Historia tragikoa

Historian zehar, entzierroan, gutxienez ere 16 lasterkari hil dira; azkena, Daniel Jimeno, 2009an Jandilla batek adarkaturik

Foto: © Sanfermin.com / Pablo Roa

Hauxek dira Iruñeko entzierroaren historiaren zorigaiztoko datak.


2009ko Uztailaren 10. Daniel Jimeno Romero
(27 urte, Alcalá de Henares, Madrid)
Telefonica aldean, ezker lepauztaian adarkatua.
Jandillako zezena, “Capuchino” izenekoa

Daniel Jimeno goizeko bederatzi laurden gutxietan hil zen, Telefonica aldean, Jandilla ganadutegiko zezen baten adarkada lepoan hartuta. Lasterkariak, ospitalean sartzean, ez zuen arnasten eta fakultatiboek bizirik iraunarazteko ezin izan dute deus egiterik.

Hasiera-hasieratik “Capuchino”-k lasterkariei erreparatzen zien, gainerako zezen edo joaldunen arrastoari so egin gabe. Horregatik, Udaletxeko plazan sartzerakoan ez zuen ezkerraldera egin eta lasterkari batzuk harrapatu zituen bertan. Gibelean geratu zen, beste oinkari bat Mercaderes karrikan atzitu eta bakar-bakarrik egin zuen ibilbide osoa.

Azken zezena izaki, susto aunitz eragin zituen eta, Telefonicara iritsitakoan, arrastoari jarraitu ordez, karrikaz eskuinaldeko hesian bilduriko lasterkarien aurka oldartu zitzaien. Daniel Jimeno lurrean zegoen, erorikotik zutitzeko ahaleginetan. “Capuchino”-k taldeari eraso egin eta Daniel ezker lepauztaian sartu zion adarra, goitik beherantz. Lepauztai barneko zauriak kaba zaina ebaki eta odol asko galarazi zion. Nafarroako Ospitalera eraman zuten, bihotza gelditurik; bertan, gaztea suspertzeko ahaleginak egin bazituzten ere, zauriak eta bizitza elkartezinak ziren.


2003ko Uztailaren 8. Fermin Etxeberria Irañeta
(63 urtekoa, Iruñea). 2003ko irailaren 24an hilda.
Tartea: Mercaderes
Ganadutegia: Cebada Gago
Zezena: “Castillero”

Eskarmentu handiko lasterkariak, 14 urte zituenetik entzierroan laster egin zuena, Cebada Gago ganadutegiko zezen baten kolpea jaso zuen Mercaderesko zatian. Horrek traumatismo larria eragin zion garezur-entzefaloan. Ospitale batera urgenteki lekututa, hiru egun geroago arteria-hipertentsioa jasateagatik ebaketa egin behar izan zioten.

Orduz geroztik, Nafarroako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean egon zen, koman eta aireztapen mekanikoarekin irailaren bukaerararte. Hil honen 24an hil egin zen ospitalean bi hilabete t’erdi pasa ondoren.


1995eko Uztailaren 13. Matthew Peter Tasio
(22 urtekoa, Illinois, Estatubatuarra)
Tartea: Udal plaza
Ganadutegia: Torrestrella
Zezena:”Castellano”

Matthew Peter Tasio gazteak Iruñera lehen aldiz etorri zen urte hartan entzierroan korrika egin zuen. Lagun batekin Sanferminak ezagutzera etorria zen Ipar Amerikako Illinois estatuko 22 urteko mutila eta, gaua ezagutu berriko iparramerikar batzuekin eman ondoren, hemendik abiatu baino lehen, entzierroan korrika egiteko prest zegoen.

Uztailaren 13 hartan korrikalariz beteta zegoen entzierroaren bidea. Goizeko zortzietan zezen taldea ohi bezala atera zen Santo Domingoko ukuiluetatik, eta ibilbideari ziztu bizian ekin zionez, tentsio une batzuk sortu eta mutil mordoak trabatzen hastea eragin zuen lehenengo metroetan. Animalia adardunetariko bat, “Castellano” izenekoa, aurretik zihoan eta bitartean, metro batzuk gorago, Udal plazan sartzean, Peter Tasio gaztea, Udaletxeko espaloiarekin behaztopa eginda, zutitu nahian zebilen. Orekara une batez itzulita, lurrera erori zen berriro Peter Tasio, hesira iristen ahalegintzen ari zen bertze lasterkari batekin topatzean.

