Peñak

Kaos orok behar du antolamenduren bat, oso-oso nahasia bada ere.

Bale, ba Sanferminetako marko finko hori, Iruñean peñak dira; elkarte hauen helburua (ez bakarra, ordea) horixe da: beren bazkideei Sanferminetarako azpiegitura zerbait ematea. Gero, jakina, gauza ez da hortan gelditzen eta urte guztian segitzen dute beste jarduera gastronomiko-kultural eta kirol alorreko batzuk, baina inoiz ahaztu gabe Sanferminetako elkarteak izatea dela beren sorrera.

Zer egiten dute Sanferminetan?

Peñak jaun, jabe, errege eta gobernadore dira eguterako zezenketan; eguterako zezenketa peñen garaipena da. Han, zein bere pankartaren azpian babestuta eta zein bere blusoi berezgarria soinean, peñak jainko dira plazaren gainean, hau da: unibertsoaren gainean.

Horrez gain, kaleko musikaren protagonista nagusia dira: egia da, gero eta txaranga profesional gehiago izaten direla, udalak ordainduak, eta egia ere da batzuetan hobeki jotzen dutela, baina ez du axolik: ez dago konparaziorik. Peñen musika burrunbaririk gabe, goizeko ordu txikiak arte kaleak eta kaleak dantzan jartzen dituen hori gabe, festa hau ez litzake den bezalakoa izanen.

 

Non dira peñak?

Peña gehienek lokala Jarautan daukate, Sanfermin “sakon”enaren santutegia. Izan ere, hauxe da beste zerbitzu bat beren Sanfermin eskaintzan: taberna fin batzuk, zezenetarako elkartu, kopak hartu, jan, edan eta gau guztian mozkortu eta dibertitzeko. Ia hogeita lau ordu egoten dira irekita.

Gainerakoan peñak ez dira hiriaren islada bat, ezta nahi ere. Ez dira 5.000 bazkide izatera ailegatzen. Baina udalarekin nekez eta dolorez negoziatzen ari direnean dirulaguntza murritx bat, beti gauza bat izaten dute beren alde: mundu guztiak dakiela festaren osagai ezinbestekoa direla.

Peñen irteera

Zezenketa bukatzen denean, peñak plaza erdira salto egin, zein bere pankartaren eta musika bandaren inguruan bildu, eta plazatik ateratzen dira musika joz eta dantzatuz, orbanez, lurrinez eta kakaz lepo eginda. Ikusgarria da.

Parte hartzeko, komeni da lehenago eguterako zezenketan egotea: zortziak aldera kallejoiko ateak irekitzen dituzte (entzierroko sarrera da) eta libre da plazako biribilera sartzea peñekin ateratzeko. Baina, egia esan, hola hotz-hotzean zail samarra da: burrunba izugarria, estuasuna, oinkazoak, izerdi patsa, mundu guztia denetariko krakaz eta likinez lepo eginda, hori dena ez da erraz jasaten behar bezala “prestatuta” ez bazaude.

Peñak plazatik atera, Gazteluko plazaraino elkarrekin joan, ikusle jendetzan barrena (horren zikin daudenez, jendeak pasatzen uzten die) eta handik zein bere lokalera joaten da, bide luzeago edo motxago batetik eta geldiune mordo bat eginaz zintzurra bustitzeko.

Ikusteko ere, aterera merezi du. Gauza benetan harrigarria da, lasai eta garbi dagoenarentzat, moxkor koadrilla hau ikustea, zeharo eskutatik joanak, bere kasa, beste mundu batean, erotu beharrez dantzan burrunba infernal baten erdian, kemen agerkari txundigarria.

Peñen aterera ez da agian oso eskola ona umeentzat, baina halare, makina bat familia egoten dira ikusle beren umeekin. Agian umea etsitzen hasteko Sanferminak zer diren. Umeak txoratzen egoten dira.

 

Non esertzen dira peñak plazan?

Iruñeko zezen plazako eguzkiko eta itzaleko tendiduen arteko banaketak zentzu gutxi du; bidezkoagoa da peñena eta gainontzekoa esatea. Izan ere, bertako giro bereizgarriak bizitzeko moduko egoera berezia sortzen du. Zezenketa Peñen lekutik ikusi ez duenak ezin izanen du Sanferminak osorik bizi izan dituenik esan. Eserlekua erosten duenak giro horretan egon nahi badu, torilen gaineko zonaldea dela jakin behar du, 5., 6., eta 7. tendiduen zati bat hartzen duela eta andanaren 11., 12., 13. eta 14. sekzioak eta harmailetako 6. eta 7. sekzioak. Banaketa horiek ez dira zorrozki errespetatzen -larrean ateak jartzearen modukoa izanen litzateke- baina egon, badaude.

