Entzierroko presako gidaliburua

Entzierroa zezenekin egiten den lasterketa da eta Iruñean uztailaren 7tik 14ra bitarte egunero gauzatzen da

Entzierroa 875 metro luze duen doako lasterketa da, hiltzeko sei zezen eta saldoa zezen plazaraino gidatzen duten sei idi-joaldunen aurrean egiten dena. Iruñean, Sanferminetan, uztailaren 7tik 14ra bitarte, goizeko 8etan egiten da egunero. Ustekaberik izan ezean, 2 eta 3 minuturen arteko iraupena izaten ohi du.

Nola sortu zen?

Zehaztu gabeko garaietan, abelburuez hornitzeko ardura zuten harakinak unaiei laguntzen hasi ziren zezenak eta idi-joaldunak plazaraino gidatzeko lanetan. Denboraren poderioz, denbora-pasa herritartu zen eta animalien aurrean lasterketa egiten hasi zen jendea, ordura arte ez bezala, atzetik joaten baitzen.

Nola parte hartu?

Ez duzu erregistratu behar, parte-hartzea doakoa da eta 18 urtetik goitiko lagun orok egiten ahal du lasterka. Alabaina, zenbait arau eta debeku izaten dira, errespetatu beharrekoak ez baduzu agintariekin arazorik izan nahi. Izan ere, ordu horietan, ez dute txantxetarako gogorik izaten. Funtsean: ez sartu ibilbidean mozkorturik baldin bazaude.

Ibilbidea

Entzierroa Iruñeko alde zaharreko karrika batzuetan barna iragaten da, Santo Domingo aldapatik zezen plazaraino. Sasoi betean egonda ere, ezinezkoa da ibilbide osoa egitea, distantzia, beste lasterkarien presentzia eta zezenen abiadura direla kausa. Egun horietan eta ordu horietan Iruñean barna ibiltzen bazara, ez kezkatu, ibilbidea hesitua dago eta zezenek ezin dute ospa egin.

Tres corredores delante de los toros del encierro en el tramo de Telefónica.

© Iñaki Vergara 

Sarbideak

Gauaren bukaeran ibilbideko albo karrikak hesi bikoiztuarekin ixten hasten dira. Garbitu egiten dira, gaueko parrandaren ondorioz aski zoldatsu gelditzen baitira. Poliziak jendea kanporatzen du, osasun langileak eta baimendutako komunikabideak salbu, bi hesien artean inor ezin baita gelditu. Azken atalaga jarrita, karrika osoak irtenbiderik gabeko pasabide bihurtzen dira eta ibilbidean sartzeko aukera bakarra udal plazako atea izaten da (goizeko 6.30etik 7.30era). Entzierroko ikusle guztiek segurtasuneko bigarren hesiaren atzean egon behar dute.

Prestaketak

Entzierroa hasi baino pixka bat lehenago, lehen tartean, hots, Santo Domingo aldapan, lasterka egin behar duten lasterkariak San Fermin bestetako patroiaren irudiari gomendatzen zaizkio, abesti hau kantatuz: “Entzun arren San Fermín zu zaitugu patroi, zuzendu gure oinarrak entzierro hontan otoi”. Ondoren hasiera iragartzen duen suziria botatzen da.

Suziriak

Adi entzunen dituzun suziriei. Antolatzaileek lasterkariekin eta publikoarekin komunikatzeko duten modua da. Lehendabizikoak adierazten du entzierroa hasi dela eta saldoa akuilatzen du eskortatik atera dadin; bigarrenak zezen guztiak eskortatik atera direla eta ibilbidean daudela agertzen du; hirugarrenak abisatzen du zezenak plazan daudela eta, hortaz, karriketan zezenik ez dela; eta laugarrenak arriskurik ez dagoela, zezenak plazako kortetan daudelako. Azken abisu honekin karrikak irekitzen dira eta segurtasun antolakuntzari adierazten dio hiriak bestarekin jarraitzen ahal duela.

Nola egin lasterka?

Lasterka egin behar duzula erabaki baino lehen, lasterketaren alderdi guztiez informa zaitez, baita lasterka egiteko moduaz ere. Erabaki baldin baduzu, ibilbideko tarte bat aukeratu eta utz iezaiezu lasterkari eskarmentudunei aholkuak ematen. Afera honetan datza: lasterka egiten hasi, poliki hasieran, ziztu bizian ondoren, zezenen aurrean egoteari eutsi (hurbilago edo urrutixeago, larrua jokatzeko duzun gogoaren arabera), eta haien ibilbidetik garbiki alboratu. Bereziki saiatu behar duzu ez gurutzatzen, ezta beste lasterkariak arriskuan jartzen ere (paretaren kontra geldituz edo, hesirik badago, haren gainetik jauzi eginez).

Arriskuak

Entzierroak badu arriskurik. Batez beste 2.000 lagun izaten dira entzierro bakoitzean, zezenek adarkatu edo zapaltzen ahal dute, eta ohikoa da egunero adarkadez, kolpez edo traumatismoz zauritu batzuk izatea, batzuetan larriki zaurituak ere. Ez da ohikoa, baina azken 30 urteotan heriotza batzuk gertatu dira. Atzerritarra bazara, entzierroan zauriturik gertatuz gero, artatuko zaituzte baina gero kostea igorriko dizute zure aseguru medikoak ordain dezan.

 

Eta ez baduzu lasterka egin behar

Ez baduzu bizitza arriskuan jarri nahi baina entzierroa ikusi nahi baduzu, badituzu modu batzuk. Entzierroaren ibilbidean dauden balkoietako batean, plazan berean, non entzierro ondoan bigantxen ikuskizuna ere ikusi ahalko duzun, edo telebistan, Iruñera etortzerik izan ez baduzu edo, hotelean edo etxean bestondoz egonez gero.