Mathew Peter Tasio, muerto en el encierro tras recibir una cornada.

© Emilio Zazu 

Orduantxe, berriro zutitzen saiatzean, harrapatu zuen gaztea 575 kiloko lehen zezen hark. Sabelean adarkatu zuen eta aorta zaina etenarazi zion; ondorioz hilko zen gero mutila. Adarkada jasota, zezen taldetik metro gutxira geratu zen Peter eseririk, eta ibilbidetik baztertzen saiatu zen, zapaldua ez izatearren. Ahal zuena eta ez zuena ahaleginda, zutik jarri eta hesira hurbildu zen; han zegoen Gurutze Gorriko postu batekoak arduratu ziren, eta ahalik eta lasterren eraman zuten ospitalera.

Zauriak anemia larria sortu eta odolaren % 90 galarazi zion, Nafarroako Ospitalera iritsi aurretik ere. Nahiz eta Gurutze Gorriko taldeak agudo-agudo eraman, 8 minutuan, ordurako konortea galdua zegoen Matthew Peter Tasio eta oso egoera larrian. Hartu zuten sendagileak suspertzen saiatu baziren ere, minutu gutxira hil zen.


1980ko Uztailaren 13a. Vicente Risco eta José Antonio Sánchez Navascués
Ganadutegia: Guardiola Fantoni
Zezena:”Antioquio”

Vicente Risco
(29 urtekoa, Badajoz)
Tartea: Zezen plaza

José Antonio Sánchez Navascués
(26 urtekoa, Cintruénigo, Nafarroa)
Tartea: Udal plaza

Sanferminen historiako entzierrorik luzeenetariko batean, 10 minutu eta 55 segundutan, bi gaztek galdu zuten bizia, zezen berberak adarkatuta, bata Udal plazan eta bertzea zezen plazan harrapatu baitzituen “Antioquio” izenekoak. 33 urte antzinago, “Semillero” deituriko zezenak hiltzeko moduan adarkatu zuen bertze bi korrikalari (1947ko uztailaren 10a).

1980ko uztailaren 13ko goizean korrikalariz beterik zegoen entzierroaren tarte osoa eta zezenak nekez pasatzen ziren mutilen artetik. Santo Domingoko ukuiluetan suziriaren mukiari su eman eta segundu batzuetara, adardunak aldapan gora joan ziren eta bukaeran, orduko bainuetxe publikoen parean, zezen bat irristatu eta, taldeko gainerakoetatik bereizita, berauen atzetik joan zen entzierroa bukatu arte. Udal plazako sarreran, Casa Seminario ondoan, atzean gelditu zen zezen horrek mutil bat jo zuen eta Jose Antonio Sanchez adarkatu eta metro batzuetan arrastaka eraman zuen, Mercaderes karrikaraino.

Korrikalariaren lagun batek orduan erran zuenez, zezena lurrera erortzen eta eskuinetara jotzen ari zela ikustean, oihuka ohartarazi zuen Jose Antonio, baina segundu batzuk geroago bere lagunari nola oldartzen ari zitzaion zezena eta nola arrastatzen ari zen ikusi zuen. Nafarroako Ospitaleko Larrialdi zerbitzuan 15 litroko odol transfusioa egin behar izan zioten; goizeko 10:30ean, baina, Jose Antonioren bihotza gelditu egin zen.”

Jose Antonio Sanchez adarkatu ondoren, “Antioquio” zezena ibilbidea bakarrik egina zegoen, eta, plazara sartzean eskuinetara jota, Vicente Risco harrapatu eta eskuineko adarrean segundu batzuetan zintzilik eduki zuen. Aske utzi zuenean, gaztea belauniko geratu zen adarkada jaso zuen sabelaren ezkerraldea ukituz.

Jendea erdi eroturik zegoen hondarrean eta korrikalari batzuk Vicente altxatzen saiatu ziren, baina zezenak berriro eraso zion eta ederki inarrosi zuen. Berriro aske utzi eta berriro jo, hilzorian uzteko zauritzeraino. Plazako erizaindegiko sendagileek ezin izan zuten salbatzeko deus egin.