Peñen artean ere, zein zonalde okupatu behar duten jakiteko, hainbat lerro gorri dago, nahiz eta ez diren hertsiki errespetatzen. Horiek ikustea erraza da plaza hutsik dagoenean, baina Sanferminetan egon ohi den giro on orokorrari esker, eserlekua arazorik gabe topatuko dugu. Dena den, lekua ezin aurkitu hasi ziren istorio on askoz josirik dago herri anekdoten bilduma.

distribuyeplaza2016

 

iruñarenpeñak

Iruñaren peñak

Iruñeko hamasei peñak tradizionalak dira, baina ez hain aspaldikoak: zaharrena, La Única, 1903an sortu zen. Federazio batean bilduta daude eta aldizkari bat argitaratzen dute. Horretaz gain, peñen inguruko informazioa biltzen duen web orri bat ere badute, sanferminen inguruko eta bertzelako kontuak azaltzen dituena.

Ez dira inmobilistak: izugarri aldatu dira; hala behar zuen, zera, elkarteok berez kaosa administratzeko jaio direlarik. Aspalditik emakumeak onartzen dituzte. Sanferminak jada ez dira “matxo-aren azken gordelekua”, Hemingway-en hitzetan esateko, eta peñak ere ez. Peñetako lokalak, gainera, aldatu egin dira, ez dute ja lehengo Ali Babaren Kobazulo itxura hura: geroz eta itxura txukun eta harkorragoa dute. Zibilizazioa ez da gelditzen, inperioko bazterrik urrunduenetan ere.

penuelossfkuku.g

 

7 de julio San Fermín peña

Jarauta 50 kalea eta Manuel de Falla 17, behea. 31005. Pamplona. Telefonoa: +34 948239448
Posta elektronikoa: penasanfermin@terra.es

Peñaren historia bi zatitan banatu behar da. Lehenengoak 30eko urteetako jatorriak eta Bigarren Zabalgunean hazkundea hartzen ditu, eta bigarrenak, 1978ko San Fermin Txikito festetan Arrosadiarako lekualdatzea eta bertan izandako birfundatzea. Izan ere, hasieran kideek Lizarra kaleko lokal bat zuten elkargune eta kideak inguru horretako bizilagunak ziren. Guelbenzu kalera aldatu zirenean, bazkide kopuruan, jardunean eta dinamismoan hazi zen peña. Orain dela zenbait urte Manuel de Falla kaleko oraingo lokalera aldatu ziren.

Liburu batean dago peñaren historia bildurik. Josu Noáinek koordinatu zuen eta izenburua “S.D.R. 7 de julio San Fermín Historias en torno a la peña” du. 260 orrialdekoa da eta 1.000 argazki, kartel, diptiko eta pegatinetan islatzen du garai osoa.

Peña honek ezaugarri batzuk ditu oso berezko, ezen, beste batzuetan ez bezala, birfundatu zenetik hamar emakume ziren bertako batzordean. Lauki beltz eta zuriko brusa janzten dute. Anitz dira San Fermin peñan sanferminetatik kanpo egiten diren ekintzak, hala nola joaldun talde bat, hankaluzeak eta buruhandien konpartsa. Bestalde, martxo guztietan Jerezerako bidaia antolatzen dute entzierroan parte hartuko duten ganadutegietako batzuk ikustera joateko.
19533520415_19512d8243_k

 

Los de Bronce

Jarauta kaleko 52-54. 31001. Iruñea. +34 948 226 792 / +24 948 207 966
Web orria: http://www.losdebronce.com/ Posta elektronikoa: losdebronce@telefonica.net

Hasiera batean, 1900ean, Los del Bronce peña eratzeko saio bat egin zuten metal alorreko langile batzuek. 1950era arte, baina, ez zioten proiektuari berrekin hiriko koadrila batzuek. Lauki zuriko eta urdineko brusa aukeratu zuten jendeak aise bereiz zitzan eta, anekdoten arabera, merkeena zelako. Berritasuna izan zen jantzi hori soinean egun osoan eramatea, ezen garai horietan zezenketetara bakarrik eramaten zen. Gerrikoa estaltzen zuenez, erabiltzeari utzi zioten. Peñako futbol taldeak, kamisetetarako diru-sarrerarik ez zuenez, brusa horiekin jokatu zituen bere lehen partidak.

60ko urteetan “Los del Bronce” kirol aisia elkartea eratu zen eta, Telefónicas taberna alokatuz, egoitza ofiziala finkatu zen. Hango anekdotak asko izan ziren, hala nola salda beroa 10 pezetan eta kikara garbian 20an saltzea, sukaldea kanpoko patio batean zegoelako.

