Ziztu bizian

Victoriano del Ríoneko zezenek abiada bizi-biziko lasterketa egin dute, adarrez inor zauritu gabe

Argazkia: Luis Azanza

Sanferminetako seigarren entzierrorako zezenak estreinakoz ekarri ditu Victoriano del Río (Guadalix de la Sierra, Madril) ganadutegiak. Ibilbide osoan asteburuan baino dezente lasterkari gutxiago zirenez, abiada bizian (bi minutu eta hamazazpi segundo) eta garbi-garbi egin da, hasieran zezenak aitzina hartu baitio saldoari eta, bera buru, sekulako abiadan ekarri ditu senideak Santo Domingo aldaparen erditik. Martxa horretan segitzeko ahaleginak eta bi egin dituzte lasterkariek baina, halaz ere, korrika-saio ikusgarriak egin dituzte Estafeta aldean. Jende asko erori da eta, areago, adardunek zanpatu egin dute korrikalari bat baino gehiago baina, oraingoz behintzat, badirudi inor ez dela zauritu adarkadaz. Iruñeko ospitaleetara hiru gazte eraman dituzte, traumatismo arinak artatzera.

Berriro ere ziztu bizian egin dute Santo Domingo aldea: zezen beltzak aurrea hartu dio saldoari eta metro batzuk aitzinetik talde-buru joan da ibilbide osoan. Lasterkariek komediak izan dituzte adardunen abiaduran ibiltzeko, are zailagoa adarretatik gertu korritzeko.

Talde-buru zihoan zezen beltzak abiada horretan segitu du Udaletxeko plazan eta Mercaderes karrikan ere. Gibelean zetozen zezenetako bat Mercaderes hasieran lerratu eta erori egin bada ere, berehala zutitu eta aitzina egin du, haurrideekin batera.

Estafeta karrikan zezen taldea bereiz zihoan: Santo Domingo aldapan aitzindari jarri den zezen beltza lehenik, handik metro gutxira beste bi adardun eta atzerago beste hiru, azkenik, joaldunek inguraturik. Tarte horren hasieran, eskuinean, jende-piloska bat osatu da baina zezenek aitzina egin dute, horiekin erreparatu gabe. Adardunen arteko bereizketa horri esker lasterkariek aukera izan dute adarren aurrean jarri eta lasterka saio polit-politak egiteko baina, dena dela, gaurko entzierroan ez zaie bat ere erraza gertatu piztien abiadura mantentzea. Tarte horretan jende asko erori dira eta, areago, lasterkariren bat zezenek zanpatu dute baina, hori bai, adarkadarik inork ez du hartu gaurkoan.

Zezen-plazarako sarrerako hesian une arriskutsuak izan dira, bi zezenek hainbat lasterkari adarrekin ukitu dituztenean eta emakume bati elastikoa zulatu dionean baina, gaitz erdi, oldartzeko imintziorik ez dute egin eta aitzina jarraitu dute abiada bizian.

Saldo-buru jarri den zezen beltzak abiada bizi-bizian jarraitu du eta plazara bakarrik heldu da; bertatik metro batzuetara iritsi diren bi haurrideek gidatu dute kortarako bidean, hondarrean atzera biratzeko imintzioa egin duenean. Beste hiru adardunak joaldunek bildurik sartu dira plazan eta, erresistentziarik agertu gabe, zezentokietan sartu dira pixkaka. Lasterketak, bizi-bizia, 2 minutu eta 17 segundo iraun du.