Ventorrilloko tximistak entzierroan

Zazpi lasterkari ospitaleratuta azken urteotako entzierrorik azkarrenetako batean

Argazkia: Xabier Lizarraga

Ventorrillo (Toledo) ganadutegikoek eragin dute 2009ko Sanferminetako hirugarren entzierroa. Emozioz beteriko lasterketa azkar-azkarraren (2 minutu eta 20 segundo baizik ez du iraun) ondorioa izan da Iruñeko ospitaleetara eginiko zazpi trasladoak. Zezen taldeak trinko egin du ibilbidea Estafeta karrikaren muturreraino eta, zezenak eta gazteak erori badira ere, ez omen da zauritu larririk suertatu. Arrisku bizieneko uneak Estafeta karrikaren bukaeran eta Telefonica tartean egokitu dira, zezen beltza eta gorria labaintzearren, hainbat lasterkari erori eta adardunek harrapatu dituzte. Beharrik, berehala zutitu dira eta ez dute jasan adarkadarik.

Saldoa ziztu bizian irten da Santo Domingoko ukuiluetatik eta ibilbidearen parte handiena trinko-trinko egin du Estafeta bukatu arte, kasik, hiru joandun aitzindari zihoazela. Adar aitzinean tarterik bilatu bai baina gaurkoan nekez aurkitu dute lasterkariek. Zezenek, noble, ez dute oldar-keinu edo imintziorik egin.

Udaletxeko plaza eta Mercaderes karrikan bizi-bizi igaro dira adardunak baina Estafeta karrikaren hasierako bihurgunean zezena lerratu denean, arrisku biziko egokieraren bat hauteman da, korrikalari bat ezker aldetik sartu baita, zezen-saldoa eskuinean zuela. Zorionez ez da labaindu eta aurrera egin du ziztu ederrean Estafetan gora, adardunek harrapatua izan gabe. Horixe izan da gaurko laster-saiorik ikusgarrienetako bat, arriskuak arrisku.

Estafeta karrikan zezen taldea bat eginik ibili da, ederki trinkoturik: horrek lasterkariei adarren aurrean korrika-saioak egiteko aukera galarazi die eta, ohi bezala bulkadak eta erorikoak gertatu izan badira ere, inor ez da larririk zauritu. Estafeta bukaeran eta Telefonica hasieran tentsioa areagotu egin da, bi zezenak, bata beltza eta bestea gorria, lerratu, erori eta hainbat gazte adardunek harrapaturik suertatu direnean. Alderdi horretan saldoa luzatu da zertxobait eta buruan zezen gorri bat jarri da, zalkiren batek lagundurik. Tarte horretan, ezker aldean, eroritako jendea pilatzen hasi bada ere, zezenek aurrera jo dute, oldartzeko imintziorik egin gabe.

Saldoa hondarretan sartu denean hiru joaldun eta zezen gorri bat zihoazen buru eta gibeletik zetozen gainerako adardunak. Erresistentziarik agertu gabe sartu dira, azkenean, beren zezentokietan.