Peñaren anekdotetakoa da 1967ko neguan hotza pasatzen ari zirela-eta San Lorentzo elizaren berokuntza sistemarekin juntura klandestino bat egin behar izan zutela. San Fermin festetatik kanpo, futbol, eskubaloi eta musika alorrak antolatu zituzten. Fernando Lacunzak abiatu zuen azken eskola horretatik sortu zen Jarauta 69 fanfarrea, zeinek lokalaren izena hartu baitzuen.

1979tik aurrera, Los del Bronce peñakoek Jarauta 54ko lokala dute atseden toki. Hor sortu ziren errugbi saila 1988an eta kultur eskailera. Eskailera hori eskailera tradizionalaren hurrengo ostiralean egiten da eta hitzaldiz, solasaldiz eta musika emanaldiz osatzen da. Sukaldaritza ikastaroak egiten dituzte eta sanferminetan menuko bazkaria ematen dute peñan.

El Bullicio Pamplonés

Carmen kaleko 22 bis. +24 948 22 30 39 eta +34 948 222 121

José María Sáezi esker dakigu El Bullicio Pamplonés peña 1933an sortu zela lagun talde batek San Fermin festetarako izan zuen ekimenaz. Festaz gain, mendirako txangoak eta futbol, mus eta domino partidak antolatzen zituzten. 1943an Carmen kaleko 28. zenbakiko lokal handiago batera aldatu ziren bazkide izateko eskaera zela eta. Han egin zituzten El Bullicioko orduko dantzaldi ezagunak, zeinek ongi pasatzeko eta sanferminetako gastuak ordaintzeko balio baitzuten.

1953an ezin izan zizkieten lokalak sorrarazten zizkien gastuei aurre egin eta utzi zuten; handik aurrerako biltokia Cordovilla taberna izan zen. 1975ean peña txikia eratu zen eta, kide izan nahi zutenak gero eta gehiago zirenez, Carmen kaleko 22ko Simons kafetegiko lokala erosi zuten, betiko egoitza izanen zena. Zuriz janzten dira, brusarik gabe, ezkutua zapian bordatuta.

Donibane

Barañáingo etorbidea, 6. 31011. Iruñea. +34 948 266 159, +34 948 278 045. @DonibaneSanfer
Posta elektronikoa: info@donibanesanferminera.com
web orria: http://www.donibane.org/

1977an Donibane auzoko gazte batzuek izan zuten iniziatibak San Juan izeneko peñaren fundazioa izan zuen bukaera. Uztailak 7 zuen eta peñarik gazteenetako bat sortu zen. 1985a arte ez zioten oraingo izena jarri, Donibane. Lehen lokalean 1979an hasi ziren Kodesko Andre Maria kalean. Arropa zuria eta brusa urdin argia janzten dituzte eta zapian ezkutua eramaten dute.

Sanferminetako guztietarik kide gehien duena da. Hori izan zen Barañaingo etorbideko lokala, garaiko beharrei erantzuteko egokia, erosteko arrazoia. Lokal horrek Burguer eta Los Kilikis jatetxea izan zirena okupatzen du. Bestalde, Oko Andre Maria plazako lokal zaharra uzteko, Donibanek Jarautako 35 deituriko taberna eskuratu zuen, zein orain festetan zehar egoitza baitu Galtzerdi deritzotela.

Sanferminetakoez gain, hamaika dira beren jarduerak, sukaldaritza ikastaroak, mota guztietako lehiaketak, euskara eskolak eta beste anitz barne. Elkarte gastronomikoa izanik, jardun handiko peña da, bertako masa soziala oso dinamikoa delako. Hasieratik orain arteko anekdotetan, urte batean uztailaren zazpian pankarta lapurtu izana dute nabarmengarri. Hilabete batzuen buruan agertu zen eta horregatik peñako txikien pankarta erabiltzera beharturik egon zen. Bazkidearen eguna San Fermin festetan ospatzen dute eta beste zenbait tokitako peña batzuekin senideturik daude.

Aldapa

Lokala, Jarauta kaleko 48an. Telefonoa: +34 948 210 021
Interneten duten foroan bazkideak elkarren artean komunikatzen dira. http://aldapa.mejorforo.net. http://aldapa.soy.es

Aldapa 1947an fundatu zuten kirol kluba izateko. 1958an peña eratu zuten eta, horregatik, 2008an bere 50. urteurrena ospatu zuten. San Fermin festetan ez dute brusarik eramaten, baina bereiz daitezke ezkutua zapian bordaturik eramaten dutelako. Lokala Jarauta kaleko 48an dute eta kideak 275 dira. Urtezaharra zuzenean aritzen den orkestra batekin ospatzen dute peñan.

