Miurak, zintzo

Lasterketa azkarrean adarkadaz zauritu bakarra, baina arin

Argazkia: Manuel Jorge Pérez

Iruñeko entzierroan beteranoena den Miura ganadutegiaren ezaugarri bereizgarria jatortasuna da. Bertako zezenek gaurkoan saldo trinkoan korritu dute Estafeta karrikaraino eta, berea duten fama agertuz, ibilbide osoan ez dute adarkada-imintziorik egin, kasik, hiru minutu eta bi segundo iraun duen lasterketan.

Estafeta karrikan bitan banatu da taldea eta, bidean jende oldea bazen ere, korrika-saio ikusgarriak ikusi dira. "Cachero" izeneko zezen gorria senideek gibelean utzi dute Telefonica aldean, zezen-plazarako jaitsiera baino lehentxeago, eta azken tartea berak bakar-bakarrik egin du. Telefonica aldean zezen-adarkadaz zauriturik gertatu da lasterkari bat eta beste hiru lagun ere Iruñeko ospitaleetara eraman behar izan dituzte bertatik.

Saldoa hertsi elkarturik ibili da, joaldunek babestu eta bilduta, Santo Domingo aldapan, Udaletxeko plazan eta Mercaderes karrikan eta, ibilbidea lasterkariz josita bazegoen ere, adardunek zintzotasun handia erakutsi dute, jendearen kontra apenas oldartu diren. Ohikoa den bezala, tarte horietan korrikalari asko joan dira lurrera baina erorketa horiek guztiak arinak izan dira.

Zezenetako askok Estafeta hasierako ezker paretaren kontra tupust egin dute eta, areago, haietako bat lurrean geratu da une batez, haurrideek altxatzeko aukera eman dioten arte. Gune horretantxe saldoa bitan bereizi da: bi zezen beltzek eta gorri batek aitzina egin dute joaldunek gidaturik, eta beste hiruak metro batzuk atzerago etorri dira.

Lasterkariek adarren tartetik erakustaldiak egiteko aukera izan dute gaurkoan ere, hori bai, horretarako tartea kemenez bilatuz gero. Bidean lasterkari oldea bazen ere, adardunek zintzo asko jokatu dute eta abiada politean bete dute entzierroa.

Estafeta karrikaren bukaeran "Cachero" zezen gorria behin eta bitan lerratu eta, altxatzen, lasterkari bat aurpegian jo du adarrarekin. Piztiak aitzina egin du baina berehala labaindu da berriro, plazarako jaitsieraren hasieran; orduan, atzerago zetozen zezenek aurrea hartu diote eta gorria bakar-bakarrik geratu da.

Zezen-plazan ziztu bizian sartu dira zezenak eta joaldunak. Hauetako batek plazako sarreran zen lasterkaria harrapatu eta bota egin du. Gaztea zerraldo geratu da lurrean eta bitartean gainerako adardunak sartu dira hondarrean, pixkaka: lehendabizi hiru zezen, beste bi geroago eta gorria, atzenik. Honakoa, kapadunek ekarririk, kostata, zezentokian sartu da.