Chiyoshi Sugawara Urteko Giriaren irabazlea

Uztailaren 10ean protagonismoa sanferminetara datozen eta jai hauek irrikaz bizitzen dituzten atzerritarrek izan zuten. Eguneko ikusgarri nagusian, Marrazkien Fabrikak Urteko Giriaren VII. Saria Chiyoshi Sugawara japoniar argazkilariari entregatu zion Europa jatetxean.

Ekitaldian aurtengo sarituarekin batera, haren lagun batzuk egon ziren -Carlos Gil, Charo Martínez eta Arancha Sola besteak beste-, eta, eurekin batera, aurreko urteetako giri sarituak ere: Lore Monnig iparamerikarra (2005), Manfred Walloschke (2007) alemandarraren Isabel emaztea eta hiru semeak, Massoud Sbai El Idrissi marokoarra (2008) eta Frank Taylor (2009) eta Sheila bere emaztea.

Saria Mister Testisek eta Kukuxumusuren hiru sortzaileek –Mikel Urmeneta, Gonzalo Domínguez de Bidaurreta eta Koldo Aiestaran– entregatu zioten. Eta sari ematearen ondoren, bazkaria egin zen giro ezin hobean eta hurbildutako lagunek ederki pasa zuten kantuan eta gorputzak astintzen.

Aurtengo saritua, Chiyoshi Sugawara, argazkilari turistikoa da eta 1986 urteaz geroztik etorri izan da sanferminetara. Malagar lagun batek inbitaturik, Ernest Hemingway idazlearen figuraz interesaturik iritsi zen Iruñera baina, gure hirian, festaren inguruko guztiak harrapaturik eta liluraturik gertatu zen. Horregatik etorri da ia urtero gurera.