Aldapa peña dute izena hastapenetan biltzeko aukeratzen zuten tabernaren izena hartu zutelako. XX. mendeko laurogeiko urteetan gaur egun okupatzen duten lokalera agertu ziren. Haien jarduerak gastronomikoak dira batik bat eta Boscos Lehiaketan talde bat dute.

Sanferminetan oso ongi etortzen da haien himnoa jakitea: Aquí están, aquí están
los chicos del ALDAPA / bailando el tipi-tapa / que es toda su ilusión / Allá van, allá van / corriendo en el encierro / son duros como el hierro… / ¡Ay, madre, que emoción! da haien himnoaren leloa.

Alegría de Iruña

Lokala, Jarauta kaleko 61ean. Telefonoa, +34 948 227 115 Posta elektronikoa: alegriadeiruna@yahoo.es

Alegría peña 1952an fundatu zuten Moto Club tabernan gazte batzuen bi ekimen fusionatzean, nahiz eta haien lehen sanferminak, pankarta eta guzti, 1953koak izan. Alde batetik, 1947an, Alde Zaharreko gazte talde batek Imoztarra peña eratu zuen, egoitza Kale Berrian zuen eta herri horretaraino joaten zen autobusaren izena jarriz. Futbolean aritzeko elkartzen ziren eta errondaila batekin dibertitzera joateko. Beste aldetik, futbol talde bat, Alegría izenekoa, San Agustín kaleko Arrizabalaga tabernan biltzen zen.

Haien lehen iniziatibak kirol alorrekoak izan ziren eta saskibaloi talde bat antolatu zuten, mendira joaten ohi ziren eta gastronomia zitak egiten zituzten. 1969an Alegría de Iruña izena jarri zioten peñari betiko. Lepoa, eskumuturrak eta poltsikoa gorriak dituen brusa berdea janzten dute. Eta zapi gorria, ezkutua bordaturik eta ertzean errematatzeko xingola berdea.

XX. mendeko 60ko urteetara arte peñaren egoitza soziala Or Kopon tabernan egon zen, zein, Calderería kalera aldatu zenean, Alegría taberna izatera pasatu baitzen. 1973an lokal berria inauguratu zuten Jarauta kaleko 8. zenbakian. 1978ko uztailaren 19an, sanferminetako gertaeren ondoren, lokal hori lehergailuz eginiko atentatu batek suntsitu zuen. Kalte guztiak materialak izan ziren. Jarauta kaleko 8. zenbakitik 61era aldatu ziren behin betiko eta hor 50. urteurren entzutetsua ospatu zuten 2003an.

Peñaren beste jarduera nabarmengarri bat karitate saila da, 1960tik jardunean. “Patata operazioa” da nabaria, hots, patatak biltzea gero Behartsuen Senidetxoei emateko. Hainbeste iniziatiba izanik, peñaren izen berria indartu zen: Sociedad Deportiva Recreativa Cultural Alegría de Iruña”. San Fermin festetakoez gain, bestelako jarduerak ere gauzatzen dituzte, sukaldaritza eta euskal dantza ikastaroak esate baterako. Horrez gain, garagardoaren egunean aktiboki hartzen dute parte eta festa mexikar bat eta mus txapelketa antolatzen dituzte. Aurten 15 urte bete da sanferminetan Incansables txaranga peñarekin joaten hasi zenetik.

Anaitasuna

San Frantzisko kalea 14 (lehen, Montón) Telefonoa: +34 948 254 900 Posta elektronikoa p.anaitasuna@yahoo.es

Anaitasuna brusako poltsikoan peñaren ezkutua eta zapi gorrian San Ferminen irudia eramateagatik bereizten da. 2009an bere 60 urteak ospatzen ari da. Ezen 1948an, “La perrera” tabernan, Anaitasuna futbol taldeko kideek motibaturik, izen bereko peña fundatu zuten sanferminak lagun eta ezagunen artean ospatzeko asmotan. 1949ko ekainera arte itxaron behar izan zen gainerako peñek Anaitasunari ongietorria eta oniritzia eman ziezazkioten.

Lehenengo bazkideak 40 izan ziren eta hasieratik peñak kirol elkartearen funtzionamenduarekiko bere autonomiari eutsi zion. Turrillas maisuari enkargatu zioten himnoa egitea eta lehen pankarta Luis Cíak margotu zuen.

