gorroa, mandarrak,
enfin, imajinazioak zer agindu, horixe. Ikusle
asko ia-ia eskafandrakin joaten dira zezenetara,
partez kakaren kontra, partez irriaren alde.
Tendidoa andanada baino garbixeagoa izaten
da. Baina dena dela, askotan kakak gainez
egiten du andanadatik tendidoetara, beraz
ez da alde handirik izaten.
Horrexegatik, komeni da almohadilla bat alokatzea,
higienearen alde: Ipurdia isolatuko dizu plazan
honaka ta haraka dabiltzan denetariko zaborreri
solido eta likidoetatik. Oso merke alokatzen
dituzte Plazako pasilloetan diren kaseta batzuetan.
Beti ere, ez eraman zezenetara arropa berririk
edo onik, eta oro har hondatuta pena hartuko
duzun gauzik. Jendeari ardoak bizitu egiten
dio zerebroa eta zoragarri saiatzen zaie irudimena:
askotan benetako batallak izaten dira irinez,
kakaoz, kolakaoz, sangriaz, arraultzez edo
auskalo zerez.
Foto kamararik ere ez eraman zezenetara, kanpotar
batzuk egiten duten bezala: peligro handia
dute sangrian, kalimotxoan edo auskalo zertan
bañatuta ateratzeko... Kamara onik
behintzat ez eraman, eta oro har objeto hauskorrik
ere ez. Zerorrek ikusi.
Zezenetara jatera ere joaten da jendea (batzuk
batez ere jatera) eta edatera, eta ez bakarrik
eguteran. Edan, lehenbiziko ixtantetik hasten
da jendea edaten, klase guztietako edariak
bero zanpagarriari gerra egiteko. Sangria
da zezen-edaririk klasikoena, nahiz gainerako
urte guztian inork edaten ez duen. Beharbada
horregatik uste dute hainbeste kanpotarrek
kaka hori dela gure edari nazionala. Hirugarren
zezena hil delarik, berendu ordua da (orain
eguterako jende asko pasillora ateratzen da
berendatzera eta paso egiten du gainerako
zezenez. Horrek leku asko libre uzten ditu).
Berendu-kontuan, denetarik ikusten da: hasi
bokadillo triste batetik, harik eta zinetako
bankete bateraino: bi plater, pastelak, izozkia,
eta kafe irlandesa, dena makina bat ontzi
diferente eta boluminosotan ekarria "bertzek
kusteko" (oso gauza inportantea hori
Sanferminetan). Gauza batzuk ezin sinistekoak
dira.
Eraman zezenetara zerbait jateko eta edateko.
Adibidez aldamenekoak gomitatzeko moduko zerbait,
gozoa. Berenduan, izan ere, asko konpartitzen
da (Nafarroako gastronomia popularraren mostra zabala). Eta deskuidoan
deus ekarri ez baduzu ere, ez izan beldurrik
baraurik ateratzeko, are gutxiago kanpotarra
bazara eta hori ezagun baduzu. Mundu guztiak
daki kanpotarra beti erdi galduta egoten dela
eta ez duela zertan jakin jatekoa berekin
ekarri behar duela.
Zezenak joan, zezenak etorri, jendea gero
eta punttuanago jartzen da, eta mundu guztia
hasten da eskuzabaltzen: janari partiketa
orokorra dago, norabide guztietan, airez-aire
ere bai askotan. Sobranteekin Volley-ball
partidu politak montatzen dira azkenerako.
Zezenketa bukatu eta batallaren hondakinak
mutante andana batentzako jaki bihurtzen dira:
hondakin bila heldu diren punkiak.
Neskentzako ohar bat: ez joan eguterara sobera
panpox, edo sobera tentagarri edo garden:
edatearekin batera, tamalez, askori instintoak
disparatzen zaizkio eta batzutan tiroalbollo-zaleak
ernetzen dira jendartetik. Toki guztietan
egoten dira subnormalak. Dena dela, holakoak,
guk uste, gero eta gutxiago izaten dira.
Bueno, ba horra guk esan zezenketa bat eguteran
zer den. Jakizu zertara heldu zaren: zikintzeak
haserretzen bazaitu eta bazter guztiekin gatazkan
hasi behar baduzu, onena duzu ez joatea. Joanez
gero, ongi eskolatu zeure burua dena ezinago
estoiko agoantatu eta umore onean hartzeko.
Zezenketa bukatu ondoren, peñak, eta
besteok, plaza-erdira salto egin eta kallejoitik
eta zaldien patiotik ateratzen dira: Peñen
aterera.