1977ko Uztailaren 8. José Joaquín Esparza Sarasibar
(17 urtekoa, Txantreakoa, Iruñea)
Tartea: kailejoia
Ganadutegia: Eduardo Miura
Zezena:”Silletero”

Testua: “Iruñako entzierroaren historia tragikoa” liburua (1978), Luis del Campo

“…Espoz y Mina karrikaren parean zezen hondarretik datozen larritasun oihuak entzuten dira nonbait, eta garbi eginen zaizkie azken tarte zuzenean adarretatik hurbil doazenei, zezen plazara sartzerakoan, Telefonicatik harantz. Garrasiak, izua nabari, zezen plazako ikusleengandik datoz. Kailejoian zer sortu den ohartu dira, mordoa baino gehiago traba dena, benetako giza hesia, hondarraren ertzean berean.

Jende zoro horiek sortu dute, zezenen ondotik korrika egiteko -animaliak ikusiz eta sentituz- bihotzik ez bide duten horiek, zenbaitetan, entzierroa hasi aurretik ere, harea hori biribila zapalduz, oldarka sartzen diren talde horiek. Zezenek mutil harresi handia topatu eta, zauritzeari izuturik itzuri nahian edo, buru indartsuak altxatu, eta, bidean aurrera segitzeko asmotan, giza piloa gainditzeko asmotan, eroriak zapaldu dituzte. Zalaparta deskribaezina da, garrasiak burrunbatsuak eta zirrara txundigarria.

Zezenak, asaldatu eta amorraturik, iraulkatu dira, eta Silletero izenekoa, saihetsetan 12 zenbakia daramana -txekorra zelarik, suz markatu baitzioten-, agian Telefonica aldeko argi handiagoak gidaturik, bide beretik atzerantz jo du. Larritasunez beteriko deiadar batzuek plazara sartzeko atea ixteko eskatzen dute eta ziurgabetasuna nagusitzen da: batzuen ustez, ez du zezen gehiagok atzera jo behar, eta erreserbako joaldunekin atzean geratu diren korrikalariek ez dute giza taldea handitu behar, eta, bertze batzuen ustez, ordea, gizonek eta animaliek ez dute, irteerarik gabe eta nahasiak, kailejoi estuan egon behar. Hiru aldiz ere ireki eta itxi da ate sendoa, eta hesietara abiatu dira, hondarretik kanpo, Miuraren bertze bi zezen eta, gero, joaldun batzuk.

Sei minutu eskas igaro zen, sei mende izan bailitzan, zezen taldeak giza traba topatu zuenetik bi suziri ozenak, adardunak ukuiluan sartuak daudela jakinarazten dutenak, entzun ziren arte. Ohizko ikuskizunaren historiako gertaerarik tragikoen eta odoltsuenetariko bat izan zen egun hartakoa; hala ere, pixkanaka, zaurituak guztiz sendatu ziren, 17 urteko Jose Joaquin Esparza izan ezik, hau babesik gabe geratu zen kailejoian”.


1975ko Uztailaren 9. Gregorio Górriz Sarasa
(41 urtekoa, Arazurikoa, Nafarroa)
Tartea: kailejoia
Ganadutegia: Francisco Javier Osborne (Jeréz de la Frontera-Cádiz) Zezena:”Navarrico”

Testua: “Iruñako entzierroaren historia tragikoa” liburua (1978), Luis del Campo

“Etengabe ari ziren burukadaka zezenak eta Udal Plazan, urrunduriko gorrixka alde batera utzita, behizainen ahaleginek ez zuten joaldunek zezenak inguratzerik lortu, eta Mercaderesen, hura tontakeria!, mutilek elkar behaztopatu eta pila bat egin zuten. Ez zuen ondoriorik izan, baina bobidoei taldea desegiten lagundu zien horrek zalantzarik gabe. Estafetara iristean bazuen entzierroak itxura txarra. Karrikaren erdialdean, atzetik zetozen bi zezenek gainerakoei jarraitzeko presarik ez, nonbait, eta espaloietan etzanda zeuden mutilak handik kentzen ibiltzen ziren.

Ez zen adarkadarik falta. Kailejoian, zezen plazarako sarreran, mutil mordo bat trabaturik geratu eta, askatu ezean -garaiz zenean-, handitu egin zen. Aurretik zetozen joaldunak, antzeko egoeretara ohituak, gainetik pasatzen hasi ziren, giza multzoa saltatuz, oinkatuz eta zapalduz, zezentokira iristeraino. Atzetik zetozen zezenek, oztopo haren aurrean, itzultzea erabaki zuten eta Telefonicaren tartean errukirik gabe eman zuten egurra. Zezenak, azkenik, plazarantz abiatu ziren. Eskuinaldetik sartu nahi zuten, mutil mordoaren gehiena zegoen tokitik. Zezen bat aske zegoen, paretaren ondo-ondoan. Bira egin eta ezkerraldeko paretarantz joan zen. Han zen Gregorio Gorriz adarkatu zuen”.