Kide ospetsuen artetik Matt Carney amerikarra da aipagarria, zein Iruñera lehen aldiz 1950ean etorri zen María Pilar Lassak gonbidatuta. Anaitasunaren sanferminak ezagutu zituen eta nazioarteko hainbat hedabidetan azaldu zuen bere esperientzia. Hirurogeita hamarreko urteetan, Carneyk sanferminetako ohorezko zapi gorria jaso zuen egindako lanarengatik.

1971n, Anaitasuna peñak Informazio eta Turismo Ministerioak turismo merituari emaniko zilarrezko aipamena jaso zuen San Fermin festak sustatzeagatik.

Urrezko Pankarta saria ematen du. 2008an peñako kide Pedro Osinaga aktoreari eman zion.

Armonía Txantreana

Laguntzako Andre Maria kalea, z.g., +34 948 125 083

Ezaugarri bakarra peñako zapi bordatua dute, gainerakoa zuria. Peña honi zor zaio sanferminetan galtza eta alkondara zurien erabilera hedatzea. Beste peña batzuek 1932tik erabili zuten arren, Armonía Txantreanak hedatu zuen ohitura zenbait sanferminetan janzkera hori peñako bazkide guztiek batera aukeratu zutenean. 1956an sortuta, Iruñean auzo bateko lehen peña izan zen eta horrek gehiago sortzea eragin zuen. Hasieran Alegría Chantreana deitu zen eta gero, behin betiko izenera aldatzean, Txantrea Kirol Elkartean sartzea erabaki zuen.

1981ean peña elkartetik bereizi zen eta Félix taberna eskuratu zuen, zeinek jaiotzen eta gero hazten ikusi baitzuen. Han ospatu zituen 2006an bere bizitzako 50 urteak, zeinen lekukoa “Armonía, 50 años/urte” liburuaren argitalpenak utzi baitzuen.

Armonía Txantreanak jarduera pila bat egiten du sanferminetatik kanpo. 1961etik 1993ra bitartean mendi saila oso indartsu ibili zen eta Txantrea Mendi Taldea bereizirik eratu zenean bukatu zen. Peña honek, bestalde, ardo ekologikoen lehiaketa eta erraldoi eta buruhandien konpartsa antolatzen ditu, auzoko festetan aktiboki hartzen du parte eta Boscos Lehiaketan talde bat izaten du.

penas-noche

 

Irrintzi S.C.D.R.

Carmen kaleko 8, behea. 31001. Iruñea. Telefonoak: +34 948 224 790 y +34 948 227 857 Posta elektronikoa: info@irrintzi.com

“Irrintzi de Iruña” peña 1950ean fundatu zuten eta Irrintzi eta Iruña futbol klubak izan zituen jatorri, horregatik jarri zioten izen hori. Hasieratik beltzez jantzi ziren, mendi aldeko jendearen oroitzapenean. 1953an bereizi ziren Iruña futbol taldea eta Irrintzi sanferminetako peña. San Agustin kalera aldatu zen azken hori eta horko egoitzako etxabean eta bi solairuetan peñaren sail guztiak zituzten.

1964. urteko apirilean Estafeta kaleko 23ra pasatu zen peña toki faltagatik. Lokala erosirik zuten arren, goiko auzokoarekin izaniko arazoengatik joan behar izan zuten handik, Carmen kalera hain zuzen. Hor lokal bat hartu eta egoitza bihurtu zuten. Lokal horretan peña finantzatzeko alokatzen duten taberna dago. 1971n estreinatu zuten eta bere jarduerek kirol kluba izatetik kultur eta kirol elkartea izatera behartu zuten.

1976an peñaren lehen mende laurdena ospatu zuten eta lehen peña-amnistia gertatu zen. Kolektiboan 25 urte horietan hainbat arrazoirengatik kanporaturiko kide guztiak berriro hartzean datza hori. 90eko urteetan lokala berritu eta gaur egun dagoen moduan utzi zuten eta bazkide kopurua handitu zen.

Futbolaz gain, mendia izan da peñan gehien landuriko jardueretako bat eta “El Bullicio Pamplonés” peñarekin txango egutegi bati eusten diote. Irrintziko kideek protagonismo handia izan dute festan ekitaldiak abiarazteko duten sormenagatik, 1965az geroztiko Struendoa da horren adibide. Peñakoek esan digutenez, ekitaldi hori 11:59an hasten da, RENFEko orduan, Iruñetik ateratzen diren eta Iruñera iristen diren trenen ordua gogoratu nahian.

