Comparsa de Sanfermin frente al Ayuntamiento de Pamplona

Erraldoiak

Konpartsa egun guztitan kaleetatik pasiatzen diren pertsonai ezberdinez osaturik dago. Jende mordoarekin joaten dira eta oso maitatuak dira Iruñean, bereziki aurrengandik

Zer da erraldoien eta buruhandien konpartsa?

Hiri askok dituzte erraldoiak, baina Iruñekoak bezalakorik ez dago, eta ez gara txaubinistak, bai zera, ez, ez. Zortzi pertsonaia dira, zortzi errege-erregina, gaitzak (launa metrokoak). “Munduko lau parteak” irudikatzen dituzte: Europa, Afrika, Asia eta Amerika (Ozeania ez omen zuten ezagutzen).

Gaurko erraldoiok ez dira oso zaharrak (1860), baina oso tradizio zahar baten segimentu dira. Erraldoiez gain bost buruhandiko gorte bat izaten dute bidelagun: alkatea, kontzejala, amona eta japones parea. Eta gainera sei kiliki: Barbas, Patata, Verrugón, Coleta, Caravinagre eta Napoleón; hauek halako konpainia antidisturbio umeentzakoa osatzen dute eta gezurrezko zartailu batzuekin (puxikak) ume zanpatzen aritzen dira. Kilikiek belaunaldiz belaunaldi kikildu dituzte, gaituzte Iruñeko umeak. Segizioa osatzeko, sei zaldiko daude, erdi gizaki erdi zaldi, haiek ere ume jotzen zaleak.

Kasualitatez kilikiren batek zure haurraren betaurrekoak puskatzen baldin baditu, jakizu badera aseguru bat hori guztia bere gain hartzen duena. Konpartsako arduradunarekin hitz egin behar da eta kexa agertu udalean. Nahiko ohikoa omen da.

 

Zer egiten dute?

Segizio hau osorik, “Konpartsa”, eguneko hainbat ordutan topatuko duzu kalean, hamaika umez, gurasoz, aitona-amonaz eta lagunez oro har, gaiten eta ttunttunaren soinuan dantzan, inguraturik. Erregina guztietarik beltzenarekin ttunttunari talde bat joaten da eta hari esker konpartsaren tresnarik zaharrenak bertan jarrai dezake. Erraldoiek batez ere dantza egiten dute, balsak, polkak, jotak, lau metro garai izanik: ikusteko gauza da.

Konpartsa egunero ateratzen da eta bide jakin bat egiten, Iruñeko egunkarietan eta programa ofizialean azaltzen dena. Horrez gain, festako ospakizun inportante guztietan hartzen du parte: prozesioa, txupinazoa eta riau-riaua.