John Patrick Hemingway Urteko Giriaren sariduna

Kukuxumusuk gaur, uztailak 10, Giri Daya ospatuko du, atzerritar guztiei omenaldia egiten dion eguna, alegia; eta, ekitaldian, John Patrick Hemingway idazle estatubatuarrari eman dio Urteko Giriaren VIII. Saria, duela 50 urte hil zen Ernest Hemingway Literatura Nobel saridunaren ilobari, hain zuzen.

Europa jatetxean eman diote saria, eta han izan dira aurreko urteetako sarituetako asko, baita Kukuxumusu enpresaren ordezkari batzuk ere, hala nola, Mikel Urmeneta, Koldo Aiestaran eta Gonzalo Domínguez de Bidaurreta, baita Mister Testis ezaguna ere.

Sarituetako batzuk


Bertaratuen artean, sarituetako batzuk egon dira: Frank Taylor (2009) eta bere emaztea Sheila; Massaoud Sbai el Idrissi (2008); Lars Ingvar Junfefors (2006) eta bere semea, adiskide suediar batekin; Chiyoshi Sugawara (2010), lagun batekin, Charo Martínez nafarrarekin, hain zuzen; Lore Monnig (2005), Manfred Walloschke (2007) eta bere emaztea Isabel Aguirre. Ezin izan da etorri Carmen Margarita Alicea (2004), aurten ez baita Sanferminetara etorri.

 

Sariagatik hunkituta

Saria jaso ondoren, John Patrick Hemingwayk hunkituta eman zituen eskerrak eta pozik zegoela adierazi zuen “munduko toki askotako jendea biltzen duen arren bakea eta adiskidetasunaren baloreak mantentzen dituen jai bat delako”. Hemingwayren esku-hartzearen ostean, bertaratuek opariak trukatu zituzten. Hunkigarriena Chiyoshi Sugawarak jaso zuena izan zen, Kukuxumusuko langileek Japoniari babesa emateko mezuak idatzi baitzituzten kamiseta batean, martxoan lurrikara handi bat jasan zuen eta.