Zezenen aldamenean

Juan Pedro Domeckenak entzierro oso azkarrean lasterketa politen protagonista, sei ospitaleratu eta adarkaturik ez

Argazkia: José Antonio Pérez

Entzierro oso bizkorra Juan Pedro Domecqen ganadutegi sevillarrarena. Bi zezen beltzek zezen-taldeari aurrea hartu diote Santo Domingoko aldaparen ia hasieran, lasterketaren protagonista horiek erritmo oso bizia ezarri dute eta gainontzeko zezen-saldoa gidatu dute zezen-plazaraino. Erritmo bizkorrarengatik arrisku eta tentsio handiko uneak bizi izan dira entzierroaren tarte batzuetan, Mercaderesen eta Telefónica-Kailejoiko sarreran batez ere, baina ez da adarkatutako lasterkaririk egon, zezenak oso zintzoak izan baitira.

Bi zezen beltzek bakar-bakarrik egin dute lasterketa Santo Domingoko aldapatik aurrera eta erritmo oso bizkorrean zezen-taldea gidatu dute, korrikalariei zaila egin zaie lasterketaren erritmoa jarraitzea eta baita adarren aurrean nabarmentzeko hutsuneak aurkitzea ere. Bi zezen beltz hauetariko bat Mercadereseko bihurgunean irristatu da, baina oso azkar altxatu eta bere anaiarekin bat eginez lasterketa jarraitu du. Estafeta kalean korrikalariek lasterketa politak egin dituzte bi zezen beltz horien aurrean, gainontzeko zezen-saldoa bi multzotan atzetik zihoala joaldunek inguratuta.

Lasterkari batzuk tarte ezberdinetan kolpatuak izan dira eta ibilbidean zehar erorketak errepikatu dira, baina ez da adarkatutako lasterkaririk izan eta zezen-taldeak 2012 Sanfermin jaietako azken-aurreko entzierroa 2:23an bukatu du.