Alquiler de balcones en el encierro de Sanfermines. A balcony to watch the running of the bulls 2017

Entzierroa balkoi batetik ikusi

Entzierroa hesietatik, zezen plazan edo telebistan ikus daiteke, baina ikuskizuna bizitzeko onena da ibilbideko balkoi bat alokatzea

Entzierroa ikusteko aukera asko dago baina erosoena eta ikusgarriena da ibilbideko balkoi batetik ikustea. Musu truk tokia egiten dizun lagunik ez baduzu, ohikoena eta seguruena balkoi bat alokatzea izaten da. Pertsona batzuek alokairu horiek Sanfermin.com-eko iragarki oholean eskaintzen dituzte. Ongi edo gaizki ateratzen ahal zaizu, azken finean partikularrak baitira eta berezko erantzukizunpean jarduten baitute.Entzierroa balkoi batetik berme osoz ikusi ahal izateko aukera seguruagoa hauxe duzu: entzierrorako balkoien erreserba egiteko gure online denda. Sistema fidagarria, segurua da eta hamar urtetik gorako esperientzia du.

Entzierroa ikusteko tokirik hoberenetakoa da lasterkarien arteko giroa arnasten delako. Eskuarki telebista baliatzen da lehenengo eta ibilbideari begiratzen zaio zezenak iristen direnean. Oso une lasterra baina oso bizia izaten da.

Balkoietan egon ahal izateko, 6:30ak baino lehen sartu behar da entzierroaren ibilbidera, garbitu behar dituzten kaleak itxi eta sarbideak eteten dituztelako.

 

Entzierroa kaletik

Entzierroa ibilbideko hesietatik ikus daiteke. Egur hesi puskarik luzeenak Udal plazan, Mercaderes kaleko bukaeran eta -hauxe luzeena- Estafeta bukaeratik plazarainoko tartean daude. Bigarren hesia (kanpoaldekoa) bakarrik okupa daiteke; aurreneko hesia lasterkari larrituentzat erreserbaturik dago, eta bien arteko tartea larrialdietako mediku zerbitzuetarako, poliziarako, prentsa argazkilarientzako e.a.

Leku ona hartu nahi baduzu, 6.30etarako edo azaldu beharko duzu eta hantxe egon, aspertuta eta hoztuta zortziak arte. Gainera, kontuan izan ezin dela tokirik gorde; handik ikusi nahi baduzu, bertan egon eta norbere tokia defenditu beharra dago. Gainera, egia esan behar badugu, ez da oso ongi ikusten: aurrean beste hesi bat daukazu, traba handixea. Horregatik Iruñeko jende gutxi ikusiko duzu hesietan.

Santo Domingo kalean toki hobexegoa dago, franko luzea: Nafarroako Museotik Santo Domingo kaleraino heldu den baranda. Hemen ez dago hesirik aurrean, entzierroaren hasiera ikusten da, aurren puntako lasterkariak ikusiko dituzu horma-zuloko santuari kantuz, eta, gainera, kale puska handia ikusten da nola gora nola behera. Toki izugarri ona da ikusteko. Lastima horrexegatik jendea galanki izaten duela. Goizeko bost t´erdik-seiak aldera etorri ezean ez duzu hemen tokirik harrapatuko.
El encierro desde la calle Santo Domingo

© Anna Nelubova 

Zezen plazatik

Zezen-plazan bukatzen da entzierroa. Azken zatia den arren, oso erosoa da hara joatea zeren ibilbide osoa ikusteko pantailak baitaude eta, gainera, bigantxa ikuskizun dibertigarria egiten da gero. Sarrera ordaindu behar da plazara sartzeko.

Entzierroaren aurreko denbora musika banda batek girotzen du eta oraindik lotara joan gabe entzierroa gaupasa eginda ikusten dutenen eszena bitxien lekuko izan daiteke.
El encierro desde la plaza toros.

© Mikel Ciáurriz 

Telebistan

Entzierroa ikuskizun gisa, egia erran, telebistatik ikusten da hobekien. Besteak beste, osorik ikusten delako, zera, eta ez metro eskas batzuk balkoi batetik bezala. Gainera telebistatik errepikatu egiten dituzte une interesgarriak, kamaralentan. Entzierroak zuzenean ematen dira RTVEn eta behin eta berriz errepikatzen dira goizean eta hemengo albistegi guztietan. Bertatik bertara, berriz, ezer gutxi ikusten da, oso entzierro mantsoa ez bada behintzat. Baina zer arraio! merezi du halere.

Lasterketan parte hartu baduzu eta suertean ibiltzen bazara, agian zeure burua ikusiko duzu telebistan, bideoan grabatu eta etxera etorrita lagunekin harrokerian ibiltzeko modua izanen duzu.

Entzierroaren bidetik, behintzat, ez saiatu entzierroa ikusten

Hor besteentzat arrisku bat besterik ez zara izanen.

Ver el encierro desde el recorrido no es una buena idea.

© Rodrigo Sebastián Cabrera 

Kontuan hartu entzierroa izugarri ikuskizun laburra dela, osotara pare bat minutu baizik ez, normalean. Badaezpada erraten dizugu: ez etsitu, egia erran, ez baita ezer askorik ikusten. Giroa da dastatu beharrekoa: deiadarrak, eta zezenak pasatzen direnean somatzen den beldur usain orokorra.