1974ko Uztailaren 12. Juan Ignacio Eraso Martiartu
(18 urtekoa, Txantreakoa, Iruñea)
Tartea: Telefónica eta kailejoiaren artean
Ganadutegia: Herederos de Don Manuel Arranz (Salamanca)
Zezena:”Palmello”

Testua: “Iruñako entzierroaren historia tragikoa” liburua (1978), Luis del Campo

“Juan Ignacio Eraso gaztea Estafeta karrikaren bukaeratik egina zen korrika, Fitero tabernatik gutxi gorabehera, bi zezen atzeratuen aurretik, bi horiez gain, atzetik geratu zen bertze bat zetorrela ohartu gabe, beharbada. Plazara heltzeko bederatzi edo hamar metrora, egindakoa aski zela pentsatuz edo, gelditu zen eta, lortu gabe, hesira igotzen saiatu zen. Arriskua bukatua zelakoan, bi zezenak pasatzen ikustean, lasaiki itzuli zen, baina, ustekabean, Palmello topatu zuen.


 

Zerrenda beltzeko pintoak Juan Ignaciori erreparatu zion eta harengana abiatu zen, bere arreta bertzeratu nahi zutenen ahaikak aintzat hartu gabe; mutila zezenaren adarkadaz ohartu zen eta geldirik geratu, uzkurtua, aurpegia besoak estalia, gorputza luzatu, lurrean itsatsi edo oholen azpitik irristatu beharrean. Adar hiltzaileek eskuinaldeko hesian harrapatu, zorutik altxatu, adarkatu eta ezkerraldeko hesiaren kontra bota zuten”.


1969ko Uztailaren 12. Hilario Pardo Simón
(45 urtekoa, Murtxantekoa, Nafarroa)
Tartea: Santo Domingoko aldapa
Ganadutegia: Salvador Guardiola Fantoni
Zezena:”Reprochado”

Testua: “Iruñako entzierroaren historia tragikoa” liburua (1978), Luis del Campo

“Entzierro arriskutsua, aurreratu zen zezenarena. Mutil askok, horregatik, behartu zuen hanken abiadura, bertze batzuek, berriz, Ospital Militarreko paretari itsatsita geratzea aukeratu zuten, edo, oreka galduta, espaloian indargabeturik gelditu ziren. Korrikalari talde handi batek eskuinaldera jo zuen, babes bila, Nafarroako Museoko aldaparen hasierako txoko ezagunean. “Reprochado” izenekoak, alde horretarako joera nonbait izanik, adarkada itzela egin zion sabelean Gregorio Z.J. gazteari -hau sendatuko zen gero- eta entzierro tamalgarri honetako protagonista harrapatu zuen…

Hilario Pardo lurrean erorita, edo nahita botata, zegoelarik, harengana abiatu zen “Reprochado”, eta, harrizko pareta ondoan burua sarturik, eskuineko adarraz hari heltzen saiatu zen… baliteke bi adarkada izatea, sigi-saga, eta ezkerrekoa hilgarria suertatzea… Une batzuetan bukatu zen dena, odoljario handia zoruan zabaldu zen eta mutilaren jantziak blaitu zituen. Buruz behera geratu zen etzanda eta, grafikoki froga daiteke, bi biktimak zezen berberak adarkaturik, hildakoa harrapaturiko bigarrena izan zela, erran eta hedatu zena ez bada ere”.


1961eko Uztailaren 9. Vicente Urrizola Istúriz
(32 urteko, Iruñearra)
Tartea: Santo Domingoko aldapa, Udal plazaren hasiera
Ganadutegia: Alvaro de Domecq

Testua: “Iruñako entzierroaren historia tragikoa” liburua (1978), Luis del Campo

“Vicente Urrizola goiz hartan, bertze askotan bezala, entzierroaren ibilbidearen lehen tartean zen, Azoka plazaren parean, Santo Domingo izeneko aldapan, Ospital Militarraren ondoan (egungo Nafarroako Museoa). Berehala entzun ziren Santo Domingoko suziriak eta Domecq-en zezen batek airean erabili zuen mutil bat. Hori oharkabean gertatu zen, ez zuen oihartzunik izan, eta Iruñeko herritarren artean ez zuen erantzunik eragin. Zauritua ospitalera eraman zuten eta hogeita hamar ordu igarota hil zen”.


