SARRERAK
NOLA ESKURATU
Zezenentzako sarrerak eskuratzea eguneroko ameskaiztoa
da kanpotarrentzat eta bertako askorentzat ere. Ondoren
heldu den informazioa lagungarri izango duzu akaso.
PLAZAREN BANAKETA
Iruñeko plaza, egutera eta ospelaz gain, hiru
solairutan banatuta dago: tendidoa (behekoenekoa),
grada (bitarteko eremu bat, andanadak estalia) eta
andanada (goiko partea, estalia). Sarrera merkeenak
andanadakoak dira. Grada (eguteran
dagoen puska ere) parte trankil xamarra da, eta hor
ez dira aplikatzen eguterako zezenketaz esan ditugun
"horroreak".
SALMENTA OFIZIALA
Sarrera gehienak, bai eguterakoak nola ospelekoak,
aurretik salduta egoten dira, "abono"tan:
abonoak dira zezenketa guztientzako sarrera sortak,
urtez urte norbaiten edo peña baten izenean
erreserbatzen direnak (Eguterako tendidoak, konparazio,
osorik abonokoak dira). Salmenta ofizialera, beraz,
%10 bat baizik ez da ateratzen, legeak markatzen duen
minimoa. Sarrera horiek bezperan saltzen dira plazako
takiletan, gaueko bederatzietan hasita.
Beraz, printzipioz, badago sarrera bat ofizial erostea,
kola eginaz, jakina. Koxka zera da: aunitz ordu lehenagotik
kola hori erabat hartuta egoten da, jende batzuk (reventak)
sarrerak gero garestiago saltzeko erosten baitituzte.
Hori galarazteko, launa sarrera baino gehiago ezin
dira erosi, baina alferrik da: zutik ibiltzeko gauza
diren ahaide guztiak ekarri eta erosi ahala sarrera
erosten dituzte. Horregatik, askotan kola eginda ere
sarrerak agortu egin dira txanda ailegatzerako. Sarreren
salmenta ofizialaz informazioa eskuratu nahi izanez
gero, sartu Zezen
Feriaren webgune ofizialan.
REVENTA
Orduan ba, zer egin? Ba bistan da: utzi duintasuna
etxean, reventa bati erosi eta haren benefizioa pagatu.
Salmenta hau ilegala da, jakina, baina toleratu xamarra.
Dena den, inor pertsegitzekotan, saltzailea izaten
da pertsegitua. Erostunak ez du deusen arriskurik.
Reventa-jendea plaza inguruko bazter guztietan egoten
da zezenketa hasi baino ordu franko lehenagotik. Goizez
ere bai. Reventa kontzentrazio handia egoten da Estafeta
bukaeran eta Plazako kallejoiaren hasieran (Amaya
kalea eta Labriteko aldaparen gurutzean (mapa)
.
Reventan erosteko, aurrena erabaki zer sarrera klase
erosi nahi duzun, tipoari eskatzeko. Hola ez duzu
denborarik galduko. Gero reventa bat bilatu. Errez
da bilatzen: gorputz eta musu tankera bat izaten dute
oso ezaugarri klarokoa; orain ez gara deskribitzen
hasiko, politikoki korrektoak izan nahi dugulako,
baina lasai: ez dago konfunditzerik. Dena dela, ez
hasi mundu guztiari eskatzen. Paseoan ibili zerbait
behar duenaren itxuran. Haiek etorriko zaizkizu. Ah!
bidenabar esanda, komeni da erdaraz jakitea. Kolektibo
hau ez da poliglota izaten.
Reventa lokalizatu duzunean, kontuan hartu gauza batzuk:
- Prezioetan gora-behera izugarriak izaten dira egun
batetik bestera: Reventa oso garestia da asteburuetan
(jende etorri handiagatik) eta eguneko zezenketa bereziki
ona denean (galde zazu). Egun normal batean garestia
da baina ez hain garestia. Zaila da prezioen gainean
indikaziorik ematen. Zezenketa normal baterako, astegun
batean, pentsa zazu gutxienekoan prezioaren doblea
pagatu beharko duzula. Prezio normala sarreraren gainean
inprimituta egoten da: begira zazu eskeintzen dizun
sarrera, zenbat eskaini kalkulatzeko. Sarreran, horrez
gain, beheko atariaren numeroa ageri da (informazio
alferrekoa: edozein ataritatik sartzen ahal da), eta
bai zure sekziokoa ere (hau bai, inportantea da, ezin
baita beste sekzio batera sartu), eta jarlekuaren
numeroa ere bai.
- Prezioa merketzeko burruka egin behar da, jakina,
eta kanpotarra bazara eta ezagun baduzu, gehiago:
asko eskatuko dizute. Sarrera hortan, zezenketaren
data ere begiratu (ea bezperako bat saldu nahi dizuten)
eta bai ea eguterakoa ala ospelekoa den.
- Gogo eman, bestalde, zer ordu den: zezenketaren
ordua (6.30) inguratu ahala, zure negoziazio gaitasunak
gora egiten du: reventak hasten dira beldurtzen sarrerarekin
geldituko ote diren eta prezioa merketzen dute. Muturreraino
itxoin ezkero, batzutan bere prezioan eta are gutxiagotan
erosten dira. Baina muturreraino itxoin ezkero, peligroa
dago lehenbiziko zezena galtzeko (zezen bat hasi delarik,
ez dago sartzerik bukatzen den arte) eta eguterako
sarrera baldin baduzu, igoal zutik pasa beharko duzu
zezenketa osoa: sarrerak numeratuak dira, baina berandu
ailegatzen bazara seguro norbait egongo dela zure
tokian (ezin kabitu ahala jende egoten da) eta lan
izango duzu handik bialtzen.
SARRERA SOBRANTEAK
Sarrera saltze "profesional" honetaz gain,
beste bat bada, ez hain trapitxeroa: zezenetara doazen
koadrillek batzutan sobrante izaten dute sarreraren
bat, egun hartan norbaitek huts egin duelako. Egunak
joan egunak etorri, gero eta sobrante gehiago egoten
da, jendeak deskantsatu beharra sentitzen duelako.
Kontua da azken ordura arte ez dutela jakiten, baina
bat sobrante izan eta norbaitek eskatzen badie, saldu
egiten die, jeneralean bere prezioan. Hoberena da
koadrilla hoik juntatzen diren tokietara joan, eta
taldez talde talaka ematea, sarrera sobranteren baten
eske. Suertea baduzu, bat sobrante dutela jakin eta
zuk galdetzen badiezu aurrena, eman egingo dizute.
Sistemak funtzionatzen du, baina asko intsistituz.
Talaka emateko toki ona: Olite kalearen lehenbiziko
mantzana (mapa),
Plazaren ondoan, edo bestela oro har Plazaren aurrean,
bost-bost t´erdietatik aurrera. Truko honek
eguterako sarrerak eskuratzeko balio du, horiek baitira
koadrilla hauek dituztenak. Ospelekoak nahi badituzu,
salmenta kutrera jotzea daukazu.
Bueno, kostata lortzen diren gauzek gusto gehio ematen
dute. |