Ekaitz ondoan, baretasuna

Dolores Agirre ganadutegikoen entzierroan, traumatismoen ondorioz lau lagun eraman dituzte ospitaleetara

Argazkia: Mikel Melero

Sanferminetako bosgarren entzierroa Sanferminetan beterano den Dolores Aguirre sevillar ganadutegikoek korritu dute. Asteburuan gertatu ohi bezala, makina bat lasterkarik hartu dute parte, atzoko tragedia gorabehera. Lasterketak 2 minutu eta 52 segundo iraun du eta, ibilbidean gertaturiko traumatismoen ondorioz, lau lagun eraman behar izan dituzte Iruñeko ospitaleetara, horietako bat bera ere larri ez dagoela.

Arrisku bizieneko uneak, atzokoan bezalaxe, ibilbide gehienean (Santo Domingo bukaeratik) solte etorri den zezenak eragin ditu; amaiera aldean, kailejoian, ezker aldeko hesian zegoen korrikalari baten aurka oldartu da, horrek inkontzienteki erakarri egin duelako. Lurrean zegoela, adardunak astinketa bat eman dio baina ez du adarkadarik emateko imintziorik egin eta berehala hartu du aitzinerako bidea.

Ibilbidearen hasieran lasterketa garbi eta azkar-azkarra izan da. Zezen-saldoa arrunt trinkoturik igo da eta karrikaz alde banatan lasterkari aunitz erori diren arren, taldea joaldunek bildu dute eta ez da arrisku-unerik gertatu, zezenek neble jokatu dutelako, alboetara oldartu gabe.

Santo Domingo bukaeran, ordea, pintta zuridun adardun bat gibelean geratuz etorri da eta gaurko entzierroko tentsio-une latzak biziarazi dizkie korrikalariei baina, beharrik, adarkadarik ez du inork hartu.

Adardunek Udaletxeko plazatik saldo bakarrean igaro dira eta, lasterkari aunitzek irrits egin eta zezenen aurrean erori diren arren, zezenek ez dute inortxo ere adarkatu, biziki noble jokatu dutela. Taldeburuan zetozen bortz zezenak Mercaderes karrikako ukondoan talka egin dute paretarekin eta gibelean solterik zetorren piztia hortxe labaindu da baina gelditu gabe zutitu eta aitzina egin du bidean.

Estafeta karrikan saldoa luzatu da eta buruan zezen beltza jarri da hastapenean, ondotik lau zalki arrandun eta kondarrean beste lau zezen zetozen. Atzeraturik geratu den piztiak beste hainbat metro egin ditu horrela eta, karrika tarte horretan jende oldea bazebilen ere, lasterkariek korrika-saio ikusgarriak egiteko aukera izan dute, adarretatik gertu-gertu.

Zezen-plazarako kailejoian berriro ere izan dira tentsio-uneak, karrikako ezker aldean zegoen lasterkari batek, inkontzientzia osoz, animaliarengana egin eta hau gaztearen aurka oldartu denean, erasotzera gelditu gabe, zorionez.

Bakandurik sartu da saldoa hondarretan, adardun beltz bat taldeburu, joaldun batzuk haren gibelean zezen pare baten babesle, beste bi zezen atzexeago eta Dolores Aguirre ganadutegiko seigarren piztia atzena.