Frank Taylor Urteko Giriaren irabazlea

Kukuxumusuk 2009ko Giri Day ospatzeko, Dogmersfield-eko Frank Taylor ingelesari Urteko Giriaren saria eman dio. Taylorri sari hori Kukuxumusu firmako bazkide sortzaile eta sortze-zuzendari den Mikel Urmenetak eman dio, Iruñeko Europa jatetxean ospatu den Giri Day ekitaldian.

Ospakizunean eta ondorengo bazkarian aurreko edizioetako hainbat saridun ere izan dira, hala nola Lore Monnig estatubatuarra (2005), Lars Ingvar Jungefors suediarra (2006), Massoud Sbai El Idrissi marokkoarra (2008) eta Manfred Walloscke alemaniarra (2007). Horien artean, Ernest Hemingwayren Nobel saridunaren biloba John Patrick ere izan da.

Frank Taylorrek 79 urte ditu eta Sanferminetara berrogeigarren aldiz etorri izana Kukuxumusuk ematen duen Urteko Giri saria jasoaz ospatu du. Sariaren entrega-ekitaldia Europa jatetxean izan da. Ekitaldia ilundu egin du goizeko entzierroan gertatu den Daniel Jimeno Romeroren heriotzak. Izan ere, Iruñean entzierroko lasterkari gisa emaniko 25 urteetako batean, 1975eko uztailaren 9an alegia, Gregorio Gorriz zezenak adarkadaz hiltzen ikustea suertatu zitzaiola gogoratu du Frank Taylorrek.

Saridunaren adiskide hurkoenekin batera, Kukuxumusuko hiru ordezkari ere bildu dira ekitaldira: Mikel Urmeneta, Koldo Aiestaran eta Gonzalo Dominguez de Bidaurreta, hirurak ere bazkide sortzaileak.