Tradizioak dioenez, entzierroa baino lehen santuari egiten zaion kanta ofizialdu egin zuten egun ezagutzen dugun moduan, peñen zapiekin. Lehen, santuaren beste irudi bati kantatzen zitzaion, moja batek gaur egun Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilaritza den horretan zegoen Ospitale Militarreko leiho batera ateratzen zuenari hain zuzen. Brusa beltza janzten dute.

La Jarana

Joaquín Jarauta kaleko 16, behea. 31001. Telefonoa: 948 225 218. Posta elektronikoa: jarana@nexo.es

Iruñeko Carmen kaleko koadrila batzuek fundatu zuten La Jarana 1940an. Dokumentu batzuek baieztatzen dute 1931n pankarta batek “La Jarana saluda a Turón” zioela, baina peñak berak aipatzen duen data 1940 da. Hastapenetik urdina aukeratu zuten zapi eta gerrikorako eta brusaren laukietarako. Horren arrazoia Iruñeko armarriak kolore hori eramaten zuela izan zen.

San Fermin eta Estafeta kaleetan hasi ziren eta Jarauta kaleko 16. zenbakiko oraingo lokalera 1982an aldatu ziren. Peña honen kripta, non afariak egiten baitira, Kultur Intereseko Ondasuntzat deklaraturik dago bere balioarengatik, ezen XIV. mendekoa da.

Futbol saila du eta bertan hiru futbol talde eta futbitoko bat aritzen dira. Nabarmentzekoa txikien peña da, ia 150 bazkidekoa da eta San Fermin festetan bere eguna ospatzen du.

Muthiko Alaiak

Estafeta kaleko 57, behea. 31001, Iruñea. Telefonoa: +34 948 226 953

Peña honen jatorria 1931n hasiriko Muthiko Alaiak dantza eta antzerki taldea izan zen. 1934an sortu zen peña eta kultur elkarte gisa eratu zen Zaldikoren jarduerak handitzeko eta sanferminetakoak gehitzeko asmotan. Dantza taldeak dantzak berreskuratzeko, Leitzako Ingurutxoa esaterako, eta beste batzuen ezagutza sustatzeko lanean jarraitu zuen desagertu arte. Baleztenak jarri zizkion, hain zuzen, Ingurutxoko kalejirari “Uno de Enero, dos de Febrero…” hitzak eta hori gero San Fermin festetako himno bihurtu zen.

Berrogeiko urteetan Muthiko Alaiak peñakoek bultzada handia izan zuten, dantza taldeak Barajasko aireportua inauguratu zuen eta peñen lehen nobillada antolatu zuten. 1945ean, Gazteluko plazan istilu batzuk gertatu zirela eta, gobernadore zibilak lokala itxi zien eta kale gorrian geratu ziren. Egoitzatzat tabernak erabili zituzten, lehen La Fructuosa eta gero García. Geroago, lokal bat Kale Nagusiko 89. zenbakian alokatzea lortu zuten. 1954an, kaleko protesta batzuen ondotik, gobernadoreak berriro itxi zuen Muthikoren lokala. 60ko urteak San Frantzisko kalearen eta Gazteluko plazaren artean banatu zituzten.

Muthiko peñak euskara eta kontabilitate eskolak eta Nafarroan barnako bidaiak antolatzen zituen. Mendi, futbol eta emakumezkoen eskubaloi eta saskibaloi atalek, fanfarreak eta Santa Ageda eguneko koruen berreskurapenak ikusi zuten argia urte horietan. Pilotan Retegi, Lajos eta Aldaz anaiak peñaren alde aritu ziren eta titulu nazional batzuk lortu ziren, erremontean batik bat Rodriguez, Lekumberri eta Minarekin. Fabaren Erregearena antolatu zuten. 1974an Comedias kaleko 14. zenbakiko hirugarren solairuan eraikuntza berriko lokal baten jabe egin ziren, non 25 urte baino gehiagoz izan ziren. Orain dela zenbait urte Estafeta kalera aldatu ziren, etxabea eta lehen solairua dituen lokal batera, peñaren beharretarako egokia eta entzierroaren ibilbidean kokatua. Lauki urdin txikiko brusa janzten dute.

Oberena

Sebastián de Albero kaleko 1, behea. 31005. Iruñea. Telefonoa: +34 948 235 075 Posta elektronikoa: administracion@oberena.org

1940an Club Deportivo Oberena sortu zen kirol eta folklorearen inguruko dibertsio sano bila. Santos Beguiristáin apaiza izan zen bultzatzailea, eta jarraitu zioten San Saturnino, San Nikolas, San Agustin, San Lorentzo eta San Frantzisko Xabierkoa parrokietako gazteak, lehen kideak. Intsigniaren berdea Acción Católicoaren kolorea zen, uniformearen gainerakoa zuria eta beltza izanik.
1941eko urtarrilaren 20an, futbol, pilota, alpinismo, atletismo, txirrindularitza eta igeriketa atalei sanferminetako peña gehitu zitzaien. 1941eko uztailaren 7an atera ziren lehen aldiz festan. Hurrengo urtean dantza, txistu eta gaita taldeak eta errondaila eta koruak eratu zituzten, zeinek, peñak bezala, 1983a arte Labrit pilotalekua erabili baitzuten.

