Ventorrillo-koek, estreinaldian, lasterkari bat adarkatu

Valladolideko 28 urteko gazte batek adarkada hartu du Estafetan eta beste sei lasterkari Iruñeko ospitaleetara eraman dituzte

Argazki: José Antonio Pérez

Toledoko El Ventorrilo ganadutegiko zezenen estreinaldia noblea eta lasai samarra izan da. Abaila bizian ibili dira adardunak eta ia ez dute adarkatzeko imintziorik egin, bide osoa lasterkariz gainezka zegoen arren. Saldoa trinko samar iritsi da Estafetara eta hor, gaurkoz ere, arineketa saio ederrak ikusi dira, horretarako egokiera aproposa zegoelako: taldea luzatuz joan da eta lasterkariek adar tarteetan ibiltzeko aukera izan dute. Entzierroak 2 minutu eta 41 segundo iraun du.

Zezenaldeak trinko eta joaldunek babesturik egin du bidea Santo Domingo aldapa bukatu arte eta, Udaletxe Plazan sartzean, adardunetako bat ia-ia lurrera erori da. Zezenek mutil batzuk harrapatu eta bota badituzte ere, hauek zutitu eta aurrera egin dute azkar asko, pizti saldoa bizi zetorren-eta.

Mercaderes hasierako bihurgunean zezenak ez dira labaindu gaur ere baina, atzokoan bezala, Estafeta karrikako ezkerraldean jende-metaren bat osatu da eta horien gainetik pasatu dira zezenak. Adardunetako bi zoruan lerratu eta metaturiko jende horrengandik hurren jausi direnez, atze samar geratu dira. Meta eta zezenen artean heldurik gertatu den mutil bat airera jaurti du zezenak baina berehala jaiki da. Hortxe gertatu omen da gaurko entzierroko zezen-adarkadak eraginiko zauritu bakarra.

Estafetan barrena zezenaldea arras luzatu denez, lekune hori egin ohi duten lasterkari askok tarteak bilatu eta, adarretatik gertu-gertu korritu dute. Lasterka saio politak ikusi dira tarte osoan. Azkenean, zezenen arteko tarteak luzeago bihurtu eta plazan poliki sartu dira, banan-banan. Hondartzan, zezentzain trebeek ganadua gobernatu eta beren tokietara eroan dituzte