Fuente Ymbro zezenak ziztu bizian

Zauritu bakarra bosgarren entzierro azkarraren ostean

Argazkia: Miguel Goñi

Sanfermin 2011ko bosgarren entzierroa, Fuente Ymbro ganadutegiko zezenak protagonista izanik eta lasterkari gutxiagorekin, oso ikusgarria eta azkarra (2:33) izan da. Zezen beltz batek aurrea hartu du Santo Domingoko tartearen erdialdean, eta bakarrik egin du korrika ziztu bizian ibilbide osoan zehar.

Zezen beltz horrek korrikalari batzuk harrapatu ditu, eta zailtasunak izan dituzte animaliaren adarren aurrean jartzeko, abiadura handian egin baitu korrika. Zorionez, zezenak zintzo jokatu du eta ez dio inori eraso egiteko imintziorik egin.

Ibilbide osoan erorketa eta estropezu ugari egon dira eta lasterketa politak ikusteko aukera egon da, lasterkariek adarren aurrean korrika egiteko zailtasunak izan dituzten arren.

Gainerako zezenek nahiko elkartuta egin dute korrika, joaldunez inguratuta. Zezen-plazan, berriz, azken zezen beltzak buelta eman du lasterkariengana zuzentzeko, baina berehala sartu da zezentokira.