1947ko Uztailaren 10. Julián Zabalza
(Villava)
(Atarrabikoa)
Tartea: Zezen plaza
Ganadutegia: Don Antonio Urquijo (Murubes)
Zezena:”Semillero”

Testua: “Iruñako entzierroaren historia tragikoa” liburua (1978), Luis del Campo

“Animalia basatiak, lasterkariek inguraturik, zezen plazarantz segitu du, Estafeta karrikan gora. Erreserbako joaldunak, Labriten zain, bertan elkartu zaizkio; ez dute, ordea, harekin bat egin, eta behizainen ahaleginak alferrikakoak suertatu dira… Bitartean, zezen sutsua, amorratua, hurrengo korrikalariarengana abiatu da, hau eskuinalderantz jotzen ari zenean, ezkutaleku eta hesiaren artean babes bila.

Behizaina makila daramana da eta piztiaren bigarren biktima Atarrabiako mutil bat. Hau, goizeko seietan jaikita, emaztegaia eta arreba entzierrora lagundu ditu. Haiek tendiduan utzi eta, jakinminez edo korrika egitearen zirrarak bultzaturik, hondarrera jaistea erabaki du; han, aurkako jarrera duten goardien agindutik ihes eginez, bertze askok bezala, atzean geratu den zezenaren bila joan da korrika. Animalia atzetik, berriro hondarrean sartu eta eskuinalderantz joan da, zezenek Iruñeko plazan sartzean alde horretarako joera dutela gogoratu gabe beharbada, izan ere, zilegi bekit zera baieztatzea -zergatik ongi jakin gabe-, abanikoaren irudia egin ezean, entzierroan izaten den ederrena, zezenek beti eskuinalderantz jotzen dutela.

Korrikalariak egin duen bihurguneak une batzuetan nahasi egin du zezena, eta honek zuzen segitu; berehala, baina, aldatu du, mutila harrapatu eta hesiaren aurka erabili du airean. “Chico de Olite” eta “Niño del matadero” peoien kapote ezin egokiagoek engainuari otzan erantzun dion zezena eraman dute, eta gorputz bat hondarrean geratu da. Airean altxatuta, besoak eta besoak hurbildu zaizkio arinki, eta milaka ikusleek aho zabalik begiratu dute nola zeramaten zauritua irunxeme ausartiek, zezenari kasurik egin gabe; hori, ia-ia batera, handik metro gutxira, entzierroko toreatzaile bikoiztaileen oihalaren atzetik joan da, batzuetan urratsez urrats eta bertze batzuetan airean adarkadak botatzen, plazako ukuiluetaraino, eta orduan suziri batek “entzierroa bukatu da” aldarrikatu du. Erizaindegian sartu eta hiruzpalau minutura hil da Julian Zabalza gaztea”.


1947ko Uztailaren 10. Casimiro Heredia
(Iruñekoa)
Tartea: Estafeta
Ganadutegia: Don Antonio Urquijo (Murubes)
Zezena:”Semillero”

Testua: “Iruñako entzierroaren historia tragikoa” liburua (1978), Luis del Campo

” …zezen bat gorabehera anitzetako batengatik atzeraturik geratzen denean, entzierroaren arriskugarritasuna sekulakoa izan daiteke. Bakarrik dagoen zezenak bere izaerak eta senak eramana erantzuten du, ez masen psikologiaren lege orokorrak eramana. Beldurra ezagutzen ez duen piztia da, estimulurik txikienaren aurrean harrotzen dena, boterez beterik, borrokatzeko irrikitan, herentziazko oldarkortasun senak gurutzatzeetan finduak, tragedia aise prestatzen ahal duten puntadun adar sendoak -sastagai zorrotzen antzekoak- dituena”.

