Noblea eta adarrez zauriturik gabea

Sanferminetako euren laugarren parte hartzean, Alcurrucén ganadutegikoek lau traumatismo eragin dituzte

Argazkia: José Luis Abadía

Aurtengo Sanferminetako lehen entzierroan Alcurrucén (Toledo) ganadutegiko zezenek bi minutu eta erdiko lasterketa azkarra egin dute eta zezen adarrak harrapatu edo zauriturik ez da inor gertatu; soilik lau lagun eraman dituzte Iruñeko ospitaletara. Bere laugarren parte hartze honetan Alcurrucén ganadutegikoek arras noble jokatu dute: ibilbide osoa lasterkariz josia egotearren, tarte denetan erorikoak gertatu badira ere, sendagileek traumatismoak bakarrik artatu dituzte.

Alcurrucén-go zezen-taldea Santo Domingoko ukuilutik bizi-bizi irten eta joaldunen babespean egin du aldapa osoa, noblezia handiz egin ere, 2009ko Sanferminetako lehen entzierroan parte hartzea erabaki duten lasterkari ugari-ugarien aurka oldartu gabe eta adarkada-imintziorik egin gabe ere.

Santo Domingo aldapa bukatzean, zezen beltz batek taldekideei aurrea hartu eta saldoaren aitzindari bihurtu delarik, korrikalariak adarretatik zentimetro gutxitara zihoazen, lasterketa polit-politak eginez Santo Domingon, Udaletxeko plazan eta Mercaderes karrikan.

Karrika horren hasieran, hain zuzen, arrisku-uneak bizi izan dira, bi zezen beltz labaindu eta bi lasterkari harrapaturik gertatu direnean. Dena den, zorionez lurrean mugitzeke geratu dira eta ez dute larritasun handiko zauririk nozitu. Saldoak abiada bizia hartu, Mercaderes aldapatxoan lerratu gabe, eta Estafetara korrika egin du.

Entzierroko tarte luzeenean ikusi dira korrika saio politenak; zezen-taldea pixkanaka luzatuz joan denez, tarteak utzi dituzte batetik bertzera eta horietan sartu dira lasterkariak, adar-puntetan ibiliz. Estafetaren hasieran saldoa trinko zihoan, joaldunek babesturik, baina handik metro batzuetara zezen bat labaindu, gazte bat harrapatu eta gainerakoetatik urrun gelditu da. Handik metro batzuetara bertze zezen batek ere arrisku-uneak sortarazi ditu, korrikalari baten aurka oldartu delarik, baina lasterketak, oro har, ikusgarriak izan dira tarte osoan.

Saldoak Telefonica tartea eta ibilbidearen bukaera abiada bizian egin dituen arren, horietan ere erakustaldi politak egiteko parada bilatu dute lasterkariek.

Taldean aitzindari zihoazen lau zezenak sartu dira aurrenak plazan; gibelean bertze bi zetozen, banaka, troska alaian. Zezentzain trebeen laguntzaz, azkenik, adardunak beren zezentokietan sartu dira, bertze arrisku-egokierarik eragin gabe.