ZEZEN
BEREIZKETA
13.00 Zezen plaza. Zezen bereizketak edo
"apartadoak" hori du txarra:
arratsaldeko ordu batean dela, zezenketa
edo txekorketa dagoen egun guztietan,
hau da, 6tik 14ra arte, biak barne. Gaueko
parranda gustatzen bazaizu, kosta eginen
zaizu ordu baterako esna eta ongi egotea.
Halere, zezen-giroak jakinmima sortzen
badizu, ahalegina egiteak igoal mereziko
du .

Zezen bereizketara joateko, sarrera behar
da. Sarrera plazako leihoetan erosten
da (7,50 €), edozein egunetarako, goizeko hamarretatik
aurrera. Apartadora sartzeko, Zaldi Patioko
atea hartu behar duzu.
Apartadoko zeregina, funtsean, arratsaldean
toreatu beharreko zezenak toreroen artean zozketatzea
da. Gero bereizi egiten dira zezenak (entzierroaz
geroztik elkarrekin daude ukuilu berean). Hiru
talde egiten dira (bina zezenekoak), animalien
dohai eta akatsak orekatuz. Taldeak papertxoetan
idatzi, eta maioral baten kapeluan sartzen dira.
Atera, eta atera diren ordenean ematen zaizkie
toreroei, zaharrenetik gazteenera. Ondoren bakarka
jartzen dira zezenak zein bere txikeroan, zezenketaren
ordura arte trankil egoteko.

Zezen bereizketara, jakina, toreroak azaltzen
dira, eta haietaz gain jende "inportante"
andana bat: politikoak, artistak, zezenzale
entzutetsuak. Ospakizun selektoa da, eta usain
(kirats?) aristokratikoa du. Bere bezero propioak
izaten ditu. Halere, bertzelako jendea ere joaten
da, denetariko kuskuseroak (zerori, adibidez).
Kanpotarrentzako datu gastronomiko jakingarri
bat: zezen bereizketako tabernan, tradizioz
hartzen den "fino"az gain, kriadillak
ematen dituzte: sanferminetako jaki zoragarrienetako
(edo beste batzuen ustez nazkagarrienetakoa)
bat: zezen barrabilak (bezperako zezenketakoak
omen), bertako erara maniatuak.