“Uztailaren 10ean Casimiro Heredia senar-emazte lagun batzuekin solasean ari zelarik iritsi ziren zezenak; bere azken hitzak, andrearentzat, hauek izan ziren: “Anita, sar zaitez barnerago, laster arte”. Zezenen parean egin zuen korrika metro batzuetan, hurbiletik “Semillero” atzeraturik zetorrela ohartu gabe. Inork ez du inoiz jakinen ikusi zuen ala zezenak oharkabean atzeman zuen. Murube ganadu etxekoa, lasterkari baten atzetik joateagatik Mercaderes eta Estafetako hesien artean eroria, kalearen jaun eta jabe zen, eta, abiadura ederrean, taldekoei heldu nahian edo, burukadaka zebilen, entzierroko partehartzaile batzuei erasotzeko imintzioak eginez.

Semillero cornea a Casimiro Heredia y termina con su vida. 10 de julio de 1947.

© Archivo Cecilio Vierge 

Casimiro izan zen haietako bat, baina berea zoritxarra izan zen, adarra haragiraino sartu baitzitzaion; karrika erdian erori zen eta, beharbada, bere burua lurrera botatzeko saiakerak adarkadari lagundu zion, edo berealdiko esfortzurik egin ezin izateak. Zezenak, adarra behin eta berriz sartuz, karrika erditik espaloiraino eraman zuen, eta ikusleek larriki zauriturik zegoen susmoa hartu zuten. Zaurituaren gorputza bildurik zegoen, zezenetik metro pare batera eta, kontrako norabidean baina, Murubekoak ederki erreparatu zion, mugimendu bat ikustean, minarengatik erreflexua edo, batek daki, ihes egiteko nahiak bultzatua.

Jarrera horrek Casimirorengana itzularazita, zezenak gizona hartu eta adarren artean eraman zuen, lurretik arrastaka, espaloitik karrikako paretaraino. Ordurako jasoa zuen lasterkariak heriotzaren eragile zen adarkada, eta, harrapaketaren bigarren fasea erran dezakegunean, zezenak zartada bat bertzerik ez zion egin, bizkarrean nabaria zena”.

Gero, bertze gazte bat, Julian Zabalza, adarkatu zuen zezenak akabatzeko moduan, zezen plazako sarreraren ondoan”.


1935eko Uztailaren 10. Gonzalo Bustinduy y Gutiérrez de la Solana
(29 urteko, Mexikarra (S. Luis de Potosí)
Tartea: Zezen plaza
Ganadutegia: Doña Carmen de Federico (Murubes)

Testua: “Iruñako entzierroaren historia tragikoa” liburua (1978), Luis del Campo

“Carmen de Federico andrearen sei zezenak ukuiluko atetik sartzerakoan, arduragabe batzuek zezen bat bereizi zuten taldetik, handiena, eta hau erronka egin ziotenen bila itzuli zen laster. Mutil bat agertu zen bat-batean, jaka eskuan, zezenari joan zitzaion eta animalia bi metrotik deitu zuen, zertan ari zen edo non zen ohartu gabe, zeren, bere axolagabetasun nabariak agerian utzi izan ez balu ere, ditugun erreferentzia zehatzek entzierro aurreko hiruzpalau orduetan mutilak zer egin zuen ez zekiela frogatzen baitute.

Zezenak erasota, saihesten saiatu zen “espontaneoa” (Gonzalo Bustinduy) eta lurrera erori zen, zezenak berriro sartu zion burua eta eskuineko besapean adarkada sakona egin zion, larria benetan, zeraman kamiseta horia berehala odoleztatu baitzitzaion mutilari. Eta zezen tematuak ez zuen han bertan akabatu, Alaizako behizainek, zartadaz, eta “Chico de Olite” peoiak, buztanetik tiraka, zezena eta biktima bereiztea lortu zutelako”.


1927ko Uztailaren 8. Santiago Martínez Zufia
(34 urteko, Iruñearra)
Tartea: Zezen plaza
Ganadutegia: Don Celso Cruz del Castillo (Toledo)

Testua: “Iruñako entzierroaren historia tragikoa” liburua (1978), Luis del Campo

“…Cruz del Castillo-ren zezenen aurretik sartu ziren joaldunak, erabat aise eta eroso, baina, atea zeharkatutakoan, zezen urdin muturzuri bat zezen taldetik bereiztu eta, eskuinaldetik zihoan maletilla edo zapata-garbitzaileak hagatxo batez xaxatuta, 8. tendiduko lehen ezkutalekura iritsi zen, gero bere aurretik zihoana utzi eta, ezkutaleku horri adarrez erasotuz, Santiago Martinez harrapatu zuen, haren atzean sartu nahi zuen gizagaixoa.

