Hesiaren kontra adarkaturik

Fuente Ymbro-koen adarkadaz lasterkari bat zaurituta, gibelean geratutako zezenak emanikoa

Argazkia: Jasper Wolf

Fuente Ymbro ganadutegiko zezenek osatu dute aurtengo sanferminetako hirugarren entzierroa. Arriskuz eta une latzez josiriko lasterketa luzean zezen bat Santo Domingo aldetik mantso eta trakets etorri da. Geroztik, adarduna, gainerakoengandik geroz eta urrutiago, behin eta berriro biratu da, gibelera so geratu eta ibilbide osoan topatzen zituen lasterkarien kontra oldartu da, adarkada-imintzioak eginez. Nekaturik zegoen zezena, maiz lerratu eta lurrera erori da, eta Espoz y Minan tentsio handiko uneak bizi izan ditugu, ezker aldeko hesia bortizki adarkatu duenean. Zezen-plazarako sarreran ere urduritasuna nagusitu da, zezenak eskuinaldeko hesia "garbitu" egin duelako, behin eta birritan buelta emanez.

Lasterkari bat adarkadaz zauritu eta beste bi ospitaleratu dituzte, traumatismoekin.

Zezen-taldea abiada bizian atera da Santo Domingoko kortatik eta, joaldunek gidaturik, Mercaderes alderaino trinko samar heldu da, aipatu dugun adardun beltza saldotik metro batzuk urrundurik zetorren arren.

Animaliak abiadura politean zihoazela, buruetako batek Mercaderes karrikan lasterkaria bortizki harrapatu du baina aitzina egin dute denek, Estafetarako bihurgunean lerratu gabe.

Ibilbideko tarterik luzeenean zezen-saldoa luzatuz eta sakabanatuz joan da eta, bestetik, gaurko entzierroan parte hartu duen jende oldeak eragotzi die lasterkariei adarretatik gertu-gertu korritzea, ohi den bezala. Nolanahi ere, karrika osoan ikusi dira gaur ere korrika-saio ikusgarriak. Karrikaren hasieran zezenek beste gazte bat ere harrapatu dute eta bide-tarte osoan izan dira erorketak baina, hor ere, protagonista nagusia atzean, saldotik bereiz, zetorren zezen beltza izan da, une larri-larriak pasarazi baitizkie bertan zirenei, plazako zezentokian sartu arte.

Animalia bakarrik zebilen, noraezean eta, inguruan zituen lasterkariekin distraituta, behin eta birritan jiratu da alde batera eta bestera, tentsio, urduritasun eta arrisku latzak sortarazita. Espoz y Mina aldeko ezker hesiaren kontra garrazki oldartu da eta zezen-plazarako sarreran, eskuin aldeko hesia jendez garbitu ondoren, behin eta berriz jiratu eta gibelera itzuli da. Lasterkarien ofizio onari esker, dena dela, adarduna pixkaka plazan sartu da, bertan jende oldeak abegia egin diolarik. Plazako hondarrean kapotedunek zezentokira eraman dute, azkenean, sei minutu eta hogeita hiru segundoko lasterketa luze bezain larrigarria osatuta.