Cebada Gagokoek adar-puntada bat baizik ez

Ikusi batera, lasterketa garbi eta azkarra izan da

Argazkia: Javier Ibáñez
Sanferminetan ohikoak diren Cebada Gago ganadutegiko zezen azkar eta arriskutsuek egin dute aurtengo bigarren entzierroa. Ikusi batera, lasterketa garbi eta azkarra izan da, 2 minutu eta 22 segundo iraun baitu. Adardunek ez dute korrikalariei erasotzeko imintziorik egin eta hauek tarte ugari bilatu dituztenez, ibilbide osoan korrika saio politak ikusi dira. Gaurkoan arriskutsuena izan den Telefonica aldean, adardunetako batek mutila harrapatu du. Baliteke lasterkari horixe izatea gaurkoan zezen adarrez zauritutako bakarra. Beste hiru lagun eraman dituzte Iruñeko ospitaletara.

Cebada Gago abeltegikoak Santo Domingoko ukuilutik abiada bizian hasi eta trinko egin dute bide osoa, joaldunen babesean. Tarte horretan eroriko gutxi izan da eta zezen taldeak bizi segitu du Udaletxe plaza aldera, oldartzeko keinurik egin gabe, kasik.

Udaletxe parean adardunetako bat atze samarrean geratu bada ere, joaldunek taldea abailan eraman dute aurrera. Zezen hori izan da karrikaz alde bietako lasterkariei begiratu dien bakarra.

Mercaderes erdi aldean abiadura polita harturik, saldoa pittin bat luzatu da, aitzinean joaldunek lagunduriko lau zezen eta ondotik bertze bi zihoazela, zalki biren babesean.

Mercaderesko bihurgunean adardunak gaur labaindu ez direnez, Estafetatik gora ziztu bizian jarraitu dute. Bertan banatu da zezenaldea bitan: lau buru aitzinetik eta bertze bi gibeletik, denak bizi-bizi eta zintzo asko. Adar tarteetan trebezia erakusteko aukera politak izan dituzte lasterkariek, taldearen atzealdeko adardunen aurrean zihoazen adoretsuek, batez ere.

Telefonicako tartean egokitu dira arrisku bizieneko uneak, atzean zihoazen bi zezenek lasterkarien kontra oldartzeko imintziorik eginik, mutil bati kamisetatik heldu baitiote. Tarte horretan gertatu da gaurko adar-ezbehar bakarra, adar-puntada baizik izan ez bada ere.

Joaldunek babesturik, saldo buruan zihoazen lau zezenak plazan azkar asko sartu eta zuzen joan dira beren eskortara. Horien ondotik zetozen atzeneko bi adardunak geroxeago sartu dira, arriskurik sortu gabe.