Adarkada izugarria zela ikusi zen orduantxe, zeren zezenari ezinezko izan baitzitzaion hartua zuen gizona burua beheratu gabe askatzea. Gizona bera jarri zen zutik, baina berehala erori zen konorterik gabe, ziztu batean jaso eta erizaindegira eraman zuten mutilen besoetan”.


13 de julio de 1924. Esteban Domeño Laborra
(22 urteko Zangotzako bizilaguna)
Non harrapatuta: gaur egungo Telefonikako tartean (kailejoiaren hasieran)
Ganadutegia: Conde de Santa Coloma (Andaluzia)

Testua: “Iruñako entzierroaren historia tragikoa” liburua (1978), Luis del Campo

“Eta jendea, estualdietan babesik seguruena ezkerraldeko hesia dela jakin gabe, eskuinaldekoaren ondoan pilatu zelarik, zezenetariko bat han zirenen kontra joan zen. Honek burua sartzearekin batean harrapatu zuen bete-betean mutil bat, zeinak, bere burua lurrera bota ordez eta hesira igo ezinean -hantxe bildu zen jendetza zela eta-, ezin izan zuen burukada saihestu eta adarkada bat jaso zuen; larria zela ikusi zen berehala, mutila zorabiatu eta guztiz zurbildu baitzen”. Esteban Domeño Laborra, 22 urteko gaztea, 1924ko uztailaren 14an, astelehenean, arratsaldeko ordu batean zendu zen, adarkada jaso eta hogeita hamar bat ordu igarota”.

Esteban Domeño, corneado mortalmente en un encierro de Sanfermin 1924.

© Archivo Fernando Hualde 


1910eko Uztailaren 7. Francisco García Gurrea
(21 urteko Faltzesko bizilaguna)
Non harrapatuta: zezen plaza zaharraren sarreran (Gayarre Antzokitik gertu)
Ganadutegia: Villagodio

2002. urtea arte, Iruñeko entzierroan zezen batek harrapatua hilik gertatutako lehen pertsona Esteban Domeño zangotzar gaztea zela uste zen, baina, urte horretan, Unai Alduan Colmenaresek ordu arte ezagutzen zen lehen hildako korrikalariaren izena aditzera eman zuen: Francisco Garcia Gurrea Faltzesko bizilaguna.

Unai Alduan Colmenaresek El Pensamiento Navarro egunkariak 1911ko urtarrilaren 18an kaleratutako alean jasotzen zuen berria aurkitu zuen ezustean; kronikak hala zioen: “Francisco Garcia Gurrea 21 urte zituela zendu da hiri honetan, Sanferminetako azken festetan libratu zen zezen entzierroetako batean jaso zituen zauriengatik. Goian bego”. Arazoak bere jakin-mina piztu zuen eta ordu arte ezagutzen ziren 13 hildakoen zerrendan izena agertzen ote zen begiratu zuenean, harriturik geratu zen aipatzen ez zela ikustean.

Ikertzen hasi eta garai hartako komunikabide ezberdinetan agertzen ziren datuak ziurtatzeari ekin zion (aipatutako El Pensamiento Navarro, hala nola El Eco de Navarra eta La Tradición Navarra egunkarietakoak), eta egiaztatu ahal izan zuen, hain zuzen ere, 1910eko uztailaren 10ean Francisco Garcia Gurrea gaztea zauriturik gertatu zela juxtu zezen plaza zaharraren sarreran bertan- gaur egun Gayarre Antzokia dagoen tokian zegoena-, sortu zen metaketa izugarrian, ehun korrikalari baino gehiagok osatua. Aipatu egunkarietan jasotzen denez, gaztea metaketan zanpatu zuten eta belarrian bi puntu josi behar izan zizkioten. Dirudienez, zauri horiek tuberkulosia eragin zioten eta horrek heriotza ekarri zion Francisco Garciari 1911ko urtarrilaren 18an.

Heriotza hilabeteak pasa zirela gertatu izana eta, ondoren, 1921ko abuztuan, plaza zaharrean izan zen sutea -zeinean akaso korrikalari honen gorabehera jasoko zuen agiriren bat izango baitzen- izan daitezke aurkikuntza honek horren denbora luzez ezkutuan egotearen zergatia.