Azken hatsa kailejoian

Miurako zezenen adarrek, harrigarriro, bost lasterkari (bi, arrunt larriki) zauritu dituzte entzierro ikaragarrian

Argazkia: Ana Villanueva

Sanferminetako festetan beterano den (gaurkoa bere 54. parte hartzea du) eta, orain artekoan, noblezia bereizgarri izan duen Miura ganadutegi mitikoa, igandez korritu den seigarren entzierro honetako protagonista izan da Iruñean. Asteburuan ohi denez, lasterkariz lepo zegoen ibilbidea egiteko zezenek bost minutu behar izan dituzte eta ondorioak dagoeneko ezagunak dira: bost lasterkari zauritu dituzte Miurakoen adarrek eta sei lagun nafar hiriburuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte. Sanfermin.com hedabideko Bullrunning Analytics saioak emaniko datuen arabera, gaurkoa izan da historia osoan zezenen adarrek zauritu gehien utziriko igandeko entzierroa.

Adardun soltea izan da berriro ere entzierroko protagonista. "Ermitaño" izeneko zezen ubelak lagunak galdu eta gibeletik etorri da, Mercaderes karrikako hesiaren kontra talka bortizki egitearen ondorez. Hainbat lasterkari adarkatu ditu eta estualdi larrienak zezen-plazarako sarrerako kailejoian gertatu dira, adarduna korrikalari batekin tematu da eta bitan, bederen sartu dio adarra.

Zezen-saldoak, trinko eta joaldunek bildurik, abiada handiz egin du ibilbidea Mercaderes karrikako bihurguneraino eta, ordura arte, zezenek noble jokatu dute, bidea lepo betetzen zuten hamaika lasterkariei eraso gabe eta alboetara oldartu gabe.

Mercaderes karrikako bihurgunean, ezkerraldean eta zezenek inguraturik zegoen korrikalari gazteak lepoan hartu du adarkada eta, hortik metro batzuetara, piztiek karrika-bihurgune horretako hesiaren kontra jo dute bortizki. Orduantxe sakabanatu da zezen-taldea eta, adierazi bezala, "Ermitaño" zezen ubela atzean geratu da.

Saldoak bakandurik eta abiadura bizian egin du Estafeta karrika, saldo-buru zihoazen zezenak joaldunek babesturik beti ere. Baina, ibilbidearen gehientsua bakarrik eta gibeletik zetorren "Ermitaño" izeneko piztiak arrisku-uneak sortarazi ditu, lagunik gabe eta noraezean zebilenez, entzierroko lasterkariei eraso baitie behin baino gehiagotan.

Lehenbiziko bost zezenek bidea bi taldetan egin dute, ziztu bizian, eta aipaturiko seigarren hori jiratu egin da, Telefonica aldean eta kailejoan batik bat. Piztia ubelak azken tarte horretan eragin ditu izua eta ikara inguruan zebiltzan guztiengan, lasterkari batekin setatu eta, bitan gutxienez, adarra sartu dio. Unaiek eta korrikalariek zezena bertatik kentzeko ahaleginak eta bi egin dituzten arren, esfortzuak alferrikakoak izan dira eta adardunak lasterkariari une luze-luzetan bortxaz eraso dio behin eta berriz. Lasterkariak eta plazako doblatzaileak lagun, gaurko entzierroaren zorigaiztoko protagonista ukuiluetan sartu da, bost minutuko bidea eginikoan.