Oberena peñak zezen munduarekin du zerikusi handia. Esate baterako, Antonio Ordóñezek harreman berezia zuen Oberena peñako kideekin eta horko ohorezko kide izendatu zuten. Ordóñez peñako garaiko presidente Fernando Salcedo Cilvetiren oso laguna zen eta antzekotasun hori bilobei transmititu zien. Horregatik, Oberenako hainbat bazkideren zeregina izan da zenbait toreroren entzierroan, Francisco Rivera Ordóñezena adibidez, gidari izatea. 1990ean, klubaren berrogeita hamar urteak ospatu zirenean, Jaime Pablo Romero, Victorino Martín (aita) eta beste zenbait ganaduzalerekin zezenen munduaren gaineko hitzaldiak antolatu zituzten.

San Fermin festetarako Oberenak San Lorentzo kaleko 31. zenbakian du lokala, Lanzale jatetxea izandakoan alegia. Bestalde, sanferminetan, Patxi Larumbek Antonio Molinaren “Soy minero” kantaz egiten duen antzezpena da azken urteotako tradiziorik herrikoienetakoa. Beti, goizaldeko ordu biak jota, kanta hori hasten denean Larumbek bere emanaldi berezi eta kutuna egiten du gero jendearen gainetik jauzi egiteko eta airean eramana izateko.

Rotxapea

Abaurregaina kaleko 1. Behea. 31014. Telefonoa: +34 948 121 365

Rotxapea peña San Fermin festetan eta urte osoan auzoko gazteak elkartzen saiatze aldera eratu zen, zeren horiek, bertan aukerarik ez zutenez, beste peñekin joaten baitziren. Unión Cultural y Deportiva Rotxapeak, auzoko aisiaren erreferentziak, peñako gazteak babestu zituen eta bere ataltzat eratu zuen 1979ko martxoaren 24an, Bernardo Apesteguía lehen presidente izanik. Lokalez ez dira 1982az geroztik aldatu, nahiz eta lehen egoitza Ave Maríako Gure Txokoa izan zen. 200 bat dira kideak eta Descalzos kaleko 73. zenbakian duten lokala San Fermin festetan erabiltzen dute.

Rotxapea peñak sanferminekin eta kirolarekin harreman sakona du. Futbol taldeez gain, arazotan ibiliriko zenbait talderekin konpromiso handia izan du, Navarra waterpolo klubarekin esaterako. Horrez gain, 2008an, maiatz eta ekaineko elkarren segidako sei asteartetan, Rotxapea peñak zezen eta sanferminei buruzko jardunaldiak antolatu zituen.

Sanduzelai

Landa doktorearen kalea, 1-3. Telefonoa: +34 948 258 851 – +34 948 176 661. Posta elektronikoa: penasanduzelai@telefonica.net

1979an sortu zen eta 1980an izan zituen bere lehen sanferminak San Jorge peña izanik eta lauki zuri eta beltzeko brusa eramanik. 1996an aldatu zuten izena batzarrean aho batez eta orduz geroztik Sanduzelai peña dira.

Sanduzelaiko Auzo Elkarteak toki bat utzi zien lokalik ez zutenean, baina gero Landa doktorearen kaleko bat erabili zuten. Han finkatu zen peña eta bertan dirau oraindik, lokalak kide gehikuntzaren beharren arabera berrikuntza egokiak izan ondoren. Bestalde, Jarauta kalean lokal bat daukate, San Fermin festetan irekitzen dutena.

Oso peña dinamikoa eta auzoarekin konprometitua da eta jendeari oro har irekiriko jarduera asko antolatzen ditu. Kultur koordinakundearen bitartez, auzoko festen, Olentzeroren ekitaldien eta Santa Ageda eguneko koruen antolakuntzan inplikatzen dira. Sanferminetatik kanpo, Sanduzelaiko lagunekin batera peñaren eguna ospatzen dute, paella eta beste zenbait lehiaketa barne.

