Adarrarekin ferekatua eta zapaldua

2007ko Sanferminetako laugarren entzierroa, orain arte izan direnen artean azkarrena (2:30) eta garbiena izan da; lau lagun ospitaleratu baitituzte, baina horietako inor ez adarkadaz zauritua. Duten ospeari erreparatu gabe, Cebada Gago ganadutegiko adardunek oso zintzo jokatu dute eta Mercaderesko egur hesiaren kontra bortizki tupust egin duten arren, ez dute lasterkariak adarkatzeko keinurik egin eta Estafetan zehar, hainbat metrotan, elkarrekin joan dira. Lasterketa ikusgarriak izan dira entzierroaren ibilbide osoan barna.

Laugarren entzierro honetan, tropelak berriro ere abiada bizian eta joaldunez babestuta lasterka egin du aldapan gora eta tarte honetako ohiko korrikalariek lasterketa politak egin dituzte adarren artean. Eskuinaldetik zihoan zezen beltz batek eskuinera begiratu du, baina ez du adarkatzeko keinurik egin.

Zezen saldoa arrapaladan pasa da Udal plazatik eta Mercaderesen sartzen hasi denean, ezkerraldeko paretan zegoen gizon bat adar batekin kolpatu du adardun batek. Lurrera erori da eta zezen batzuk gainetik pasa zaizkio, baita ondoan zegoen beste gazte bati ere.

Tropelak abiadura bizian jarraitu du ibilbidea eta zezen beltz bat aurrean jarri da eta Mercaderesko bihurgunera bakarrik heldu da joaldunekin batera. Aitzinetik zihoan adardun honek ez du irrist egin, baina atzetik etortzen ziren bere bost anaiek kolpe ederra hartu dute hesiaren kontra eta segundo batzuk egon dira lurrean, altxatu ezinik.

Estafeta karrikan, aurretik zihoan zezen beltzak saldoa gidatu du joaldunen laguntzaz hasierako metroetan eta atzetik zetorren adardun batek aurretik eraman du korrikalari bat. Tartearen erdialdera edo, gidari lanetan ari zen zezen beltzak irrist egin du eta bere anaiekin elkartu da. Ezohikoa den arren, tropela Estafetaren bukaeraraino elkarrekin joan da eta lasterketa ikusgarriak egin dituzte korrikalariek.

Telefónican saldoaren atzetik joaten ziren bi adardunek estropezu egin eta lurrera eror idira eta atzerago gelditu dira. Saldoa zertxobait luzatu da eta sakabanatuta sartu da plazan: lehenbizi zezen bat joaldunekin batera, beste hiru zezen atzetik, laugarren bat ondoren eta metro eskasetara seigarren adarduna, Telefónicako tartean atzean gelditu dena. Dobladoreek sartu bezain laster gidatu dituzte animaliak zezendegira eta ez da arrisku unerik sortu.