Tim Pinks, premio Guiri del Año de Sanfermin 2016.

Tim Pinks ingelesa, Kukuxumusuk 2016ko sanferminetako Urteko Giria izendatuta

Tim Pinks ingelesak Urteko Giri XIII. saria gozatuko du 2016ko sanferminetan, urte bakoitzean Kukuxumusuk eta Sanfermin.com-ek festekiko zaletasunagatik nabarmendu den atzerritar bati ematen dioten golardoa, zeinek bere hamahirugarren edizioko garailea palmaresean Jean-Pierre Gonnord frantziarra ordezkatuko duen zutabe-egile eta idazle hori izanen baitu.

Sariaren berri izan ondoren, Pinksek umore ingeles onez agertu zuen bere harridura: “Ni ez bainaiz giria… Ilusio handia egiten dit eta, bestalde, uste dut oso dibertigarria dela. Beharbada ez naiz PTV (betiko iruindarra) eta ez dut odol nafarrik, baina PMV (bizitza gehieneko iruindarra) naiz nolabait eta, sinets iezadazue, zainetan patxaran anitz dut odolaren ordez”.

Tripolin (Libia) 1962an jaiota, Pinksek 1980an ezagutu zituen sanferminak James Michener-en “The Drifters” liburuaren bitartez, zeinek Iruñeari eta 60ko hamarkadako festei buruzko kapitulu bat baitu.“Ezin nuen sinetsi horren Erdi Aroko festa batek, ‘party’ batek, XX. mendera arte iraun zezakeenik. Neure buruari esan nion joan behar nuela eta 1984an bidaiatu nuen lehen aldiz Iruñera. Sinestezina suertatu zitzaidan bizi izan nuena eta 33 urte geroago, bat ere huts egin gabe, sinetsi gabe jarraitzen dut. Niretzat sanferminak Lurreko paradisu bat dira, eta Iruñea eta bertako jendea, unibertsoko hoberenak”.

Tim Pnks oso ezaguna da sanferminak bisitatu ohi dituzten atzerritarren artean. Izan ere, hainbat komunikabidetan, Diario de Navarra edo Sanfermin.com-en, kolaboratu du ingelesez festari buruz idatzi dituen artikuluez eta sanferminei buruzko liburu pare bat -oraingoz- argitaratu du: “Bullseye”, 2012koa, 2012an ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz editatua, eta berriena, ‘Once upon a time in Pamplona’, 2015ekoa.

Tim Pinks, en la época en la que aún corría el encierro.

Sanferminei buruz idazteaz gain, entzierroa du bere grina handietako beste bat. 1984an ekin zion lasterka egiteari eta 1999an utzi eta hau aitortu du: “Inoiz ez nintzen lasterkari ona izan, baina tentela ere ez, eta nire une magikoak izan nituen. Horren animalia jator eta handientsu horiekin lasterka egitea ohore eta plazera izan zen. Dinosauroekin egitea bezala izan zen agian. Karrikan nire lasterraldi on bakanetako batean aritu eta hegan egonen banintz bezala, hegazkinik gabe baina, sentitzea ere gogoratzen dut”.

Pinksek uztailaren 9an jasoko du saria, aurreko urteetako garaile guztiak gonbidatuta. Han Pinksek San Fermin festei egin dien ekarpenaren giltza eta saritua izateko arrazoiak azaltzeko aprobetxatzen ahalko du: “Festari eman diodana?: nire gorputza, nire gogoberotasuna eta hiri batekiko eta bertako jendearenganako eta festarekiko nire maitasuna. Garrantzitsuena ez da eman dudana, baizik eta hiri eder batetik, jende ikaragarri batengandik eta festa paregabe batetik jaso dudana”.

Aurreko edizioetako saridunak

2004 – Carmen Alicea (Puerto Rico/Australia)
2005 – Lore Monnig (AEB)
2006 – Lars Ingvar Jungefors (Suedia)
2007 – Manfred Walloschke (Alemania)
2008 – Massaoud Sbai el Idrissi (Maroko)
2009 – Frank Taylor (Erresuma Batua)
2010 – Chiyoshi Sugawara (Japonia)
2011 – John Patrick Hemingway (AEB)
2012 – Catherine Donell (AEB)
2013 – Jean Louis Douenne (Frantzia)
2014 – Anna Nelubova (Errusia)
2015 – Jean-Pierre Gonnord (Frantzia)
2016 – Tim Pinks (Ingalaterra)