El Charco S.D.C.R

C/ Mendikale kalea, 6, 31013. ANTSOAIN Posta elektronikoa: contacto@elcharco.net

El Charco, diotenez, “aparteko aitzurraren ondoren” hasi zen… ze 1974ko abenduaren 24an lagun batzuk Marín tabernako atean kaltetu samar zeuden hamaiketakoan txirlak jan ondoren. Han bururatu zitzaien peña bat eratzeko ideia. Marín tabernan gela bat utzi zieten eta handik sortu zen izena. El Charco izena euria egiten zuenean taberna aurrean egiten zen putzu (charco, gaztelaniaz) handitik hartu zuten. Iruñea hirikoa ez den peña bakarra da, bere herria Antsoain delako, fisikoki Iruñeak irentsirik egon arren udalerri independentea.

1975eko azaroaren 28an onetsi zituzten lehen estatutuak eta Antsoaingo Mendikale kaleko 8. zenbakian etxabe bat alokatu zuten. Hamar izan ziren lehenengo bazkideak, baina urtebete igarota laurogei ziren. Peñak lehenengo ateraldiak egin baino lehen, dantza taldea, majorette taldea eta antzerki taldea sortu ziren. 1977ko uztailaren 7an atera zen peña lehen aldiz eta Antsoaingo Errege Kabalgatan parte hartu zuen. Geroago iritsi ziren futbol taldeak, jota eskola eta, 1986tik, maiatzaren lehen guztietan egiten den El Charco herri lasterketaren antolakuntza. Zuriz janzten dira eta zapia eta gerrikoa urdinak dituzte eta haien brusak marra urdinak eta zuriak ditu. Jarauta kaleko 75. zenbakian lokal bat dute festatik hurbilago egoteko.

La Única

Jarauta kalea, 74. 31001. Iruñea. +34 948 22 57 28

Haren sorrerari buruzko lehen datu dokumentatuak 1913koak dira, baina batzuek 10 urte lehenago kokatzen dute, 1903an. Peña hasieran gipuzkoar talde batez eta lagun batzuez osaturik egon zen eta haiek “los de siempre” zioen pankarta eramaten zuten desfilatzean. Beraz, Iruñeko peñarik zaharrena da La Única. Izena festa animatu nahian karriketan barna parrandan koadrila bakarra ibiltzen zelako jarri zioten hain zuzen.

Ez zen hori oso ohikoa ez sanferminetan ez urtean zehar, baina iruindarrei oso gustatu zitzaien eta agintariei gutxi. Haize instrumentuak hartu zituzten eta egun txaranga eta fanfarre deitzen duguna osatu zuten eta koadrila batzuen etsaitasuna irabazi zuten ohikoa gitarrak eta bandurriak eramatea zelako, eta horiek askoz gutxiago entzuten ziren. Zapia, gerrikoa eta espartinen zerrendak berdeak dituzte, Iruñeko banderaren jatorrizko kolorekoak, eta lauki txiki zuriak eta berdeak dituen brusa.

Pixkanaka peña gehiago agertu ahala, festetako giroa oraingoaren antza hartuz joan zen. Berrogeiko urteetan, La Única peñako dantzaldia antolatu zuten, zein bere garaian oso nabarmena izan baitzen, diru biltzea helburu. Gero La Jarana batu zitzaien ekimen horretan. 70eko urteetan peña honek indar berriak hartu zituen, bazkide kopurua handitu zuen eta peña guztietan lehena izan zen presidente emakume bat izaten, zein, aldi berean, Federazioaren bozeramailea izan baitzen.

Mutilzarra peña

Calle Ciudadela 3. 31001. Iruñea-Pamplona Posta elektronikoa: info@mutilzarra.org web Mutilzarra

1992ko abuztuko 21ean, lagun kuadrila bat, Joaquin Baleztenaren ideien arrazoiz eta Vinos el Cosechero tabernaren, alias “El Marrano”, klaretearen inspirazioari esker, peña berri baten fundazioa aurrera eraman zuten. Horrela, trago joan eta trago etorri, Mutilzarra peña jaio zen. Peña honen filosofia dinurik irabazi eza, apolitikoa izatea, festa zalea izatea eta kultura bultsatzea. 1995arte, ez zuten leku finkorik ahurkitu. Urte hartan San Agustin 40ra mugitu ziren eta Sanferminez kanpo aktibitate jarraiak egiten hasi ziren. 2005ean gaur egungo sede soziala ireki zen Olite 15 kalean, San Agustin kalean zuten tokia mantenduz Sanferminetan.

Riau-Riauaren bukaera ofizialatik, oso gurea den tradizio hau urtez urte berreskuratzea da beraien helburua. Iruñeko erretirodunen taldearekin Riau-Riau ez ofizialean parte hartzen eta bultsatzen egon dira honen lekua programa ofizialean berreskuratu arte.