© Mikel Ciaurriz

Non edan

Iruñea hiriak taberna kopuru handia du, baina barnean sartzen den baino jende gehiago etortzen da. Aprobetxa itzazu terrazak eta kontatu behar dizkizugun truku batzuk

Sanferminetan edatea ohiko samarra da, baina ez edan eta ongi pasatzeko mozkor joan beharrik ez dagoela erakustea ere bai.Gure festetan oraingoz ohikoa da alkohola kontsumitzea eta neurriz egitera animatu nahi zaitugu besteen festa honda ez dezazun.

Iruñean edateak bi ezaugarri bereiziok ditu: tabernetan edatea eta karrikan edatea.Iruñeko tabernak franko dira, Alde Zaharrean eta Lehen Zabalgunean bereziki, zein festa eremu nagusia baita, baina orokorrean edo txikiak dira edo,  biltzen den jendetza dela eta, txiki geratzen dira. Horregatik, tabernen barnean edateak bi eragozpenok ditu: hartu behar duzuna barran eskatzea eta taberna barnean horrenbeste jenderen artean edatea. Horregatik sarri jende anitz karrikan edatera bultzaturik gertatzen da. Bada Iruñean tabernetatik edaririk 23.00etatik ateratzen uzten ez duen lege bat indarrean, baina sanferminetan zaila da aplikatzen.

Edateko aholkuak:

Tabernen barnean jende anitz badago, zenbait lokaletan sartu gabe zerbitzatzen dute leihotik, El Txoko, El Okapi, Cervecería de la Estafeta eta Roncesvalles.
-Aprobetxa itzazu barra duten terrazak, zu ez itotzeko, dantza berdin egiteko eta berorik ez pasatzeko. Labriteko jaitsiera aldean terraza itzelak egoten dira, eta haietan, dantzatzeko tokia eta barra luzangak, eta bertan ez duzu arazorik izanen. Eta Erriberri eta Orreaga kaleetako tabernetan ere aurki ditzakezu martxa giroko terraza onak. Gazteluko Plazako terraza erraldoiak estatikoagoak dira gomendatzen ari gatzaizkizunak baino.
-Oso taberna handietara ere joan zaitezke zuzenean, ez dira horrenbeste baina martxa ona izaten dute, Iruña kafetegia eta Casino Eslava (bi solairu), esaterako, Gazteluko Plazan berean.
-Kontzertuak izaten diren toki guztietan izaten dira barra eramangarriak. Ez duzu edaria hirian barna zertan eraman, bukatuko delakoan, zeren dantza egiten duzun tokian parrandan jarraitzeko aukera izanen baituzu.
-Gogoratu edukiontziak nonahi egoten direla, eta paperontzi gorriak erdialde historikoan barna, sobera geratzen dena botatzeko.

Kontsultatu Iruñeko Udalaren Taberna gida telefonoz deitu nahi baduzu.

Edate ibiltaria ohiko samarra da sanferminetan eta horregatik garatu zen festa hauen elementurik tradizionalenetako bat -jada eskaera txikiagokoa-: zahatoa. Edaria eraman eta kontsumituz joateko irudimenak zenbait asmakizun ikustera eraman gaitu: erosketako orgak, ongarritzeko makina hauspodunak edariz beterik, bidoiak, poto batzuk loturik zituzten kaskoak, runner-en bizkar zorroak -non ura ardoak ordezkatzen baitu-, gerriko poltsa depositudunak, e.a.

san-fermin-2015-11_19614383955_o